Dantza

Baile del Plego

Dantza honek Nafarroako Tuterako Merinaldeko Ablitas herrian du jatorria. Esku artean daukagun deskribapen zaharrena Pedro Arellanok eman zigun 1933. urtean. Bertan, Baile del pliego izena erabiltzen du. Bere jatorrian, dantza hau familiartean edo lagunarteko bileretan egiten zen. Gaur egun, apirilaren asteburu batean dantzatzen da Ablitasko Foru Enparantzan.

Arellanoren arabera, dantza ondorengo moduan egiten zen (Arellano, 1933; 199):

"Los bailarines son dos, uno lleva prendido por detrás un trozo de papel; el otro una vela encendida en la mano. El primero comienza a bailar, cantando al mismo tiempo esta copla:

"Y no me quemarás,
el plego, plego, plego.

Y no me quemarás,
el plego por detrás."

El segundo, al compás, de la música y del canto, debe procurar quemarle al otro el papel con la vela encendida, cosa que difícilmente consigue por los rápidos movimientos que ejecuta."

Bizkarraren ipurtaldean papera eramaten duen pertsonak, ttottoriko saltoka eta mugimendu azkarrak eginez dantzatzen du, bizkitartean goian aipatutako bertsoak kantatzen dituelarik. Bestea, eskuan suzia edo kandela eramaten duena, bere atzetik dabil ttottoriko ere eta kantatzen du papera piztu nahian:

"Y sí te quemaré, el plego de papel".

Dantza honen jatorria tabernetan egiten ziren apustuetan datzaneko sinesmena dago Ablitasen. Herritarren arabera Mariano Baigorri izeneko ablitastarrak ("tío Negrala" izengoitiz ezaguna) asmatu zuen. Baigorrik apustu egiten zien bere lagunei ezetz sua eman atzean eraman behar zuen paperari. Eta horrela, deskribatutako mugimenduekin saihesten zuen aurkariaren kandelaren sua, apustua irabaziz eta beste apustularia ordaintzera behartuz. Hau guzti hau egia izanez gero, adibide ezin hobea litzateke ikusteko nola portaera partikular bat bilakatzen da ohitura herrikoia, herri osoaren ondarea bilakatuz.

Kontutan hartzen badugu dantzaren egitura, baile del plego delakoa "ttottoriko egiten diren irri-dantzen" esparruan koka genezake. Bere baitan dagoen dibertimendurako oinarriaz ohartuta (ttottoriko eta musikaren konpasean mugitzen den pertsona bat zeina atzekaldean lastoa edo paper bat daramana eta beste batek su eman behar diona eskuan eramaten duen suziarekin) Euskal Herrian zehar ematen diren beste dantza batzuei lotu dezakegu gure dantza hau. Haien artean Baztan Bailarako Bizkar-dantza, Garesko Tantin delako edota Otxandioko Ezetz ixetukoa- Baietz ixetukoa leudeke.

Irri-dantza hau oinarri hartuta, Ablitasko Mendianike dantza taldeak koreografia berri bat asmatu zuen. Dantza berri hau 1995. urtean estreinatu egin zen. Danza del plego berri hau neskek eta mutilek dantzatzen dute. Hiruzpalau aldez osatuta dago. Lehendabiziko aldean neskak eta mutilak plazaratzen dira. Mutilek paper haundi bat daramate sorbaldan gerrikotik zintzilik. Gero, bigarren alde batean, neskek suziak pizten dituzte eta saiatzen dira mutilen paperari su emanez. Honetarako erabiltzen den melodia Pedro Arellano dokumentatu zuen koplari dagokiona da. Bukatzeko, dantzariek jota bat dantzatuko dute plazan eta jotaren erritmoan aterako dira plazatik baina orain, bikoteka dantzatzen, korroan, inguru txiki antzeko bat dantzatuz.



  • ARELLANO, Pedro. Folklore de la Merindad de Tudela (Navarra). Donostia: Anuario de Eusko Folklore, 13 zbk, 1933.
  • ARANBURU, Mikel. "Tradición recuperada, tradición imaginada: la revitalización del Paloteado de Ablitas a la virgen del Rosario", en Fronteras y puentes culturales: danza tradicional e identidad social, Iruñea: Ed. Pamiela, 1998.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier y LARRINAGA, Josu. Danzas juego de Bizkaia. Argitaragabeko lana, Eusko Jaurlaritzak emandako bekarekin. [1988-89].
  • IRIBARREN, José Mª. Retablo de Curiosidades, 1954.
  • LARRALDE, Xabier y LARRALDE, Patxi. Baztango folklorea 1, Gráficas Loroño, 1991.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los Vascos. Bilbao: Caja Laboral Popular-Lankide Aurrezkia, 1978.