Kontzeptua

Bando-Gerra

"Gauzak ikusteko modu bat izan zen gatazkaren amaiera ekarri zuena, eta ez leinu batek beste baten aurrean lortutako garaipena" (Aguinagalde, 1998, 159. or); (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).Uste dut esaldi horrek bikain islatzen duela Bando-gerren amaiera nola interpretatu behar den. Horrela bada, ez da leinu zehatz batek beste baten aurrean izandako garaipena. Berez, hainbat adibidek erakusten dutenez, guztiak (ahaide nagusiek, mendekoek, landa-leinuek, kapareek eta hiriko patriziatuek) antolakuntza berrira egokitu ziren, zuzenean Gorteetara joz nahiz probintziako lurraldean geratuz. Antolaketa berri horretan ere etxea zen zutabe nagusia, izan ere, kultura etxetiar horretan etxea goretsi egiten zen eta familia-estrategia bideratzeko gune berritzat jotzen zen. Modu horretan, "gehiago izateko" modu berri bat sortu zen.

Dena den, lurralde-mailan adierazgarriena zera izan zen, ermandadeek eta probintziako instituzioek proposatutako antolaketa korporatibo hori nagusitu egin zela probintziako gobernuan. Hala, bandoen eragina maila sinboliko batera murriztu zen, baita hiribilduen barnean ere (Achon, 2006, 234-235. or.). Antolaketa korporatibo berri horretan nagusiei jauntxo izaeraren monopolioa ukatzea izan zen elementu kultural enblematikoena. Jakina, era berean, horixe izan zen nagusien ereduarekiko bateraezintasun gehien agertzen zuen elementua eta epe luzera eragin handiena izan zuena. Aitzitik, kaparetasun kolektibo bat finkatu zen, hots, estatutu pribilegiatua lurraldean barna hedatu zen. Hala, probintziak orube nobletzat jotzen ziren eta bertatik ernamuintzen zen bertakoen askatasun izaera. Horrenbestez, bertatik ernamuintzen zen bertakoen erabilera eta usadioen arabera gobernatzeko eskubidea, koroarekiko harremanean inolako jauntxoren bitartekaritzarik gabe.

Hurrengo mendeetan ikuspegi horrekin bat zetorren bilbadura instituzionala garatu zen (tokiko korporazioak, Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak) eta foruak sendotu ziren (tokian tokiko formalizatze-mailarekin). Foru horietan probintziako autogobernuaren edukia, jatorria eta irismena zehazten zen, autogobernu hori monarkia katolikoarekin nola uztartzen zen azalduz. Gure Lurralde Historikoak eratu ziren.