Kontzeptua

Bando-Gerra

Bando-gerra aztertzen hasi aurretik ezinbestekoa da kontzeptua bera argitzea, izan ere, tradizionalki izen horren baitan barneratu izan ditugu erdi aroan zehar Euskal Herrian jazotako hainbat gatazka.

Horrela, zentzu hertsian, bando oinaztar eta ganboatarren nobleen arteko gatazkak barneratzen dira izendapen horren baitan, arrazoi nagusi batek bultzatuak: "gehiago izatekoa". Lope Garcia de Salazarren Bienandanzas e Fortunas (borrokak aztertzeko eskuragarri dugun iturri nagusia) irakurri ostean horixe da ondoriozta daitekeen lehen adiera. Dena den, interpretazioaren bilakaera ere adierazgarria izan da. Anekdotikoa baino ez den aipamen batetik (gertaera-kronika bat) leinua baten nahiz bando baten logika azaltzeraino pasa gara (Caro Baroja, 1974; Marin, 1998), hau da, funtsean ahaidetasunean edo sasi-ahaidetasunean oinarritzen zen komunitate baten logika azaltzeraino, non bortizkeria endemikoa zen (Dacosta, 2003). Beste interpretazio-ildo bat hartuta, nobleen arteko gatazkak erdi aroko errenta-krisiaren testuinguruan kokatu dira, horrenbestez, Europan hedatutako fenomeno bat litzateke. Modu horretan, gatazken tokiko interpretazioa atzean utzi eta leinuek elkarren artean lehian aritzeko zituzten arrazoiak testuinguru batean kokatzen dira (Diaz de Durana, 2004).

Azken interpretazio horrek, gainera, beste ikuspegi interesgarri bat zabaltzen du: Bando-gerrak ez lirateke soilik nobleen arteko borrokak, baizik eta jauntxoek "arruntaren" (landa-munduan edo hiribilduetan) gainean egindako presioaren ondorioak erakutsiko lizkiguke eta baita presio horretatik eratorriko liratekeen jauntxoen aurkako mugimenduak ere. Finean, nobleen arteko borrokatik gatazka sozialera igaroko ginateke.

Bando-gerra nobleen arteko gatazkatik haratagoko fenomenoa dela aintzat hartzen duen ideiari jarraiki, azken urteetan asko idatzi izan da leinu-bando eta hiribildu-ermandadeen arteko harremanari buruz. Hala, hark hiriguneetan izandako eraginaz gogoeta egiteaz gain, aintzat hartu izan da gatazka pixkanaka lurraldea sozial eta politikoki antolatzeko bi formulen arteko lehia batera bideratu izana. Formula horietako bat landa-eremuko leinuek bultzatzen zutena litzateke eta bestea hiriguneko patriziatuak defendatua. Horrek azalduko luke gatazken amaiera aldera arrazoibide nagusia ermandadeen eta ahaide nagusikoen arteko lehia izatea, are, azken horiek barneko bando-zatiketak gainditzeraino (Achon, 2006). Interpretazio horrek gatazkaren azken ondorioak azpimarratuko lituzke, hots, Lurralde Historikoak sozial eta politikoki antolatzeko modua azpimarratuko luke, eta foru-kultura zer-nola sortzen den, hain zuzen, euskal lurralde ezberdinetan ahaide nagusikoen eta ermandadeen artean gatazkak ebazteko modu berezien ondorioz.

Hala bada, nobleen arteko gatazkaren gainazalaren azpian bando-gerra horiek hartzen dituen agertokia askoz ere konplexuagoa dela aintzat hartuz, nire ustez, hiru dira aipatu gerren inguruan egun ditugun ezagutzen berri emateko azaldu beharreko itemak:

  1. Ahaide nagusikoak, leinu eta bandoen buruak, ahaidetasunean egituratutako komunitate-kontzeptu bat baitaratzen zutela eta gure lurretan jauntxoaren monopolioa zutela gurari.
  2. Bando-gerrek bilakaera izan dutela, hala, lehen fasetan jazoera isolatuak (bidelapurreria, gaizkileak, lehia partikularrak, etab.) izan ziren gatazkaren adierazle nagusiak; azkenean, ordea, jaurgoan oinarritutako estamentu bat finkatzearen alde edo aurka egoteak nahiz Lurralde Historikoa sozialki eta instituzionalki antolatzeko ikuspegi ezberdina izateak gatazka Bando eta hiribilduen arteko lehia batera eraman zuten.
  3. Gatazken amaieratik, lurralde bakoitzeko aldaera adierazgarriak aintzat hartuta, gure Lurralde Historikoen sorrera eta aro modernoan zehar izan duten garapena ulertzeko ezinbestekoak diren gakoak eratortzen direla.