Aktoreak

Balenciaga, Carmen

1922ko otsailaren 21ean jaiotako aktoresa zumaiarra. Carmen 2000ko urtarrilaren 8an hil zen 77 urte zituela.

Betidanik izan zen antzerkizalea Carmen, eta askotan joan izan zen Valladolidera, Logroñora edo Madrilera antzerki lanak ikustera. Gerra ondoren antzerki munduan lan batzuk eginak zituen, adibidez, baziren herrian antzerkia egiten zuten bi leku: Parroquia eta Batzokia eta bertan, parte hartutakoa zen.

Bere zaletasuna bete-betean jorratzeko aukera, ordea, jubilatu eta berehala sortu zitzaion, XX. mendeko azken hamarkadan. Zumaiako Beheko Plaza gizarte zentroan bazen jubilatuek osatutako antzerki taldea: Itzurungo Uhinak. Itziar Maiora zen zentroko koordinatzailea, eta etxera joan zitzaion Carmeni taldean parte hartzeko aukera eskainiz. Berezko dohainak zituen horretarako, eta Maiora berehala ohartu zen horretaz. Lau antzezlan egin zituen herriko taldearekin: Ameriketako osaba, Debalde da amets egitea, Jesusen jaiotza eta Uste dinat, ya lo creo.

ETBn egin zioten elkarrizketa baten ondorioz, telebistakoak Zumaiara joan zitzaizkion proba bat egitera eta lehen aldiz telebistako serie batean lan egiteko aukera eman zioten, hain zuzen, 64 izeneko seriean; bertan, adinekoen egoitza bateko gorabeherak kontatzen ziren. Hortik ETBko bi serietatik deitu zioten: Jaun eta Jabe eta. Benta Berri. Beste bi serietan ere agerraldi laburrak egindakoa da: Gure familia eta beste piztia batzuk eta Misteriozko giltzak.

Telebistako aktore bezala ezaguna egin zen arren, beste hainbat lan ere egin zuen interpretazio alorrean, hala nola, 3 film labur, Insumisión, Huelga eta Torre; Días de humo luzemetraian, iragarkiak eta telebista zenbait lehiaketetan agerraldi laburrak egindakoa da.

Aktore lanetan ibilitako 12 urtetan hainbat sari eta omenaldi jaso zituen.