Pintoreak

Bengoa Garteiz, Francisco

Etxebarrin, 1907ko maiatzaren 12an, jaiotako margolari bizkaitarra. Bartzelonan hil zen bihotzekoak jota, 1987ko abuztuaren 5ean.

Hamalau urterekin hasi zen margotzen, eta Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen ikasketak.

Beste artista batzuekin batera, Unión-Arte taldea sortu zuen, erakusketak antolatzen dituenak. Horrez gain, Bizkaiko Artisten Elkartearen eta Euskal Akuarelisten Elkartearen fundazioan parte hartu zuen, eta azken horretan, Martinez Vazquez, Miguel Farre, Ricardo Baroja eta Urbezo ezagutu zituen. Casasen, Ucelayren eta Gustavo de Maezturen ikasle izan zen.

1927an, Bilbon "Lanaren" Txapelketan Zilarrezko Domina irabazi zuen, eta 1944an, "Unión-Arte" domina. "Vidrieras Decorativas" zuzendu zuen, teknika hori sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, Deustuko Unibertsitatearen kaperako beira-lanak eta Elorrion San Valentin de Berriochoa beatoari dedikatutako beirateak egin zituen.

Erakusketa ugaritan parte hartu zuen, Espainian, Frantzian eta Txekoslovakian. 1949an, Bilbon erakusketa egin zuen, S. de Albirekin eta Juan de Arosteguirekin batera, eta 1951ean, Madrilgo "I Bienal Hispanoamericana de Arte" erakusketan izan zen. 1971-72 urteen bitartean, Euskal Artearen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Barakaldoko Udalak antolatu eta babestu zuena, eta hiru urte beranduago, "XXXV Exposición colectiva de la Agrupación de Acuarelistas Vascos" erakusketan izan zen, erakusketa areto berean.

Bakarkako erakusketak ere egin zituen, Bilboko Windsor galerian 1972an eta 1974an aurkeztutakoak, adibidez. Horietako lehena dela medio, R. Iñurriak erakusketaren katalogoan honako hau idatzi zuen:

"Francisco Bengoaren margoak hausnarketara eramaten gaitu. Mihiseen aurrean geratu beharra dago, ohartu ahal izateko obrak ariman sakondu nahi duela epidermisean baino eta bere obra eta ikuspegi zintzoa eskaintzeko arrazoiak ikusteko, nahiz eta horretarako teknika errazak eta efektistak erabiltzearen tentazioari uko egin behar izan dien".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Bi urte geroago, Bilboko Arte Aretoan erakusketa egin zuen, eta artistak berak bere asmoei buruz honako hau adierazi zuen:

"ibiltzea, ez nire burua nekatzeko, atseden hartzeko baizik, mendiaren gailurrera iritsi ostean, paisaiaren gozamen adierazezinean murgiltzeko, bertan sartzen bainaiz, ez ikusle soil baten moduan, baizik eta paisaiaren parte saihestezina banintz bezala. Eta tontorrera heltzean, haranetik ibiltzean edo herriren batean geldialdia egitean (penitentziarik gabeko bidaiaria naiz), nire ariman begi sentikorragoak jaiotzea nahiko nuke, azpian dagoen barne paisaian barneratzeko gaitasun handiagoa izateko, nire begi fisikoek epidermisa baino ez baitute ikusten".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Hurrengo urteetan, bakarkako erakusketak egin zituen, hainbat aretotan: Bilboko Bay-Sala galeria, 1975ean; Gasteizko Tartalo Arte Galeria, 1976an eta Bay-Sala galeria, berriz ere, 1977an eta 1985ean. Azken horretan, 38 olio pintura, 10 eskultura eta zirriborro ugari aurkeztu zituen eta baita narrazio poetikoez osatutako liburu bat ere, beraren bizipenen isla dena.

Urte horretan, Sociedad Bilbaína elkarteak omenaldia egin zion, eta 1986an, Bartzelonara bizitzera joan zen. Bertan, Gernikako tragediari buruzko koadro bat margotu zuen, 1987an bonbardaketaren 50. urteurrenean aurkeztu zena. Urte berean, bere lehen erakusketa egin zuen Bartzelonan. Erakusketa antologikoa izan zen, eta La Pinacoteca galerian aurkeztu zuen. Erakusketa hori dela medio, artistak bere egoeraren gaineko hausnarketa egin zuen, Evocación izeneko testu batean:

"Euskadi berdetik Bartzelona koloreanitzera egindako lekualdaketaz oraindik osatu gabe nagoela, euskal margolari naizen heinean, Erakusketa Antologikoa eskaini didate. Lotsa eta ohore sentipenak gaindituta, La Pinacoteca galeriari eta erakusketa hau egi bihurtzen lagundu duten guztiei bihotzez nire eskerrona adierazi nahi diet.

Eta une pozgarri hauetan, berezitasun eta trebezia artistikoei erreferentzia egin beharrean -nire obran halakorik baldin balego- edo kulturaren alde egin beharrean, nire ibilbide piktoriko zabalean izandako bizipenak gogora ekarri eta etsipenez oroitzen ditut, adiskide kutunak aurkitu eta gozatzeko aukera eman didan xede komun batek gidatutako ibilbide honetan zehar. Nola ez oroitu, garai hartako pentsamoldea nolabait irudikatzearren, Miguel Farre akuarelista eta aditu paregabea, Ricardo Baroja atseginaren bakarrizketak, Benito Barrueta euskal margolari sakonaren adiskidetasun preziatua (bermeotar talaiarena), horren profil nabarmena zuen Gustavo de Maezturekin izandako topaketak... Jose Mª Ucelay eta beste hainbat izen? Gizonak, esentzian gizonak, interpretatzeaz eta antzemateaz gain, sentimenduen eta jakimenaren bikaintasunekin gozarazi ninduten pertsonak hain zuzen ere, umiltasuna bertute nagusi zutenak. Etsipenez oroitzeaz aparte, esperientzia horiek bizitzen ditut eta nire egiteko eta pentsatzeko moduan eragina dute oraindik ere, eta batzuetan, pentsatu ere egiten dut horizonte berriak irekitzea mirespenaren, bihotzaren eta sentiberatasunaren ondorio dela, arrazoimenaren ondorio baino".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horiek izan ziren horrenbestetan Euskal Herriko paisaiak margotu zituen artistaren azken hitzetako batzuk. Heriotza hurbil zegoela antzemango balu bezala, iraganari errepaso soila eman zion, baita lagunei, sustraiei eta faltan botatako gauzei ere.

Artistaren lana hainbat liburutan aztertu izan da, esaterako: Manuel Llano Goroztizaren Gran Enciclopedia Vasca. La pintura vasca, Luis Madariagaren Pintores Vascos eta Mario Angel Marrodanen Pinceles de Vasconia.