Kontzeptua

Balea-ehiza

Arestian esan bezala, Kantaurialdean balea-arrantza murriztuz joan zen aro modernoan zehar. Horrela, XIX. mendean harrapaketa kopuruak oso eskasak ziren. Azkena 1901. urtean harrapatu zen. Bestalde, baleak harrapatzeko asmoz itsas haraindira euskaldunek antolatutako azken espedizioak XVIII. mendean egin ziren eta porrot egin zuten.

Privilegio
Ballena

Euskaldunen tokia hartuta, holandarrak izan ziren nagusi balea-ehizan XVII. eta XVIIII. mendeetan. Baina, XVIII. mendetik aurrera, beste bi potentzia sortu ziren, britainiarrak (itsasoak menderatzen zituztela baliatuz) eta amerikarrak. Horiekin elkartu ziren norvegiar, errusiar eta japoniarrak. Arrantza-tokiak aldatu egin ziren, aro modernoko zonalde tradizionalak utzi eta Pazifiko eta Hego Atlantikora mugitu ziren.

Getaria

Teknika berriak agertu ziren harrapaketarako, esate baterako, 1867an agertutako arpoi-kanoia. Horri esker, errazagoa zen zetazeoak harrapatzea. XIX. mendean zehar balea-ehiza asko garatu zen eta, horren ondorioz, ugaztun kopurua nabarmen eskastu zen. Egoera aski larriagotu zen. Horrela, XX. mendean potentzia baleazale ezberdinek harrapaketak erregulatzeko ahaleginak egin zituzten. Horrela, 1937 harrapaketak mugatu egin ziren eta arrantza-irekiera datak finkatu. Beranduago, 1946an Nazioarteko Baleazaleen Batzordea (International Whaling Commission, IWC) eratu zen, mehatxatutako espezieak babestu, erreserbak mantendu edo harrapaketak mugatzeko xedez.

Orio

1986an moratoria bat finkatu zen, baleak helburu komertzialekin harrapatzea galarazten duena, baina komunitate jakin batzuei bizirauteko xedez harrapaketa egitea baimentzen diena (Kanada, Alaska edota Groenlandiako Indigenak), eta harrapaketa zientifikoak onartzen dituena. Hala eta guztiz ere, zenbait herrialdetan komertzialtzat jotzen diren ezkutuko harrapaketak egiten dituzte. Hori gertatzen da, besteak beste, Japonian.