Eskultoreak

Basterra Berastegui, Higinio de

Eskultorea. Bilbon jaio zen 1876ko urtarrilaren 11n eta hiri berean hil zen 1957ko otsailaren 18an.

Aita Serafin Basterra Eguiluz (Bilbo, 1859-1927) izan zuen eta ama berriz Felipa Berastegi Urrutikoetxea (Zeberio, 1852-Bilbo, 1893). Juana Arana Garay-rekin (Plentzia, 1877-Donostia, 1960) ezkondu zen 1902ko azaroaren 13an. Guztira zazpi seme-alaba izan zituzten: Juana, Higinio (marinel ospetsua), Begoña, Jose Ramon, Maria Concepcion (Bilbo, 1918-Santander, 1981), Jesus eta Juan Bautista.

Artean oso gazte zela nabarmendu zen. Familiako enpresan hasi zuen ibilbidea eta Bernabe de Garamendik eskaini zion babesa. Arte eta lanbide eskolan jarraitu zuen ikasten eta bertan eskolak eman zituen lehen ikaslea izan zen. 14 urte besterik ez zituela eman zituen eskolak, hain zuzen, emakumeentzako ikastaro batean. 1892-93 ikasturterako pentsio-lehiaketan parte hartu zuen eta Nemesio Mogrobejok irabazi zuen. 1898an, Foru Aldundiko, Udaleko eta Arte eta lanbide eskolako batzorde mistoak beka bat eman zion eta 1902 arte luzatu zioten gero. Parisko Julián akademian ikasi zuen eta Auguste Rodin-en jarraitzailetzat hartu zen. Haren eraginari esker, gainera, kontzientzia linguistiko sakonagoa lortu zuen.

Lehenengo motiboek familiako tailerraren jarraipen tradizionala islatzen dute; hala ikus liteke Garamendi panteoian (1898) edo Casilda de Iturrizari eta Lorenzo Mugicari 1901ean eginiko bustoetan. Hasierako lan gehienak idatzizko erreferentziei edo argazki zaharrei esker ezagutzen ditugu. Ikusgai jarri zuen lehen lana Un herido (1894) izan zen, ondoren jarraipena izango zuen langileen lekukotza erakusten duena. Paristik bidali zituen piezetan, Consuelo (el abrazo) piezan kasu, gai alegorikoak ageri dira, mendearteko modernismotik oso gertukoak direnak. Izaera funtzionaleko lanak egin zituen; esaterako, tximini bat. Pentsalaria lanaren egilearen eragina nabariak dira obra horietan. Tentazio inpresionista horiek erakusten dituzte profil kurbatuek, erritmo dinamikoek, gorputz biluziek, barrutik kanporako modelatu puztuek, xehetasun handiko soinek eta testurek; argiak uhinak sortzea eta zatika gelditzea eragiten duten testura horiek, hain zuzen. Irekitasunaren aldeko jarrera hori noizean behin bakarrik erabiltzen du eta enkargu tradizionalistekin tartekatzen du. Gai sozialak eta kostunbristak ez zitzaizkion arrotzak hogeigarren mendearen lehen hamarkadan. Batetik, langile eta meatzari taldeak egin zituen, Barrenadores (1907) izeneko obrakoak, esaterako. Bestetik, bertako kirolak ere islatu zituen, barra jaurtiketarena, kasu. Hain zuzen, Palankari izeneko eskultura (1912an egina), Gernikako Juntetxetik desagertu zen.

1911n, naturaletiko modelatzearen katedra lortu zuen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan, hiru hilabetez irudi biluzi bat modelatzen aritu eta gero lortu zuen katedra, artista hauekin lehiatu ondoren: Pascual Aurrecoechea, Federico Saenz, Juan Goitia eta Quintín Torre. Epaimahaia Julio Polo, Luis Lund, Antonio Aramburu, Luis Basterra, Manuel Losada eta Miguel Garcia de Salazarrek osatu zuten. El miedo izeneko lana deseginda dago orain, baina artistaren dohain plastiko handien erakusgarri zen. Pertsonaiaren tentsioa tonu epikoaren ukitu batez aztertzen du, garai hartan nagusi ziren kanonetatik asko urrundu gabe. Irakasle-lanetan aritu zen gerra zibila hasi arte. Kultura klasikoa sakon aztertu zuen; tailugile bertutetsua eta, aldi berean, modelatzaile interesgarria zela erakutsi zuen. Euskal Artisten eta Arte Plastikoen Zaleen Elkartean sartu zen 1913an. Elkarte horri, gerora, (1914) Arte Ederren Zirkulu eta Ateneo izena eman zioten eta bertako diruzain eta kontulariorde karguak izan zituen.

Tailerrean egindako lan asko sinatu zituenez, kalitate formalaren aldetik denak ez dira maila berekoak. Eskultore honetaz esan izan da jaso zuen trebakuntza garrantzitsua izan arren, ez zela bere ahots propioarekin heldutasunera iritsi, Bilbon Rodinekiko zaletasuna berari esker sartu bazen ere. Serafin Basterra aitaren tailerreko ekoizpen errepikakorrak oso emankorrak ziren garai hartan, baina murriztu egin zituen Higinioren hainbat trebetasun. Egiten zituen konposizioak nahiko oparoak eta konplexuak ziren. Pieza asko kanpoko interesen ondorio izan baziren ere, bazekien errepikakorrak ez ziren obrak egiten eta irudikapenik zailenak ere egiteko gai zen. Pieza ugari egin zituen; batez ere, elizetarako eta hilerrietarako. Aldi berean, hainbat kargu bete zituen; esaterako, Arte eta Lanbide Eskolako irakasle izan zen frankistek kargutik bota zuten arte, eta Erreprodukzio Museoan, berriz, katalogazio lanak egiten aritu zen.

Higinio Basterrak ekarpen asko eta askotarikoak egin zituen hilobi-eskulturetan; batik bat, konposizio eta planteamenduei zegokienez. Maestre familiari eskainitako hilobiak (1928) ziklo iradokitzailea bildu zuen, eta, hein batean, Brueghel-en eragina antzematen zaio. Eskulturaren goi aldean, guztia ikusten duen Jainkoaren erliebe bat dago, guztiaren jagole; badirudi, ordea, beste norbaitek egin zuela. Lurzoruaren mailan, tamaina errealeko bi irudi daude aurrera begira. Jarduera plastikoa goraipatzeko modukoa da. Anatomiaren modelatzea nahiko sinplea da, baina barne hanpadura eta erritmoa du. Modu paregabean egiten zituen oihalak, eta iluntasunaren erresuman itsu-itsuan dabiltzan emakumezko nahiz gizonezkoen biluztasuna azaltzen dute oihal horiek.

Higinio Basterra oso langile ona zen, eta langile eta ikasle ugari zituen, eskaera ugariei erantzun ahal izateko. Hark egindako hilobietako obrak Bizkaia guztiko hilerrietan daude. Higiniok, ordea, eskulturarik pertsonalenak soilik izenpetzen zituen; esaterako, Derioko, Begoñako, Deustuko, Gernikako, Santurtziko eta Plentziako hilerrietarako egindakoak.

Lanean hasi zenean, irakasle izan zituen neoklasikoen joerari jarraitu zion, Bernabe de Garamendiren omenez Begoñan egindako mausoleoan, kasu. Bernabe de Garamendi zena bizirik zegoela egin zuen. Haatik, ez zuten denbora jakin bat igaro arte jarri; hots, elizatearekin negoziazio korapilatsu bat izan eta aseguru etxeak esku hartu zuen arte. Obra horretan, ordena, lasaitasuna eta harmonia islatzen dira. Monumentuaren goi aldean aingeru iragarle bat dago, hatz bat zerurantz zuzenduta duela; oso egoera txarrean dago, ordea.

Gerora egin zituen lanek naturaltasun handiagoa zuten, baita erlijio gaietan ere. Azcueren hilobiko aingerua, esate baterako, oso gizatiarra da. Hausnarketa-jarreran dagoenez, Rodinen Pentsalariaren jarreraren eragina antzeman daiteke, nahiz eta modelatua oso desberdina izan. Errepertorio ikonikoa soilik bildu zuen. Eta hiruki forma duen monolito batekin lotu zuen. Elementu hori Canovak erabiltzen zuen, eta, oso elementu sinplea izateaz gain, oso apaingarri gutxi ditu.

Pedro Menchacaren hilobiko emakumea garai hartako pertsona bat da; ez du ezaugarri jainkotiarrik. Emakume horrek bere baitan biltzeko jarrera du. Zenbait pintura-konposizio ekartzen dizkigu gogora; esaterako, saregileena. Etsipenaren eta minaren isiltasunari aurre eginez, fedearekiko sinesmena indartu egin zen bi eskultura hauetan: Ibarrola eta Fernandez Unibaso familienetan. Bi hilobietan, Magdalena mindua eta dramatikoa belaunikatuta dago; horren bidez, gehiago balioetsitako modelatua eta lerro diagonalak sartu zituen. Lehenengo hilobian Magdalena gurutzearen aurrean dago, eta bestean, Bihotz Sakratuaren irudiaren aurrean.

Higinio Basterra eragin handiko eskultore emankorra izan zen. Dohain handiko artista zen eta bere arloa oso ondo ezagutzen zuen. Esfumatura eta lausodura bidez, sotiltasuna lortzen zuen, baina urruntasun eta hoztasun ukitu baten sentsazioa ere sortzen zuen. Urte gutxi batzuen ondoren, nagusi ziren gustu sozialen mende jarri eta lanak enkarguz egiten hasi zen. Berrikuntzetara erabat makurtu gabe, maila goreneko estatuagintzan jardun zuen, Rodinengatik zetozen bide berri inpresionista batzuk kontuan hartuta.

  • DE OLASCOAGA, F. "Higinio Basterra". Bizkaiko Monumentuen Batzordearen Aldizkaria, 1911.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Un monumento desconocido en Bilbao. En memoria de Bernabé de Garamendi". Asteburua Aldizkaria, Deia, 1999-08-20.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Escultura y escultores vascos (1875-1939)". Ondare. Arte Plastiko eta Monumentalen Koadernoak, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004, 23. alea, 91-138 orr.

Datu genealogikoak Iratxe de Arantzibia Hermosillak eskaini ditu.