Kontzeptua

Balsa

Balsa, ziurrenera, XIX. mendeko dantza ezagunena izan zen Europan. Horrez gain, mendebaldeko musikaren historian eragin handiena izan zuen dantza da apika, minuetaren salbuespen eztabaidagarriarekin.

Gaur egun, bere jatorria oraindik ez dago erabat argi. Dena den, tesi nagusiaren arabera, Germaniako sustraiak ditu, nahiz eta terminoa ez zen gardentasun osoz agertu XVIII. mendeko amaierara arte. 1820-1850 bitarteko hamarkadetan bizi izan zituen dantza horrek urrezko aroak, batez ere, Strauss eta Joseph Lanner autoreei esker. 1919an hasi zen generoren gainbehera, Inperio astro-hungariarraren gainbeherarekin batera (Lamb, datarik gabe).

Konpas hirutarrekoa da eta abiadura nahikoa azkarrekoa. Bikotean dantzatzeko dantza, non bikotea erabat independentea den, etengabe bira egiten du baina erabateko askatasuna du mugimenduaren noranzkoari dagokionez. Baskoniara ere iritsi zen balsa eta arrakasta itzela ukan zuen zalantzarik gabe. Iztuetak halaxe hitz egin zuen hari buruz, nahikoa goiz:

"duela hogeita bost urte Madril hustu egiten zen algara batean, suitzarrak Gortearen inguruko bentetan jira-biraka ikusteko, haize-errotak baino bira gehiago emanez" (1824:135)

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Balsaren erritmoak ospe itzela ukan zuen, hala, erritmo hirutarrean edo zatiketa hirutarreko erritmo bitarretan dantzatzen zen edozein euskal doinu, sarritan, balsaren antzera interpretatzen zen eta, are, hala izendatzen zen, nahiz eta balsaren ezaugarririk ez izan. Fenomeno horrek hainbat doinu ezagun harrapatu ditu, esate baterako, Lantzeko Inauterien hasierakoa.

Hala ere, lotuan egiteko dantza zenez, arazoak izan ziren elizako agintariekin eta agintari zibilekin, ezmoraltzat jotzen baitzuten. Argi dago garai hartako gizartean dantza hori aukera paregabea zela sexu ezberdinen arteko harremanak finkatzeko. Alde batetik, kontaktu fisikoa zegoelako eta, beste alde batetik, bikoteak sentitzen zuen intimitate eta independentziagatik, agian bigarren arrazoi hori zelarik garrantzitsuena: bi gorputzen arteko sintonia hori bilatu nahia, eta soilik bi horiena, (gaur egun horren ohiko eta ezaguna ez dena) hainbat dantzei esker ahalbidetu zen lehen aldiz, esate baterako, balsa, polka, mazurka, habanera edo ezkotixari esker. Horietan, goiztiarragoa zen kontradantzan ez bezala, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa. Dantza horien artean, ziurrenera, balsa izan zen Baskonian gehien hedatu zena. Hala, baltseo hitza erabili izan da lotuaren sinonimo gisa (argi dago baltsatu hitzak euskaraz, alde batetik, "nahastu" esan nahi duela eta, beste alde batetik, "lokaztu", biak ere oso egokiak kasu honetarako).

Ildo horretatik, aski kontu jakina da hastapeneko Euskal Alderdi Jeltzaleak dantza lotua kanporatzeko ahalegina egin zuela, izan ere, dantza arrotza zela irizten zuen, Euskal Herriko dantza soltearen aldean. Ikus dezagun, horri dagokionez, 1913an Euzkadi aldizkarian alderdiak emandako arrazoi bat (Baigorri 1913):

"Gizarteko izenarekin izendatzea erabaki dugun dantza horrek, inolako esanahirik ez izateaz gain, lokal itxietan egiten da eta, hori, nahikoa arrazoi da unagarri, asaldagarri eta antihigienikotzat jotzeko; dantza herrikoi edo tradizionalak balio historikoa izan ohi du eta aire zabalean dantzatzen da, horrenbestez, ariketa fisiko, osasungarri eta bizkorgarria da. Ikuspuntu artistiko, historiko eta higienikotik so, txistuaren eta danborraren doinuan dantzatzen diren ezpata-dantza, aurreskua, ariñ-ariña, larrain-dantza eta kalejira ezaguna nahiz Arrasate, Etxarri-Aranatz eta Lizarrako dultzainak tradizionalak valsa edo mazurka baino gehiago dira erruz. Aberriaren ideiako parte dira, hizkuntza bezalaxe; horrenbestez, bere purutasun osoan mantendu behar dira, dantza exotiko edo gutiziazkoekin aldatu gabe".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adibide batera, Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899), Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek, 2/4 erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Zehazki esatera, guztira hamar bals agertzen dira bertan, hau da, errepertorio osoaren %7,6a. XIX. mendetik XX. mendera bitarteko mende-aldaketaren inguruan maizago agertzen da danbor-jotzaile eta txistularien errepertorioan.

Txistulari aldizkaria Euskal Herriko Txistulari Elkartearen organoa da eta bertan XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako hiru errepertorio kaleratu dira. Lehenengoa Fernando Ansorena Izagirrerena da eta 1885eko datarekin agertzen da (Ansorena Miner 1996). Errepertorio horretan seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira guztira. Horietatik, ehun eta hirurogeita hemezortzi, hau da, pieza guztien %28,3a balsak dira. Horrela, genero nagusi modura agertzen da, habaneren, 6/8erako zortzikoen eta kontrapasen aurretik.

Beste bi koadernoak berantiarragoak dira (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991). Horietan, orokorrean, portzentaje handi samarra erakusten du balsaren generoak, hain zuzen 20,1 puntu. Dena den, kasu horietan 5/8erako zortzikoen kopurua handixeagoa da.

Txistulari aldizkariaren bigarren aroko lehenengo sei mila orrialdeak 1955-1998 bitartekoak dira (Agirregomezkorta eta Vesga 1998) eta, horiekin alderatuta, aldea nabarmena da. Hala, instrumentu horren ikuskeran izandako bilakaera argi ikus daiteke eta, baita euskal nortasunaren susperraldiak genero horretan izan zuen eragin handia ere, izan ere, nortasun horretan dantza soltearekiko atxikimendua agertzen da, lotua alboratuz. Modu horretan, hemeretzi bals baino ez dira agertzen hemen, hau da, errepertorio osoaren %0,9a baino ez.

Balsak Iparralden arrakasta handia ukan zuen, batez ere, Behe Nafarroan. Musikari ezagun askoren errepertorioan oso ugariak ziren balsak, esate baterako, Faustin Bentaberri (1865-1936) biolin-jotzaile eta klarinete-jotzailearenean eta baita bere iloba Jean Otheguy Lanyaburu biolin-jotzailearen errepertorioan ere, zeina 1956an hil zen. Jose Antonio Quijeraren arabera (2004:164-165), zonalde horretako igandetako dantzaldietan aurrezarritako ordena bati jarraitzen zitzaion II. Mundu Gerrara arte. Hala jauzien ostean, polka bat, ezkotix bat, mazurka bat eta bals bat interpretatzen ziren, hurrenkera horretan. Horien ondotik, gutxienez, lau kontra-iantza (hala izendatzen ziren tokiko euskalkian) dantzatzen ziren. Horiek amaitzean, berriz ere, polka batek hasiera ematen zion zikloari.

Azkenik, bals adibide bat ekarriko dugu hona, Miguel Angel Sagasetak (1977: 134 eta 138) gaztelaniazko hitzekin jasoa Luzaiden. Bernardo Lapeirek helarazi zion aipatu balsa, euskaraz hitz egiten zuen Iparraldeko semea. Bertan balsaren giro erromantikoa islatzen da eta baita dantza lotuari erantsita agertu ohi zen arazo zaharra.

Partitura