Literatoak

Bellido Cormenzana, José María

Donostian (Gipuzkoa) jaiotako idazle, antzerkigile eta musikaria. Hiri hartan bertan hil zen (1992) eta XX. mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadan hiriko kultura-dinamikan parte hartu zuen.

Kontakizunak idazten hasi bazen ere, antzerkia izan zen denbora askoan bere deiera eta ahaleginaren xede. Antzerkirako obra ugari idatzi zituen, bere garaiko korronte errealista gaindituz eta bestelako antzerki-moldea proposatuz, alegoria, sinboloa eta marrazki fantastikoa aldarrikatuz. Jose Maria Rodriguez Mendez antzerkigileak dioenez, kritikak Bertolt Brechten jarraitzailetzat jo zuen Bellido.

Lehen ikaskuntzako maisu izan zen (1942) eta Zuzenbideko lizentziatura baitaratu zuen (Valladolideko Unibertsitatea, 1944). Horrez gain, eleaniztuna izaki (besteak beste, errusieraz hitz egiten zuen, haurtzaroan ikasi baitzuen), itzultzaile eta zuzentzaile izan zen Parisen UNESCOn egindako oposizioak irabazita (1951-1953). Frantziako hiriburuan hainbat urtez aritu zen lanean Julio Cortazar idazlearekin batera, eta bizitzan zehar era guztietako lanbideak izan zituen. Hala ere, antzerkigintzatik bizitzen saiatu zen etengabe. Haatik, gazte zela funtzionarioa izan zen bere jaioterriko udaletxean. Erbestean hainbat urte igaro ostean, instituzio hartara itzuli zen, jadanik aro demokratikoan, eta erretiroa han hartu zuen.

Espainiara itzuli ostean (1953), landa-ostatu bat zuzendu zuen. Baina, berehala, urte hartako amaieran, Europan zehar bidaiatzeari ekin zion berriro, bidaia-agentzia bateko interprete gisa. 1955ean autobus bat eskuratu zuen eta gidari eta interprete gisa Europako hainbat herrialdetan zehar bidaiatu zuen (Austria, Belgika, Frantzia, Alemania, Norvegia, Holanda, Italia, Ingalaterra, Suitza, Danimarka). Halaber, antzeko bidaiak egin zituen Ekialde Ertainean eta Ipar Afrikan zehar. Dena den, ez zuen antzerkia albo batera laga eta, denbora laburrez izan bazen ere, bigarren mailako aktore gisa parte hartu zuen garaiko antzerki konpainia espainiar batzuetan: Lola Membriles, Maria Asquerino eta Irene Lopez Heredia. Berak aitortutakoaren arabera, denboraldi bat lerro bakarra idatzi gabe eman bazuen ere (1952-1960), kulturari buruz zituen ideiak agerian geratu ziren tokiko Unidad egunkarian. Oso gazte zela hasi zen egunkari hartarako idazten (1942), eta El Diario Vasco egunkarirako ere idatzi zuen, hemezortzi urtetik aurrera.

1960-70 hamarkadako bizitza kulturalean parte-hartze aktiboa izan zen. Hala,1963an Donostian editatu zen Noray literatura-aldizkariko talde eragileko kide eta bertako erredaktore izan zen. Halaber, Pio Baroja Eleberrigintzako Sariko sortzaile eta epaimahaikide izan zen. Saria estreinatu zen urtean (1961) ez zen irabazlerik izan eta bertan behera geratu zen. Urte hartan Donostiako Ramos liburu-dendak antolatutako "Espelunca" saria irabazi zuen, El acuerdo de Zubieta (1963) ipuinari esker. Sariketa horretan Luis Martin-Santos eleberri idazle eta psikiatra izan zen epaimahaiko buru. Urte berean irabazi zuen Antzerkigintzako Gipuzkoako Saria, Fútbol izeneko lanari esker (1962). T.E.U. antzerki-taldeak obra hori estreinatu zuen Donostian, Jaime Azpilicuetaren zuzendaritzapean. Era berean, bere narrazio-lanek ere izan zuten zeresana bere garaian, izan ere, bere eleberriekin finalista izan zen entzute handiko hainbat sariketetan, besteak beste, Planeta, Nadal, Sésamo, Café Gijón edota Leopoldo Alas. 1960an "Rumbos" kontakizun-sariketa irabazi zuen eta 1970ean Donostian ospatutako Nazioarteko Antzerkigintzako Jaialdi polemikoan (Zero Jaialdia izenez ezagutzen dena) parte hartu zuen. Jaialdi hori polemikoa izan arren, Bellido berak garaiko prentsan aipatu zuenez, Espainiako kritikak antzerkigintzaren arazoari errepara ziezaion balio izan zuen.