Militarrak

Ayanz y Beaumont, Jerónimo de

Gendulain, 1553 - Madril, 1613ko martxoak 23. Asmatzailea eta militar nafarra.

Euskal Herriko zientziaren eta teknikaren historian ez da naroa beraien gogo-etorri eta buru-argitasunarekin asmamen original eta handiak egiten lagungarri izan diren pertsona asko aurkitzea. Zehaztasunez, erratzeko beldurrik gabe, errealitateaz eta naturaz jabetzeko era berriak garatu zituztela berrestera eraman gaitzaketen gizasemeak. Jeronimo de Ayanz, egiaz, eurotariko -behar bada handiena- bat izan zen.

Nafarroako sendia aristokratikorik indartsuenetariko baten, Gendulain jaurerrikoa, bigarren semea izan zen, Madrilgo Gortean Felipe II erregearen morroi-zerbitzuan ibilia, bertan 1567tik 1571ra bitartean infante eta gazte nobleen instrukzio berbera jasotakoa. Ikasketek, aldi hartarako, nahikoa osatuak ziren: letrak eta arteak, teknika militarretan enfasi berezia ezarriz, bakarrik ez eze, XVI. mendean jakintza esparru zabal baten (astronomia, nautika, gotortzea, artilleria, etab.) zerabiltzaten matematikak ere izaten zituzten. Berehala irakaskuntza-esparrua nafar zindo haren dohaintzaz ohartzen hasi zen; behingoan Lope de Vega dramagileak idazten zuen bezala nuevo Alcides (Herkulesen izengoitia) eta burdingorrizko atzamarren zalduna izengoitiak irabazi zituen, hatz batez metal-platerak zulatzeko zuen gaitasunagatik.



Bere aitaren urratsei jarraituz, (ohoratutako militarra) bere instrukzioa amaitu eta berehala karrera militarra, edozein noblerentzako gizarte mailan gora egiteko, zalantzarik gabe, biderik garrantzitsuena zena, hasi zuen. Porrotak baino arrakasta gehiagoz hainbat kanpainetan parte hartu zuen: Goleta gotorlekuaren aldezpena, Tunez (1571), Lonbardia (1574), Flandes (1578), Lisboa (1580) eta Terceira uharteko itsas guda (1582), azken hauetan bere ekintza gogoangarriengatik nabarmenduz. Horiekaitik guztiekaitik, Espainiako ordenetatik garrantzitsuenetarikoa zen Calatravako Ordenaren (1580) zaldun-jantzia eta baita Ballesteros-eko, Ciudad Real (1582) eta Abanilla-ko Murtzia (1595) enkomiendak hartu zituen. Hala ere, ez zen etekinetatik bizi izan eta, 1582an, erregeari gurutzada militar berriak bezalako betekizun arriskutsuagoak eskatu zizkion, azkenik Murciako (1587) erregidore eta geroago, Martos-go, Jaen, (1595) gobernatzailea izateari etsi arren.

Zientziak erregearen laguntza zeukan aro batetan, asmakizun eta berrikuntza teknikoek inperioaren zabalkundearen zerbitzutan jartzen zirenean, asmatzaile ospetsuren baten aparatuak sarituak izanik, edo, beharbada -meatzaritzaren eremu garrantzitsuan- ipar Europatik teknologia beti ekarriz zebilen garai batetan, Ayanz-en kasua, bere asmatze-gaitasunaren antzera, aparta da. Felipe II.aren Gorteko -Valladolid-en ezarri berria zen- kide itzaltsua, Ayanz-ek 1602an erregearen sendiaren jostaketarako ohizkanpoko ikuskizun zirenekiko erakusketa batzuetan parte hartu behar izan zuen. Hura izan zen, erregearen lagun-talde ugariari gozarazten zion bitartean Ayanz-ek benetan bere asmamen dohaina garatu zuen tokia.

Bere laborategia izan zen Pisuerga ibaiaren uretan, urperatze murgilketan inoiz izan diren aurrerapenik handienen artean leudeken asmakizun batzuk frogarazi zituen. Lehenengoa, urpean igeri egiteko ekipo bat izan zen, berarekin gizon batek urpean ordu betean -historian zehar lehendabiziko aldiz- irautea lortuz; ekipoa, hauspo eta hodien bitartez airea berritzeko gai zen eta, teknikoki, Leonardo da Vinci eta Giuseppe Bonoren kanpai arriskutsuak bezalako aurrendarienak, erabat gainditu egiten zituen. Halaber, itsaspeko baten lehen aurrekaria dena diseinatu zuen. Da Vinci-k urperatzeko ontzi bat zirriborratu zuen, baina Ayanz-en eredua marrazki bat baino askoz gehiago izan zen; bereak, -benetako ingeniaritzaz egina- gainazaletik hauspoz eta hodiz (juntura malgudunez), lehenago bezala, eragin eta haizagailu bitartez barreiatutako airea eraberritzen zen ontzi istinkatu eta erabat itxiak ziren (bere erosotasunerako arrosa-urarekin bustitako esponjekin iragazi izatera iritsi arte). Bai bata eta bai bestea tresna bikainak izan ziren, bai altxorren aurkikuntzarako eta baita ontzien arteko gudetarako ere.

Bat batean ez baina, mundu monarkikoa ezezaguna zen asmatzaile haren talentua aintzat hartzen hasi zen. 1606ko irailaren 1ean Felipe III-ak asmamenagatiko pribilegioak eman zizkion -edo, egungo patentearen berdina dena-, ustiapenerako esklusiba. Simankaseko Artxibategi Nagusian zaintzen den agiri honek, guztira 48 makina eta tresna asmakizun azaltzen dizkigu, mundu mailako asmakizunen rara avis izanik. Guztien artean euli baten hanka pisutu zezakeen haztaga -horrela deitzen zion-, meategietatik ura husteko sifoia, torloju-bonba, errota eta laba berriak, uztaidun eta gangadun antaparak, ontzientzako xukatze-bonba (XVIII. mendetik aurrera erabiliko zena hain zuzen ere) eta mugimenduaren tokialdaketarako "ingenio de vaivén" izenekoa. Hala ere, azken asmamen honek mekanikaren arloari dagokionez urrats erraldoia suposatzen du, eta Ayanz-ek, lehen aldiz, makina baten "nekea" -egun "etekina" dena, zehaztu egiten du eta baita neurtzeko era adierazi ere, Prony eta Smeaton-en saiakerekin XVIII. mendean jatorria zuela uste bazen ere.

1606ko agirian, hain zuzen ere, Ayanz-ek bere asmakizunik gorena izan zena sartu zuen (ezagunena den argi ez dagoen arren): lurrun-makinaren asmamena, agian historian izan zen lehena. Hain zuzen ere, Ayanz-ek egurrez berotu izandako galdara bitatik zetorren lurrunaren bitartez, bi andel eta airea sartu ez zezan ondo estututako balbula eta hodi-sarea erabiliz uraren goratze-sistema asmatu zuen. Eta ez zuen asmatu bakarrik egin; frogatu ere egin zuen, zori ezberdinez, eta dakigun neurrian behintzat 1611an Guadalcanal-eko (Sevilla) zilar-meategietan gutxienik egin zuen. Ohizkotasunez -historiako testuliburuetan- Edward Somerset, (1663) Worcester-eko markesa, lurrun-makinaren aitzindari izan zela uste izan da edo bera ezean Thomas Savery ingeles ezagunagoa zenaren 1698koa munduko maila honetako lehenbiziko patentea. Mende bat beranduago, Ayanz-ek asmatu izandako teknikak ez zuen hobera egin.

Ayanz erakartzen zuen lurrun-makinaren xehetasun bereizgarrienetariko bat meategietako kutsatutako airea berritu egin zezakeela eta logelak aireztatu egin zitezkeenari buruzkoa izan zen. Aplikazio hori orduan ezezaguna zen hozteko hodi-sistemara -egungo aire egokituaren oinarria izanez- ezartzea, horretarako "lurrun-eiektore" edota lurruna sortzeko eraikuntza baten bitartez, litekeena zela uste zuen. Adimen edota espekulazio soileko izaeradun ideia batzuk iradokitzera mugatzetik urrun, Ayanz-ek praktikara eraman zituen, horretarako presio-lurruna erregulatzeko eta sortarazteko gai zen kobrezko esfera bat eraikiz. Ayanz-en meritua ukaezina da.

Oinarritzen zen printzipio teorikoa (abiadura handian injektatutako fluido batek hodiaren barruan depresio bat sortzen duenarekikoa) XVIII. mendera arte, Daniel Bernoulli-ren teorema adierazi zenera arte, ez zen zientzia mailan aztertu. Lurrun-eiektoreak -egun lurrunaren bitartez airea edo ura bultzatzeko hain arruntak direnak- XX. mendeaz aurretik erabili izan zirenarekiko albisterik ez dugu. Baina, gainera, Ayanz-ek aplikazio bat, gutxienik harrigarria, eman zien: aire freskoa sartzeko erabili zituen, borondatera, etxebizitzetan, hau da, 1606an aire egokitutako sistemak bezala.

Azken buruan, trantsizio garai baten, XVI eta XVII. mende bitartean, nolabaiteko espezializazioa iragartzen zen hartan (ondorengo mendeetan areagotu besterik ez da egingo), gure "zaldun asmatzailea", milizia, artea eta administrazio publikotik hasi eta zientzia eta teknologiara arte bere garaiko jakintza-arlo guztiak lantzeko gai zen azken gizaseme unibertsal errenazentista ereduetariko bat izan zen. Horri lurrun-makinaren lehen patentea, lehen buzo autonomoarena, lehen urpekoarena, lehen lurrun-eiektorearena eta toki bateko airea hozteko lehen sistemaren patenteak zor zaizkiola gehitzen badiogu, Jeronimo Ayanz Euskalerriaren historian gizabanakorik apartekoenetako bat bezala aintzat hartu behar dugu. Unamunori esatea atsegin zitzaion eta sarritan esandako "beti asmatu dute beraiek" bezalako topikoek, antza denez, ez datoz errealitatearekin bat.