Sortzaileak

Azkue Aberasturi, Resurreccion Maria

Azkue uneoro arduratu zen literatura-hizkuntza bateratua sortzeko arazoarekin. Gaztea zela argitaratu zuen Euskal Izkindea (1891). Bere ustez jatorrizkoak diren aditz-formak erabiliz egindako gramatika.

Urte batzuk geroago Gipuzkera Osotua argitaratu zuen (1934-1935), literatura-hizkuntza bateratu horren oinarriak finkatzeko ahaleginean. 1918an argitaratutako Ardi Galdua eleberria euskara bateratu hori baliatuz idatzi zuen Azkuek, baina, egiari zor, ez zuen arrakasta handirik ukan. Idazle eta hizkuntzaren artista modura Azkuek ez zuen erdietsi lexikografian edota folklorearen arloan dagokion maila.

Agian, hastapenean, bere euskalkian idatzi zituen lanak dira balio handiena erdietsi dutenak, literaturaren ikuspegitik: Txirristadak, Vizcaytik Bizkaira, etab.