Politikariak eta Kargu publikoak

Bados Artiz, Balbino

Politikari nafarra, Peraltan jaio zen 1935ean eta Iruñean hil zen 2012an.

Balbino Badosek 1979an ekin zion bere ibilbide politikoari, orduan aritu baitzen lehen aldiz foru diputatu lanetan Union del Pueblo Navarro alderdiaren taldean. Kargu hori eutsi zion 1991ra arte. Lehen lerroko ibilbide politikoa 1996an bukatu zuen Senatuan hiru urte eman ostean.

Politika lanetan hasi baino lehen, Nafarroako Foru aldundiko hezkuntza sailean funtzionario bezala aritu zen, aurretik bere aitak egin zuen bezala alegia, Balbino Bados Garcia; maisu gazte hori San Martin Unxeko UGT sindikatuaren sortzailetariko bat izanik, Gerra Zibilean fusilatu egin zuten 29 urte zituenean eta haren gorputza Urbasako amildegira bota zuten matxinatuek.

Bados Artiz maisu eta zuzendari lanetan aritu zen Gareseko ikastetxe batean 1955etik 1970era bitartean, azken urte horretan Izarbeibarreko Bailarako Eskoletako zuzendari izendatu baitzuten. 1961etik 1965era bitartean Nafarroako Unibertsitatean Administrazio Hezkuntzako ikastaroak burutu zituen.

1979 foru hauteskundeetan UPN alderdiaren zerrendetako buru izan zen Iruñeko Merindadean eta diputatu izatea lortu zuen. Hautesleen aurrean lelo honekin aurkezten zuen bere burua:

"Por encima de las ideologías, el pueblo navarro: Debemos mantener y amejorar nuestros derechos, ¡DESDE NAVARRA! Instrumento: UPN, único partido no radicalizado ni sucursalista".

1979-1983 legealdian Legebiltzarreko laugarren idazkaria izan zen, eta honako batzorde hauetan esku hartu zuen: Hezkuntza eta Kultura (Ignacio Javier Gomara ordezkatuz) eta Araudia. Hurrengo bi legealdietan ere diputatu bezala aukeratu zuten eta horrez gain Legebiltzarreko presidente ere izan zen, Giza Eskubideen batzorde bereziaren presidentea (1983-1987), Hezkuntza eta Kultura batzordearen presidente ordea eta Nafarroako RTVEko batzordeko presidente ordea -1987-1991 legealdiaren lehen urteetan-.

1993an senatari aukeratu zuten eta kargu horretan lanean aritu zen 1996ra arte; bere agintaldian, hainbat batzordetan parte hartu zuen, Goreneko Ganberako Defentsa Batzordea, Komunikabideak eta Garraioa, Ingurugiroa eta Herri lanetarako Batzordea eta Arartekoarekin harremanak bideratzeko Batzorde mistoa.

Bere ibilbide politikoa 1979aren hasieran Jesus Aizpunek sortutako taldeari lotuta egon zen. Berez, Bados izan zen Aizpunen laguntzaile hurbilenetako bat. alderdi barruan oso pertsonai garrantzitsua izan zen eta presidente ordea aukeratu zuten "Navarra Unida" lelopean 1981eko azaroan burutu zen lehen kongresuan. Lehen kongresu horretan, Hezkuntza eta Kulturaren inguruko txostena aurkezteko ardura izan zuen eta bertan, hezkuntza zela eta, alderdiaren ildo nagusiak finkatzeko aukera izan zuen, batez ere hezkuntza elebidunaren alde eginez, horixe izanik 1986ko Euskararen inguruko Legearen hastapena.

Presidenteordeak zera defendatzen zuen:

"una decidida política de apoyo a su aprendizaje [el del euskera] y cultivo en las zonas en que todavía se habla[ba] y de fomento en el resto de Navarra (...). Para fijar el grado de incorporación del vascuence a la enseñanza de Navarra hay que partir de nuestra realidad lingüística".

Badosek euskarazko eremua bereizten zuen, bertan derrigorrezko hezkuntza mailan elebitasuna sustatzeko joera indartu behar zelarik. "Ukipeneko" eremuan derrigorrezko plangintzatik at gurasoei elebitasun hori bermatzeko aukera eskainiko zitzaien, beraiek hala eskatuz gero. Nafarroako bestelako eremuetan, eskola orduetatik kanpo euskara "ikasteko eta lantzeko" aukera eskainiko zen.

UPNko presidenteorde bezala aritu zen beste hainbat presidenteen agintaldietan, besteak beste, Ignacio Javier Gómara eta Jesus Aizpun. 1989ko III kongresuan Miguel Sanzek bere lekua hartu zuen, gerora hori alderdiko eta Nafarroako Gobernuko presidentea (1996-2011) izango zelarik.

Politikan hainbat urte eman ostean, Bados hedabideetan hasi zen lanean, Estatu mailako zenbait egunkaritan elkarlanean arituz. Azkenean, 2001etik 2008ra bitartean Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseiluaren kide ere izan zen, presidenteordea izatera ailegatu zelarik.

Azkenik, Nafarroako Ateneoren bitartez, hainbat kultura ekimen sustatzen, laguntzen eta zabaltzen saiatu zen, 1985ean erakunde horren fundatzaileetako bat izanik.