Olerkariak

Azcarate Otegui, Ramos

Euskal herri-olerkaria, Tolosan 1847ko martxoaren 28an jaio eta hiribildu berean 1904ko martxoaren 26an zendua.

Bere jaiotza eguna urte hartako Erramu egunekoa izan zen, eta jakina bere Ramos edota bizitza guztian zehar ezagutua izan zen Ramox izena abagune horretatik datorkio.

Lehendabizi liberala izan zen, baina gero karlista bihurtu zen eta bere bertso sen guztia bere idealak defendatzeko zein bere arerio zituen politikariak, bai liberalak bai integristak, errukirik gabe erasotzeko erabiliko ditu. Horregatik bere ekoizpen guztia, gehien bat behintzat, izaera politikokoa da eta bere garaiko aldizkarietan sakabanatuta aurkitzen da, batez ere "El Cántabro" izenekoan.

Euskararen zale amorratu ere agertzen da eta euskal pertsonaia historikoena ere. Esandakoaz gain, erlijio konposaketak, humorearen arlokoak, etab. ere baditu. Bere ekoizpenak ehunka bertso dira, baina beharbada guztietatik ospetsuena tolosar Inauterietarako Galtzaundi izenburuz egin zuena izan zen eta, izan ere, gaur egun oraindik abestirik herrikoienetariko bat dugu. Antzezpen lan bi ere egin zituen: La Batalla de Beotibar (Beotibar'ko Jazarra) eta Contrato y boda de gitanos (Ijituen Kontratuba ta ezkontza).

2004an, bere heriotzaren ehungarren urteurrena zela eta, Tolosako Udaletxeko Batzar Aretoan, bere gogorapenez ekitaldi bat ospatu zen. Ekitaldi horretan Galtzaundi Berriz ere izeneko liburua aurkeztu zen, Antonio Zabalarena, Sendoak Argitaratua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren sustapenez.