Kontzeptua

Balea-ehiza

Erdi Aroan geratu zen balea-ehiza dokumentatuetan erregistratuta ohiko jarduera modura.

Balea-ehizari buruzko lehen dokumentuak eskandinaviarrek eta euskaldunek eskaintzen dizkigute. Alde batetik, jarduera hori leinu nordikoekin lotzen da. Lehen erreferentzia IX. mendekoa da. Euskal kostaldean 1059. urtekoa da lehen dokumentazioa, Baionako azokan egindako balea-haragiaren salmentarekin lotutakoa. Egile batzuen arabera, normandiarrak izan ziren euskaldunak trebatu zituztenak jarduera horretan aritzeko teknikak irakatsiz, izan ere, normandiarrak Atlantikoko bazter honetan agertzen dira.

Erdi Aroak aurrera egin ahala, euskaldunak izango ziren balea-ehiza komertzialean aritzen ziren europar bakarrak.

Privilegio
Lonja 1920-1924

Egia esatera, lehen aipuetatik aurrera, balea-ehiza sarritan aipatzen da Euskal Herrian. Kostaldean arrantza eta itsasorako tradizioa zegoen, eta ez da harritzekoa bertan halako animaliatzarraren ehizan murgiltzea, antzinatik baitzen ezagun animaliak ekar zezakeen produktu aldetiko oparotasun eta aberastasuna.

Euskal kostaldetan euskal balea (Eubalaena glacialis) zen ohikoena. Balea horrek 15 metroko luzera izan zezakeen eta 70 tona arteko pisua.

Privilegio
Lonja 1920-1924

Itxuraz, XV. mendean balea-arrantza ez zen jarduera programatua izan, aitzitik, baxurako arrantzan garatzen zen jarduera osagarria zen, ontzi txikiekin egiten zena. Espezie txikiak harrapatzen zituzten. Hala, zetazeoak kostaldera inguratzen zirenean ehizatzera irteten ziren. Horrela, animaliarengana hurbiltzen ziren eta distantzia jakin batera kokatuta, arpoilari batek bere lana betetzen zuen.

Idatzizko dokumentazioan islatzen duenez, garai hartako hainbat erakunde jarduera horretatik probetxua ateratzen ahalegindu ziren, izan ere, jarduera burutzen zuenak etekin handiak erdiesten zituen. Horrela, Elizak eta Koroak altxorraren zati bat jasotzea ziurtatu zuten.

Idatziak alde batera utziz, Euskal Herriko hainbat hiribilduk balea-ehiza islatzen dute beren armarrietan: Hondarribia, Bermeo, Mutriku, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Hendaia, edo Miarritze dira horren adibide.