Olerkariak

Basterra y Zabala, Ramón de

Euskal poeta, pentsalari eta diplomatikoa; Bilbon jaio zen 1888ko martxoaren 14an; Madrilen hil zen 1928an, sormen heldutasunean bete-betean zegoela, gaixotasun mental batek jota. Eritasunak Basterraren bizitzaren azken urteak baldintzatu zituen, eta etorkizun handiko ibilbide intelektuala hautsi zuen.

Aita ere gazte hil zen; abokatua eta diputatua izan zen, eta literaturarako joera zuen; semeak joera horren trebetasunak jaso zituen. Urduñako Jesuiten ikastetxean ikasi zuen, eta han Estanislao Maria de Aguirre publizista ezagutu zuen. Hamazazpi urte zituela, eta On Kixote (1905) obra agertu izanaren IV. mendeurrena zenez, lehen literatura txapelketa irabazi zuen Al Ingenioso Hidalgo Don Quijote de la Mancha izenburua zuen soneto batekin; han klasizismo zalea zela argi geratu zen. Bilboko hiriari buruzko zenbait testu idatzi zituen, bertako herritarrentzat eta garaiko erreferentzia nagusiei buruzkoak.

Hiri horretan Ramon de Basterraren Lagunen Elkartea sortu zen, eta denboran jarduera finkatuan aldaketarik ez zuen izan, soilik Ramón de Basterra y nosotros (1998) liburua argitaratzea, Gregorio San Juanen eskutik.

Bilbon Kale Nagusitik Casilda parkerantz sartzerakoan jarritako monumentuak Bilboko poeta omentzen du; Juan Ramon Jimenez Literatura Nobel saridunak beti zorroztasuna eta zentzu poetikoa aitortu zion Basterrari, bera izan baitzen Diario del poeta recién casado liburu famatuan balio onenak antzematen lehena:

"Uste dut (zihoen JRJ-k) liburuak benetako sakontasuna duela, batez ere bigarren partean. Basterra izan zen hori sentitzen lehena eta Italiatik idatzitako eskutitz batean jakinarazi zidan. Liburua plazaratu zenean kritikariek ez zuten onartu, eta beste olerkigile batzuek, aldiz, hamar urte behar izan zituzten konturatzen hasteko".

Basterra eta Jose Ortega y Gasset bat etorri ziren Andaluziako poesiaren liburu ezagunena deskribatzerakoan; metafisikoa, zalantzarik gabe Basterraren kasuan, existentziaren gaineko kezkak azaltzen zituelako. Bizi osoan eta enbaxadetatik, diplomatiko lanetik bueltatzen zenean, Basterra Plentziako etxean egon ohi zen (Butroiko Camposena).

Existentziaren gaineko kezkak bizi guztian izan zituen, eta hortaz, guztia jarri zuen zalantzan, baita ikasketen norabidea ere. Valladolid eta Salamancako unibertsitateetan Zuzenbidea ikasi zuen, eta azken zentro horretan lizentziatu zen 1909an. Bere ametsa ez zen Zuzenbidea ikastea, eta horrela jakinarazi zion Unamuno errektoreari, laguna baitzuen. Euskal filosofoari bidali zizkion eskutitzetako batean sentitzen zuen ezinegonaren berri eman zion, Letrak ikasi behar zuela sentitu baitzuen. Hala ere, Zuzenbide karrera bukatu zuen, baina ez zuen abokatu gisa lan egin; zegozkion oposizioak egin ondoren, Kidego Diplomatikoan sartu zen (1915). Berehala abiatu zen Espainiak Vatikano Hirian zuen enbaxadara, eta han egon zen 1917ra arte. Urte bereko urriaren bederatzian Aita Santuarekin bildu zen, eta hark San Gregorio Handiaren Ordenako Zaldun izendatu zuen. Erromako egonaldiak sinesmen erlijiosoak finkatzeko giroa eman zion, eta aldi berean, inperio ideien multzoa zabaldu zuen.

Ordezkaritza diplomatiko lanetan beste bi euskaldunekin egon zen, Fermin Calbeton Blanchonekin (enbaxadorea) eta Pablo Churrucarekin. Karrera diplomatikoari esker Europa osoko jende eta pentsamolde desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen; izan ere, karrera bukatu eta berehala egonaldi luzeak egin zituen hainbat herrialdetan, hizkuntzak ikasten jarraitu nahi zuelako (Frantzia, Alemania, Ingalaterra, Belgika, besteak beste) eta pentsamenduaren eta filosofoaren garapenaren berri izan nahi zuelako.

Basterrak Lion d'Oreko tertulian parte hartu zuen Bilbon. Han beste bilbotar ospetsu batzuk ere elkartzen ziren eztabaidatzeko eta ezagutza trukatzeko, esaterako Pedro Mourlane Michelena -kazetari irundarra-, Manuel Ramirez Escudero, Joaquin Adan, Juan de la Encina -arte kritikaria eta historialaria-, Jose Felix de Lequerica -gerora Francorekin enbaxadore izan zena-, Esteban Calle Iturrino, Pedro Eguillor, edo Joaquín de Zuazagoitia, frankismoan Bilboko alkate izan zena. Guztiek zuten literaturarako bokazioa eta Europatik eta Grezia eta Erroma klasikotik zetozen ideiak aztertzeko interesa.

Basterrak arreta osoz eta kritikotasunez irakurri zituen pentsamendu obra asko, gazte-gaztetatik, eta une horretako intelektual gorenetako bat zen. Goethe, Unamuno, Ramiro de Maeztu, Ortega y Gasset edota Eugenio d'Orsen aldeko zaletasuna azaldu zuen, baita Spinozaren aldekoa ere; Pedro Eguillor bilbotarrak gaztetatik eman zizkion ikuspegi berriak ikusteko eta ikasteko grina, eta beti zordun sentitu zen.

Basterra Pirinioetako Eskola Erromatarra deitutakoaren parte zen, baina egia da eskola hori ez zela inoiz existitu; besterik gabe, zibilizazio grekolatindarraren zenbait balio partekatzeko aspirazio eta asmoa besterik ez zen izan. Eskola horrek ez zuen hitzaldirik, ikastarorik edo eztabaidarik antolatu (beste elkarte batzuen antzera), kafearena salbu, eta ez zen tribuna onena, Bilbon zegoen bakarra izan arren. Hedabideetan ere ez zen modu horretan agertu, eta kultura klasikoa miresteko plaza besterik ez zen izan; taldearen asmoak biltzen zituen manifesturik edo adierazpen formalik ere ez zuten izan, garai haietan horrelakoak modan egon arren. Baina Jose Carlos Mainer irakasleak azaldu zuen moduan, Erromako idealak biltzeko asmo hartan biltzen ari zena gerora Espainiako Falange talde faxista izan zen. Lion d'Oreko hizlari kualifikatuek, esaterako Pedro Mourlane Michelenak -Jose Antonio Primo de Rivera, Juan Manuel Aizpurua eta Rafael Sanchez Mazasekin batera Arriba egunkariaren sortzaileak-, edo Lequericak bat egin zuten ideologia falangistarekin. Fernando de la Cuadra Salcedo, talde bikain hartako intelektual sakonena, edo Jacinto Miquelarena kazetaria ere, joera ideologiko horretako kide ziren; Jose Maria de Areilzak ziurtatu duen moduan, Pedro Eguillorek asmo paramilitarra oihuka aldarrikatzen zuen bileretan.

"1917tik gutxienez (idatzi zuen Areilzak) [Eguillorrek] kafetegiko aulkitik zihoen Estatua gobernatzeko ardura hartuko zuen koronelen taldea beharrezkoa zela".

Ez da arraroa ondoren hastapenetako frankismoak Basterra mitografia ideologikoaren erreferentetzat jotzea, Ramiro de Maezturekin batera. Hain zuzen ere, 1917an Erromatik itzuli zenean Bilboko idazlea Hermes aldizkarian idazten hasi zen (Jesus de Sarria eta Sota familiak bultzatutakoa); zehatzago esateko, Paseos romanos izeneko atala hasi zuen. Aldizkari horretan (1920) Basterrak bere izaera eta munduaren aurrean zuen aldartea definitzen dituen esaldi bat plazaratu zuen: "Malenkoniaren iheslaria naiz", eta adierazpen horrek gehiago hurbildu zuen Albert Dureroren parera, lehen frankismoko intelektualen altzora baino, soilik memoria erabiltzeko deitzen baitzioten. Bestalde, Basterrari, aipatutako Eskolako taldeari bezala, Eugenio d'Orsek aldarrikatu zuen novecentismoa neurrigabe interesatzen zitzaion.

Elene Ortega euskal historialariak Bilboko poetari buruzko tesia osatu zuen, eta Basterra ezagutzeko eta kokatzeko liburu interesgarria argitaratu zuen: El prófugo de la melancolía. La poesía de Ramón de Basterra (Bilbo, 2001). Ortegak, halaber, Basterrari buruzko hainbat lan osatu ditu, eta olerkigileak Bilbo mundura irekitzeko aukera eta indarra zuen ideia azaldu du, Bilbori olerkiak, nostalgia eta makina bat artikulu eskaini baitzizkion, maitasun bereziarekin. Gainera, Elene Ortegak Bilbao, Hércules niño Basterraren liburua editatu eta hitzaurrea idatzi dio, Ediciones El Tilok argitaratua (Bilbo, 1998); lan horretan idazleak Diego Lopez de Haro jaunaren hiriari buruz idatzitako guztia laburbiltzen da.

Basterraren gorabeherei erreferentzia eginez, Jose Maria Salaverria idazleak Bilbo hiriari "adimen eder erabili gabeen hilerria" izatea leporatu zion (1930). Egia da gizon bat hain gazte hiltzean adimena alferrik galtzen dela, baina Basterra garaiko Europako ideien bideari adi-adi jarraitu zien intelektuala izan zen. Egia da, halaber, egileak ez zuela garaiko gizartean inolako oihartzunik izan, baina Basterrak eragin handia izan zuen Bilboko intelektualen taldean. Basterra Alemaniara joaten zen eta itzultzerakoan batzarkideei pentsamenduaren nondik norakoak azaltzen zizkien. Zuazagoitia lagunak Alemaniatik itzultzean bizitako une horiek gogoratzen zituen, "Goetheren ikasle baten zurruntasunarekin, Artxandaren aterpean Weimar txiki bat girotzearekin amestuz". Baina Bilbok ez zituen elite intelektualaren errepublika sortzeko baldintzak betetzen, Basterrak berak ere azaldu zuen moduan, malenkoniaz, Los Navíos de la Ilustración saiakeran (1925). Obra horretan (Basterraren obra handienetako bat, Caracasen argitaratutakoa), Muniberen proposamenez Enciclopedia-ren pentsamendu librearen loratzeak EAEn izan zuen eraginaren aldarrikapen argia egin zuen. "Weimar-en (zihoen Basterrak) eman zen XVIII. mendeko Ilustrazioko ideala modu argienean, toki erdi hirikoa, erdi landatarra zen", eta gaineratu zuen: "Pirinio espainiarrak Weimar propioa izan zuen Azkoitiko hiribilduan".

Erromako kulturaren aldeko joeraz gain, Basterra Spinozaren ideien hedatzailea eta interpretea ere izan zen. Besteak beste, Juan Ramon Jimenezen testigantzak (1935) islatzen du hori, eta euskal idazleak filosofiaren ezagutza kritikoa zuela nabarmendu zuen:

"1913an, biok ikasleen egoitzan bizi ginela (Madrilen), Ramon de Basterrak Spinozaren Ética liburua utzi zidan, eta bere oharrak ere bazituen, izpiekin, ezpatekin, geziekin eta lerroekin. Liburuak, halo dinamiko harekin, goizeko ipar eguzkia zirudien. Ramon de Basterrak bazuen ekialdeko botere altua, goizeko eguzkikoak bezalakoa. Halaber, beti gehiegizkoa eta sekretua ere bazen. Berarekin ezinezkoa zen. Bera da nire lagun onena, eta memoriaren goraipamen politena."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Testigantza honek islatzen du Basterrak zekien guztia; nahiz eta idazleak osatutako olerkia, formalki, beti eredu klasikoa imitatzen saiatu, esaterako Quevedo maisuarenaren parekoa, abangoardien bideei ere erreparatu zien, beste lan batzuek erakusten duten bezala, esaterako Pyrenaica obrak. Idazlumaz idatzitako obra da, estetika oso orijinalekoa, baina edukia, obra gehienetan bezala, espiritua amets tontorretara igotzeko nolabaiteko etengabeko aspirazio neorromantikoa da.

Jose Maria Salaverriak (1935) Madrileko El Sol egunkarian argitaratutako artikulu batean Basterra inguratu zuen pertsonaiaren gertuko erretratua egin zuen:

"Samurtasunerako eta olerkigintzarako jaio zen, ume nagusia zen bezala mimatuta egotera ohituta zegoen, eta paisaia, bereziki jaioterriko paisaia, modu erlijiosoan sentitzen zuen; begiratzeko egin zen, abesteko, alaitasunerako eta adiskidetasunerako, haize misteriotsuen indarrak toki arraro eta gogorretara nabigatzera eraman zuen. Bizitzak lortuago ematen du, baina funtsean, oker bat baino ez da; Ramon de Basterrak, gainera, patologia ere aurka izan zuen. Babesgabe, Damoclesen mehatxu bidegabekoa eta ezin krudelagoa pairatu zituen, eta poetak, hala ere, zorigaizto propioa gainditu zuen. Modu ausartean bizi zen, alferreko kexari jarrera alaia, pentsakorra eta adeitsua hondatzen utzi gabe, eta zalantzarik gabe denboraren poderioz ikasiko eta miretsiko diren orrialdeak idatzi zituen, goi mailako obren parekoak."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Juan Ramón Jiménez edo Unamunoz gain, Basterraren obra bere garaian ere aintzat hartu zuten esaterako Ortega y Gassetek (agurrera joan zen intelektual bakanetako bat) edo Pedro Salinasek, Bilboko poetaren laguna zenak. Eta baliteke Salinas olerkigilearen testigantza honek dena esatea, "altzairuzko alaitasun desesperatua" poeta bilbotarrean gauzatu baitzuen:

"Basterraren heriotzak orri fin eta mehe bat apurtzearen soinua du, hauskorra; bizitzarekin borrokan aritu zen, eta ez zuen lortu bilatzen zuen bihotzean iltzatzea."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Zalantzarik gabe, poetaren osasun "hautsia" izan zen (gazte-gaztetan medikuek eritasun goiztiarra diagnostikatu zioten) pentsamendua garatzeko aukera errotik moztu ziona eta baita olerkiaren heldutasuna lortzea eragagotzi ziona ere. La sencillez de los seres (1923) bere liburuan lirika dekantatuena aurkitzen dugu, handinahikeriarik gabea, eraiki baino gehiago geroko poesiaren zati handiena apaintzen zuena. Izan ere, bere olerkietan ez da zaila XX. mende hasierako poeta frantsesen irakurketa antzematea. Liburu hori argitaratu eta handik gutxira, osasun krisialdia gainditu ondoren, Espainiak Venezuelan duen enbaxadara bidali zuten, eta han Peñafloridako kondeko prestakuntza eta proiektu ilustratuetara itzultzeko aukera izan zuen: Caracaseko Gipuzkoar Nabigazioko Errege Konpainia. Basterrak argitasun handiko saiakera osatu zuen, eta beste behin ere, ideia ilustratuen eta horiek EAEn izan zuten eraginaren aldarrikapena egin zuen; horrek ohar kritikoa jarri zien poetaren heriotzaren ondorengo hamar urteetan eta gerra zibila zela medio (1936) ideia obskurantisten erreferente gisa aurkeztu zutenei. Intelektuala ere gainbeheran zegoela islatzeko beste proba bat izan zen; Ilustrazioaren mendean Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen jokabidea ikustean, sozietateak izan zuen rol handia aitortuz horrela bukatu zuen: "kultura ez da inprobisatzen".

Lagunak eta kideak omen zirenek memoria hain modu nabarmenean erabili zuten, ezen, 1958an, Bizkaiko Foru Aldundiak Obra poética de Ramón de Basterra liburua argitaratu zuenean (Esteban Calle Iturrinoren ardurapean egon zen edizioa) akats larriak baitzituen, eta are gehiago Ángel María Ortiz Alfauk salatu zuen moduan, pasarteak moztu zituzten eta berariazko zentzura aplikatu zioten. El inquilino de Bilbao edo Elegía a la muerte del poeta Tomás Meabe (Juventudes Socialistaseko taldeko fundatzailea) bezalako olerkiak kendu egin zituzten liburu hartatik. Bi poemak gerora egindako aldaketetan jaso zituzten Ortiz Alfauk eta Tomás Ellacuríak (1967), lehen osaeren izenburua duen liburuan. Ramon de Basterra Plentziako etxean zegoen 1928ko udaberria, behin betiko osasun krisialdiak jo zuenean; handik Madrileko Santa Ageda Erietxera eraman zuten, eta bertan hil zen ekainaren 17an. Gorpuzkia Bilbora eraman zuten.

  • Las ubres luminosas. Bilbo: Miguel de Maeztu editorea, 1923. [Gustavo de Maezturen marrazki batekin].
  • La sencillez de los seres. Madril: Renacimiento, 1923.
  • Los labios del monte. Madril: Renacimiento, 1924. [Genero de Urrutiaren azala eta marrazkia].
  • Vírulo, poema de las mocedades. Madril: Renacimiento, 1924.
  • Vírulo, mediodía. Madril: La Gaceta Literariaren edizioa, 1926.
  • Las alas de lino. Madril: Editora Nacional, 1941. [Poema dramatikoa].
  • Obra poética de Ramón de Basterra. Bilbo: Bizkaiko Kultura Batzordeko argitalpenak, 1958. [Joaquin de Zuazagoitiaren eta Esteban Calle Iturrinoren hitzaurreak].
  • Llama romance. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko argitalpenak, 1971. [Guillermo Díaz-Plajaren edizioa eta hitzaurrea].
  • La obra de Trajano. Madril: Calpe, 1921.
  • Una empresa del siglo XVIII. Los Navíos de la Ilustración. Real Compañía Guipuzcoana de Caracas y su influencia en los destinos de América. Caracas: Bolívar argitaletxea, 1925. 2. ed., marrazkiekin: Espainiako Atzerri Ministerioa; 1987.
  • El inquilino de Bilbao. Bilbo: Gráficas Ellacuría, 1967. Angel Maria Ortiz Alfau eta Tomas Ellacuriaren edizioa, zenbakitua. [Gregorio San Juanen hitzaurrea].
  • Papeles inéditos y dispersos de Ramón de Basterra. Madril: Atzerri Ministerioko Argitalpenak, 1970. [Guillermo Diaz-Plajaren edizioa eta hitzaurrea].
  • Bilbao, Hércules niño. Bilbo: El Tilo edizioak, 1998. [Elene Ortega Gallarzagoitiaren hitzaurrea].

REMEROS

ASEN los largos palos de bogar con prestancia
noble, como lanzones, cuando entraron en Francia
o en el Milanesado los tercios de Castilla.
La dignidad humilde del oficio les brilla
en sus ojos azules de zafiros humanos.
Como cetros empuñan los remos en las manos,
igual que un almirante en las suyas nevadas,
sostendría el canuto de púas estrelladas
y el viejo embajador el haz de credenciales.
En orgulloso amor de oficio, son iguales.
Estos hombres de pena, que hacen orden con todo
su cuerpo y que se agitan en el mar y en el lodo,
tienen su afirmación triunfal de artesanía.
Como un rey que se yergue en los oros del día,
estos duros remeros del occidente vasco
se alzan, egregiamente, en tronos de peñasco.

(La sencillez de los seres liburuan).

  • AREÁN, Carlos Antonio. Ramón de Basterra. Madrid: Ediciones Cultura Hispánica, 1953.
  • AREILZA, José María de. Así los he visto. Bartzelona: Planeta, 1974.
  • CHAPA, Álvaro. La vida cultural en la Villa de Bilbao (1917-1936). Bilbo: Bilboko Udaletxea, 1989.
  • DÍAZ-PLAJA, Guillermo. La poesía y el pensamiento de Ramón de Basterra. Bartzelona: Juventud, 1941.
  • GULLÓN, Ricardo. Conversaciones con Juan Ramón Jiménez. Madril: Taurus, 1958.
  • JIMÉNEZ, Juan Ramón. Españoles de tres mundos. Buenos Aires: Losa, 1942.
  • ORTEGA GALLARZAGOITIA, Elene. El prófugo de la melancolía. La poesía de Ramón de Basterra. Bilbo: Bilboko Udaletxea, 2001. Bidebarrietako monografiak, 7 zbk.
  • ORTIZ ALFAU, Ángel María. Ramón de Basterra. Temas Vizcaínos bilduma, XIV urtea, 167 zbk. Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1988.
  • SALAVERRÍA, José María. Nuevos retratos. Madril: Renacimiento, 1930.
  • SAN JUAN, Gregorio. Ramón de Basterra y nosotros. Bilbo: Ramon de Basterra Elarte Kulturala, 1998.
  • TELLECHEA IDÍGORAS, José Ignacio. Cartas a Unamuno. Ramón de Basterra. Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1989.