Pintoreak

Bengoetxea Carriedo, Aurora

Palentzian jaio zen artista hau 1943an, eta Donostian hil zen 1991ko otsailaren 18an.

1949an, Donostiara joan zen bizitzera bere sendiarekin. Irakasle-ikasketak egin zituen Donostian 1957tik 1960ra. 1968-1969 ikasturtean zehar, Arte Ederrak ikasi zituen Bartzelonako Massana eskolan.

OHOko (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakasle bihurtu zen, eta margolanak egin eta ikusgai jarri zituen. 1979an Londresera joan zen bizitzera, eta 1981 eta 1985 artean Arte Ederretako lizentziatura eskuratu zuen Londreseko Chelsea Schooll of Art-en. 1986tik 1988ra Arte Ederretako master bat egin zuen Londreseko Royal College of Art-en.

Banakako erakusketei dagokienez, nabarmentzekoak dira honako hauek: Palentziako Atrakzio eta Turismo zentrokoa, 1973an; Salamancako Ateneokoa, 1974an; Donostiako Euskadiko Kutxakoa, 1975ean; Valentziako G. Comte galeriakoa, 1988an; eta Londreseko Flaxman Galleryn egindakoa, 1987an.Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu zuen Brasilen, EAEko hiriburuetan eta Londreseko hainbatetan, hala nola: Britain painters 88 erakusketan, Cadogan Contemporaryn, 1989an; Colourful Women erakusketan, Leicesterren 1990ean; eta, 1990ean baita ere, Mothers erakusketan, Birminghanen, Cleveland Galleryn eta Carlisleko City Museum and Art Galleryn.

Donostiako Dieciseis galeriak erakusketa bat egin zuen 1992ko urtarrilean, eta San Telmo museoak omenaldi-erakusketa bat egin zuen 1997ko maiatzaren 18an. Zenbait bildumatan jasota dago bere lana: Sheffield City Art Galleriesen, C.A. Martin Associatesen, Londreseko American Express Banken eta Gipuzkoako Foru Aldundian.