Etnografoak

Barandiaran Aierbe, Joxe Migel

Alejandro de Arcaya. Etnografoa.

Ataunen jaio zen 1889ko abenduaren 31an. Etnografia eta historiaurreko ikasketetarako izan zuen zaletasunak On Telesforo de Aranzadiren ikaslerik argiena izatera eraman zuen, berarekin eta baita Enrique Egurenekin ere Euskal Herrian egin izan diren etnografia eta arkeologia ikerketarik gehienak eginaz.

Abade ikasketak Gasteiz eta Burgosko seminarioetan burutu zituen. Gasteizko Agirre Seminarioko Erretore eta Erretoreorde ere izan zen eta baita Seminario Conciliar-eko irakaslea ere. 1918an sortu zenetik aurrera Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kide izan zen. 1921ean, Gasteizen, gerora Etnografia laborategi emankorra izatera iritsiko zen "Anuario de Eusko-Folklore" sortzen du. Euskaltzaina eta Academia de la Lengua Española erakundeetako kide ere izan zen. Atzerrian, Brusela, Amberes, Munich, Kolonia, Innsbruck, Zurich, Berna, Viena, Ginebra, Roma, París, eta beste hainbat tokitan ikasketak ugari egin zituen.

Bere ikerketa-lan harrigarriaren arabera, behingoan nazio- eta atzerri-erakunde anitzetako kide izatera iritsi zen, adibidez: Real Sociedad Española de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Asociación Catalana de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Asociación Española para el Progreso de las Ciencias; Real Sociedad Española de Historia Natural; Sociedad Ibérica de Ciencias Naturales; Société Française d'Etnographie; Folklore Society; Consejo Permanente del Congreso Internacional de Ciencias Antropológicas y Etnológicas. Handik gutxira, Enciclopedia Espasa-n bere lankidetzari hasiera ematen dio. 1917an Aranzadik eta Egurenek osatutako lehendabiziko ikerketa-taldekide da. Armoniarik handienarekin hogei urtetan zehar elkarrekin lan egiten dute. 1936tik Saran (Lapurdi) atzerriratuta bizi da, handik urte batzuetara bere sorterria zen Ataunera itzuli ondoren San Gregorio Auzoko Sara-enea etxe berrian bere bizilekua ezarriz. Aranzadi Natur Zientzien Elkarteko pertsonarik ospetsuenetako bat zen. Bere bibliografia ikaragarri zabala da: Mario Grande eta Luisa Esteban de Grande-k 1966an katalogo zehatz bat argitaratu dute: "La obra escrita de D. José de Barandiarán. Bibliografía. Medio siglo de Investigaciones Arqueológicas y etnográficas (1916-1966)". Liburu, liburuxka eta artikuluen zerrendak 248 titulu ezberdin biltzen ditu. Lan eta idazlan asko bereak dira edota A. Agirre eta M. Grande; T. Aranzadi; J. Elosegi eta Fernandez Medranorekin elkarlanean egindakoak. Bere liburuetatik interesgarrienetariko bat El hombre Primitivo en el País Vasco izan zen, B. Estornes Lasa-k Zabalkunde Bildumarako agindu, eta bertan 1934an argitaratutakoa. Pio Baroja-k bere "Memorias" izenekoan aipatzen du bere jatorri eta irakurleekiko uste erabat okerrak eginaz. Lan hau, guztiz gehituta, Ekinek 1953an Buenos Airesen El hombre Prehistórico en el País Vasco izenburupean argitaratu zuen.

Bere bibliografia itzelaren artean aipagarria da Auñamendi Bildumako "El Mundo en la Mente Popular Vasca" bilduma handian argitaratutako 12, 18, 27 eta 49 aleak; Mitología Vasca, Minotauro, 1960; Mari o el Genio de las Montañas, San Sebastián, 1923; Breve historia del hombre primitivo, Gasteiz, 1931; Paletnografía Vasca, San Sebastián, 1921; Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales, Vitoria, 1924; La Etnología y las Misiones, Vitoria, 1935; Antropología de la población vasca, Sara, 1947; Cuestionario para un estudio etnográfico del pueblo Vasco, Sara, 1949; Aspectos sociológicos de la población del Pirineo Vasco, Bayona, 1953-57. Kobazulo eta historiaurreko indusketen azterketei buruzko ikerketak dira Barandiaranen lanaren zutoina. Lan kopuru garrantzitsuaren artetik Santimamiñe, Aitzbitarte, Lezetxiki, Ermitia, Jentiletxeta, Lumentxa, Urtiaga, Altxerri eta Ekaini buruzkoak aipa ditzakegu. Bi liburu, gutxienez, euskaraz idatzi zituen: Euskalerriko leen gizona (Zarauz, 1934) eta Eusko-Mitologia, San Sebastián, 1924. Halaere, bere folklore lanaren zati handi bat ahoz jasotako euskal kontakizun ikaragarrietan datza, informazioa eman duen bakoitzak izandako hizkera berezia jasota egonaz.

Bere Ikuska aldizkarian ohiko egutegiari eta herri desberdinetan ziren eguneroko zereginei buruzko ikerketa sakon eta baliogarriak aurkitu ditzakegu, horiek guztiak fideltasun eta metodoz bildutako lehen mailako ikergaiak izanik. 1960ra arteko bibliografia osoa, izenburuen alfabeto ordenaz Enziklopedia honetan ikus daiteke eta 1966ra arte kronologia ordenan ezarrita M. eta L. Granderen gorago aipatutako lanean. Ondorengo datetarako "Munibe" eta "Anuario de Eusko-Folklore", ikusi beharra dago, biak Donostian argitaratuak. 1963an Academia Errante-k bere jaioterrian omenaldi bat egin zion, geroztik zegokion liburua Auñamendi Bilduman, Itsatsia, 4-5 zkian, bere ikasle izan ziren On Julio Caro Baroja, Angel Cruz Jaka, Ignacio Zumalde, Luis Peña Basurto, Vicente Urcola, Juan José Lasa, Juan Ignacio Uría, Jorge Oteiza, José M.ª Busca Isusi, Luis Martín Santos eta Ignacio M.ª Barriola-k argitaratuz. 1964 eta 1966an Bizkaiko Aldundiak Aitken, Apraiz (R.), Areitio, Arocena, Atauri, Alzola, Boch, Descheemaeker, Hoyoz (Nieves), Laborde, Lasa, Lecuona, Pericot, G. de Diego, Grande, Gárate, Giese, Castro, Peña, Goyeneche, Michelena, Méroc, Lafón, Castillo, Mañaricua, Riquet eta Ondárroa Jaunen euskal gaiei buruzko hogeita hamar artikulu inguruko bi ale zeuzkan omenaldi-liburu bat argitaratu zuen. Barandiaran "Gymnasiuros", "Anuario de Eusko-Folklore", "Eusko-Jakintza", "Ikuska", "Hojas de Eusko Folklore" aldizkarietako zuzendaria izan da. "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco"-rekin lanean jardun izan du, mitologia eta arkeologiari buruzko artikuluak argitaratuz.

Gipuzkoako urrezko domina jaso zuen eta 1982ko abuztuaren 23an lurraldeko seme kutunaren titulua ere. 1984an Ataungo seme kutuna izendatua izan zen. Eusko Ikaskuntzako lehendakariaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Gasteizko Teologia Fakultateko Doctor Honoris Causa.

2004ko maiatzean, Sareko lapurditar udalak Guéthary museoaren alboan XX. Mendeko euskal margolari handien 14 lan biltzen ziren erakusketa bat antolatu zuen, guztiak On Jose Miguel de Barandiaranen ohorez. Margolarien artean, Chillida, Ruiz Balerdi, Zumeta, Juan Luis Goenaga, Amestoy, Cárdenas y Donezar.

On Jose Miguel de Barandiaran Ataunen hil zen 1991ko abenduaren 21ean.

BEL