Aldizkariak

Auspoa

Auspoa izena du Antonio Zavalak (Tolosa, 1928 - Iruñea, 2009) sortu, zuzendu eta editatutako liburuen bildumak. Bere obra argitara emateko eta obra horren bidez Euskal Herriko herri literatura jaso, aztertu, hedatu eta bultzatzeko asmoarekin sortu zuen Zavalak bilduma hori.

Jatorrian bere argitaletxeari eman zion Zavalak Auspoa izena. Eta hedaduraz, Auspoa esaten zaio Zavalak berrogeita hamabost urtean, 1954tik hil zen arte, sortu eta landu zuen egitasmoari.

Auspoa bildumak, beraz, hiru liburu-bilduma biltzen ditu, sortzailea hil zenean 276 obraz osatutako sorta zabala. Gai aldetik obra ia guztiak bertsolaritzari eta herri kontakizunei buruzkoak dira.

Lehen bilduma da Zavalaren egitasmoaren matrizea eta bizkarrezurra. Neurri txikiko hainbat liburuk osatzen dute hasierako sorta hori. 1961. urtean hasi zen bilduma hori osatzen eta bizi zen artean 259 obrari dagozkion 312 ale eman zituen argitara. Hil ondoren, ia-ia bukatutzat utzi zituen beste batzuk argitaratu ziren.

Bigarren bildumak, tamaina ertaineko liburuz osaturikoak, sei liburuki biltzen ditu: Lengo egunak gogoan, Manuel Uztapideren autobiografia prosan, bi liburukitan banatua; Gordean neuzkanak, Manuel Lasartek idatzitako bertsoz osatua, eta Odolaren mintzoa, Xalbadorrek idatzitako bertsoen bilduma. Horrenbestez, balio handiko bost obra dira guztira, 1974 eta 1976 artean argitaratuak. Azken lan hori, Xalbadorrena, lehen bilduman ere argitaratu zuen gerora, lehen bilduman.1.

Hirugarren bilduma, neurri handiko hamasei liburukitan argitaratutako hamahiru obraz osatua, Zavalaren obraren laburbilduma eta gailurra da. Lanik gehienak 1992 eta 1994 artean argitaratuak dira, Auspoaren Sail Nagusian. Bertsolaritzaren historian funtsezkoak izan diren lau bertsolariri buruz, Txirrita, Pello Errota, Xenpelar eta Bilintxi buruz, han-hemen sakabanatuta argitaratutakoa biltzen da liburuki horietatik lautan. Beste bitan Otañoren biografia eta bertsoak biltzen dira. Zavalaren lanean falta zen azken bertsolari klasiko handia da Otaño. Beste bi liburukik Irriz eta malkoz lana osatzen dute, Lazkao Txiki, XX. mendeko bigarren erdian izan den bertsolari handia gogoan, hainbaten artean osaturiko obra korala. Horiez gain, hor dira Euskal erromantzeak lana, Zavalaren beste obra handietako bat, eta bi gerra karlistetako bertsoei buruzkoak, liburuki banatan argitaratuak.

Zavalaren hasierako asmoa zen "bertso berrien argitalpen handi bat egitea, eta horren aurretik azterketa bat". Hala adierazi zuen Zavalak berak 1956an, Euskaltzaindiak gerra ondorenean eginiko lehen biltzarrean. 1954. urtetik aurrera ezin konta ahala bertso berri edo bertsopaper bildu eta xehetasun osoz aztertu zituen. Hala, bertsopaper horien bertsio desberdinak alderatu zituen, egileak identifikatu zituen, haien biografia dokumentatuak idatzi zituen elizaren artxibotik eta artxibo zibiletatik eskuratutako datuak eta ehunka berriemaileren lekukotzak jasota, eta bertso-sorta bakoitza bere testuinguruan kokatu zuen leku eta denbora aldetik.

Ustekabeko baten ondorioz, ordea, asmoak aldatu beharrean izan zen. Espero zuen Jesusen Konpainiak argitaratuko zuela bere lehen lan hura, konpainia hartako kide baitzen. Alabaina, Jesusen Konpainiak ezezkoa eman zion, eta, ondorioz, bere argitaletxea sortu beharrean izan zen. Auspoa Liburutegia izena eman zion argitaletxeari. Jatorrian, beraz, argitaletxearen izena izan zen Auspoa.

Argitaletxeak Tolosa jaioterrian (Gipuzkoan), familiaren etxebizitzan, izan zuen lehen egoitza, lanerako azpiegitura gutxieneko batekin, eta aukera eman zion bere lana argitara emateko eta zabaltzeko. Lana finantzatzeko hainbat harpide leial zituen, eta aleak banatzeko eta dirua kobratzeko, berriz, Arantzazu arrebaren laguntza zeukan.

Lehen etapan (1960-1986), lehen bildumako 192 zenbaki argitaratu zituen eta bigarren bildumako seiak. Enpresa-editorea izan zen, literatura-editoreaz gain, eta hil arte aritu zen lan horretan.

1988. urteaz geroztik, berriz, argitaletxearen enpresa-ardura alde batera utzi zuen, bere proiektuaren alderdi sortzaile eta literarioa bete-betean jorratu eta landu ahal izateko. Lehen ahalegina 1988 eta 1990 artean egin zuen. Tarte labur horretan Etor argitaletxeak lehen bildumako hamalau liburuki argitaratu zituen (193. zenbakitik eta 206.era bitartekoak). Orduan hartu zuen bildumak Auspoa Liburutegiaren izena. Baina 1990ean, Zavalak berriro heldu zion Auspoa argitaletxeari eta 1992 artean beste hamaika liburuki eman zituen argitara.

1992. urtetik aurrera, eta 2003. urtera arte, Sendoa argitaletxeak (Sendoa Argitaldaria) hartu zuen Auspoaren argitalpenen ardura. Joakin Berasategi zuzendaria aurrez ere aritua zen Zavalarekin elkarlanean, 1974tik 1976ra, bigarren bildumako sei liburukiak finantzatzeko eta banatzeko lanetan. Ia hamabi urtean, Auspoaren lehen bildumako hirurogeita sei lan, 218. zenbakitik 283.era artekoak, argitaratu zituen Sendoak, baita Auspoaren Sail Nagusiko hamasei liburuki handiak ere.

2003. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen Sendoa argitaletxearen lekukoa.

Euskal Herriko herri literaturaren hainbat esparru eta alderdi landu eta aztertu ahala hezurmamitu zuen Zavalak bere egitasmoa. Zavalaren proiektuak zer eboluzio izan zuen hobeto ulertzeko, zazpi sortatan bereiz daitezke berak ekoitzitako lanak.

Lehen sorta, ugariena, 1954. urtera arte argitaratutako bertsopaperak jasotzen dituzten lanez osaturikoa da. Urte hartan ekin zion Zavalak bilketari. Azken batean, 1956. urtean iragarri zuen "bertso berrien argitalpen handia, eta horren aurreko azterketa" da aipatutako sorta. Bere argitaletxea izateak aukera eman zion eduki aldetik bertsopaper horiek modu zabalagoan eta denbora aldetik urte gehiagotan argitaratzeko. Guztira 79 lan dira sorta horretakoak, bi multzo handitan banatuta. Zavalaren proiektuaren sustraia eta gainerako lanak ernatzeko muina dira aipatutako obra horiek.

Lehen multzoa 53 obraz osaturikoa da. Ia ehun bertsolariren bertso idatziak biltzen dira horietan. Ramon Artola, Pepe Artola, Ramos Azkarate, Bilintx, Pello Errota, Txirrita eta beste hainbat eta hainbatenak. Haien biografiak ere idatzi zituen Zavalak, batzuk zabalago eta beste batzuk laburrago.

Bigarren multzoa gaiaren arabera bildutako bertso idatzien 26 obraz osaturik dago. Ezkontza galdutako bertsoak (porrot egindako ezkontzen harira osaturiko bertsoak), Azpeitiko Premioaren bertsoak (Azpeitiko sariari buruzko bertsoak), Amodiozko penak bertso berrietan (maitasun kontuetan izaniko nahigabeen gaineko bertsoak), Afrikako gerra (Afrikako gerrari buruzkoak),...Bigarren sortan, hainbat bertsolarik 1954. urtetik idatzitako bertsoz osaturiko lanak biltzen dira: Basarri, Matxain, Olea, Balendin Enbeita, Manuel Lasarte, Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbatenak. Guztira 47 lan, asko eta asko Zavalak berak bultzatuak. Genero horren sustatzaile izan zen Zavala hainbat idatzi eta hitzaldiren bidez, baita bertso idatzien Xenpelar sariaren sortzaile eta epaimahaiko kide ere. Euskaltzaindiaren babespean, 1962tik 1978ra eta 1984ra komunikabideetan argitaratutako idatzizko sortarik onenak saritu zituen urtero Xenpelar sariketak.

Hirugarren sorta, 31 obra guztira, irakurtzeko samurrak diren hainbat lanez osaturik dago; bildumaren hasieran argitaratutako lanak dira gehienak. Bi eginkizun izan zituzten lan haiek: Auspoaren liburuetara beste mota bateko lanak biltzea, batetik, eta euskaraz irakurtzen ohiturarik ez zuten irakurle euskaldunei ulertzeko moduko obra samurrak eskaintzea, bestetik. Hainbat idazleren antzerki-piezak, ipuinak eta kontakizunak dira.

Laugarren sortan biltzen dira Zavalak bereziki bat-bateko bertsolaritzari eskainitako obrak. Genero horren bultzatzaile nagusietakoa ere izan zen Zavala. Euskaltzaindiaren kide oso 1964tik, erakundeak 1960, 1962, 1965, 1980 eta 1982 urteetan antolatutako bertsolaritza txapelketen sustatzaile, antolatzaile eta epaimahaiko kide izan zen Zavala. Sorta horretan sar litezke Auspoa bildumako 15 obra; horien artean, 1962 eta 1980 arteko lau txapelketen finaletan kantatutako bertsoen transkripzioarekin osaturiko argitalpenak.

Bosgarren sorta Zavalak berak idatzitako sei liburuk osatzen dute. Egile baten kontakizunak edo hainbat lekukoren eta narratzaileren ahozko testigantzak oinarri harturik idatzitako lanak dira. Auspoaren lan askotan jasotzen dira lekukotzak eta kontakizunak, baina sei titulu dira nabarmentzekoak, eta horien artean Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua (Pello Errotaren biografia, Mikela Elizegi alabak kontatutakorekin josia) eta Txirrita, bertsolari horren biografia korala.

Zavalak berak hauspoturik beren bizipenak eta oroimenak idatzi zituzten narratzaile eta lekukoen obrek osatzen dute seigarren sorta. 58 lan dira guztira, 25 egilek idatziak, eta horien artean azpimarratzekoa da Salbador Zapirain "Ataño" bertsolariaren uzta oparoa. Atañok 17 liburu idatzi zituen guztira, eta lehenak, Txantxangorri kantaria lanak, harrera oso beroa izan zuen irakurleen artean.

Zavalarentzat lorpen handia izan zen sorta horren argitalpena eta, horrek bultzaturik, Biblioteca de Narrativa Popular bilduma sortu zuen, gaztelaniaz idatzitako antzeko lanak biltzeko eta argitara emateko. Azkenerako, 22 titulu argitaratu zituen 29 zenbakitan.

Zazpigarren sorta askotariko 41 obraz osatutako bilduma da; aurreko sei sortetan jaso gabeko obrez osaturikoa, hain zuzen. Zavalaren egitasmoak zuen borondate dinamiko eta irekiaren isla dira obra horiek. Izan ere, proiektuak aurrera egin ahala ezaugarri horiek adierazten eta zabaltzen joan ziren pixkanaka. Sorta horren baitan hiru multzo bereiz daitezke.

Lehen multzoa da nabarmentzekoa, bi genero edo gehiagotako 18 lanez osaturikoa: bat-batean abestutako bertsoak, bertso idatziak, kontakizunak, etab. dira. Hirugarren bildumakoak dira nabarmentzekoak, Xenpelar, Bilintx, Otaño, Pello Errota, Txirrita, Uztapide, Lasarte, Lazkao Txiki eta beste hainbat bertsolariren bizimodua eta obra jasotzen duten lanak.

Bigarren multzoa bertsolaritzari eta herri literaturari buruzko 7 lanek osatzen dute. Bereziki aipatzekoa da Auspoaren auspoa lana: Zavalak berak emandako hitzaldiak eta idatziren bat biltzen ditu obra horrek lau liburukitan. Ezinbestekoa da Zavalak zer ibilbide egin zuen eta zer obra utzi zuen jakiteko.

Hirugarren multzoan beste 13 titulu biltzen dira, Auspoan argitaratu aurretik idatzizko lanak zituzten egile garaikideen 13 obra.

Hil aurretik, Antonio Zavalak Auspoa Taldea sortu zuen eta talde horren esku utzi zuen bere egitasmoa lantzen jarraitzeko eginkizuna.

1Kontuan izan beharreko zehaztasuna da Auspoan argitaratutako lanak zenbatzean. Guztira 276 obra dira, baina hiru bildumetako obrak bereizita batuz gero, Xalbadorren lan hori errepikatuta dagoela kontuan hartu gabe, 277 dira osotara.