Arkitektura

Bariko San Nicolas parrokia. Auritz

Auritzeko Bariko San Nicolas parrokia kale nagusian lekutzen da. Sute asko pairatu ostean, 1948. eta 1965. urteetan egindako konponketen ondoriozko itxura eraldatua ageri du, nahiz eta antzinako eraikinen arrastoak mantentzen diren. Horien artean bi leiho txaranbeldu burualdean eta gurutzaduraren ondoko atalean, Erdi Aroari dagozkionak; burualdean eta gurutzaduran, era berean, XVI. mendeko nerbio eta mentsulen aztarnak mantentzen dira; eta fatxadan XVII. mendeko portada izugarri bat ikus daiteke. Oinplanoari dagokionez, hiru ataleko nabe bat dauka, gurutzadura hartuz; eta beste bat burualde zuzenari dagokiona. Gurutzadura, oinplanoan nabaria, nabearen parean altxatzen da. Murruak silarrixkaz eginak eta luzitutako estalkia. Nabea ertz-gangak estaltzen du eta gurutzaduraren burualdea eta besoak ilargixkadun gangekin estaltzen dira. Korua oinean altxatzen da, eta lanekoa da. Oinplano angeluzuzena eta bi atal dituen sakristia modernora Epistolaren gurutzaduratik sartzen da, erdi-puntuko arku bat igaroz.

Kanpoaldetik begira, harlanduzko fatxadak pinoi erako amaiera du, pinakuluz inguratua. Pinoi horren erdian erlojua dago eta, gainetik, lauki formako dorretxo bat. Fatxadaren azpialdean 1699ko portada bat mantentzen da, estilo barroko klasikoa duena. Silarriak murruko mihise handiak erakusten ditu Ebanjelioaren aldean. Murru bakoitza idi-begiz hornituta dago eta kontrahormaz bereizita, gurutzadurari dagokion beso irtena ere ikusten dela.

Izan diren suteen ondorioz elizako tresneria galdu egin da. Dena den, jakina da 1843. urtean erretaula berri bat eraiki zela eta 1898. urtean elizako erretaulak dekoratu eta pintatu egin zirela. Egun geratzen den guztia modernoa da. Haatik, urregintzako pieza zahar zenbait mantentzen dira, sakristian gordetzen direnak. Esate baterako, XVIII. mendeko zilarrezko kaliza barroko bat, laua, udare formako korapiloa duena. Metal urrekarako kaliza bat, behe-errenazimenduko egitura garatua duena, eta landaretza-motiboz osatutako dekorazio zorrotzaz, barroko kutsukoa. Zilarrezko kopoi bat, errematean erronboide-formako gurutzea duena, XIX. mendekoa, 1819an, Frantziako inbasioaren ondotik, Orreagako kalonjeek parrokiari oparitutakoarekin identifika daitekeena.