Kulturalak

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka Dantza Taldea izen honekin 1979. urtean sortu zen, aurretik urte asko lanean zeramatzaten Goierri eta Salleko Adiskideak taldeak elkartzearen ondorioz; era honetara, joan den mende guztian zehar Goierri eskualdean ezagututako dantzaren inguruko mugimenduaren lekukoa jaso zuen.

Gaur egun, tradiziozko euskal dantzen bilduma zabala ezagutu eta mantentzeaz gain, Goierri eskualdeko dantza-tradizioa jasotzen eta lantzen dihardu nagusiki, Beasain herriko hainbat dantza usadio bultzatzen eta gordetzen ahalegin berezia eginez.



Bazen Beasainen ezpata-dantzarien eta aurreskularien tradiziorik, baita euskal dantzekiko zaletasuna ere, La Salletarren babesean eta Batzokiaren inguruan ondutakoa; bestetik, hor zeuden Ordiziako Jose Antonio Olano eta Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuen ildo historikoa eta Lazkaoko dantzarien ibilbidea, eta guztiok bat egin zuten 60.eko hamarkadan Goierrin aritu ziren hiru talde nagusien bidez: Adiskideak Beasainen, Amesbide Ordizian eta Oin-Arin Lazkaon. Beasaingo ikastolaren sorkuntzari lotuta osatu zen Adiskideak taldea, eta beste bi talderekin elkartuta sortu zuten Goierri taldea 70.eko hamarkadaren hasieran. Besteak beste, Jose Sarriegi beasaindar dantza-maisuaren eta Ordiziako Chapel-gorri elkarteko dantza-maisuen ikasle izandako Jesus Mari Garateren ezagupenak izan ziren talde haren abiapuntu sendoa. Azken talde honi 1979. urtean haurrek bakarrik osatzen zuten Salleko Adiskideak lotu izanaren emaitza da Aurtzaka dantza taldea, beraz.



Taldeko partaideen eta herritar guztien euskal folklorearekiko ezagupena eta haren gozatzea bultzatzea izan da hasiera-hasieratik dantza taldearen asmo nagusia.

Euskal Herri osoko dantzak ikasi eta irakasteaz arduratu izan da lehen urteetatik, garai haietako beste dantza talde guztien lan-ildo bertsua jarraituz. Hala ere, mende berriarekin batera, tokian-tokiko tradizio aberastasunari lehentasun handiagoa ematen hasi zitzaion, eta ondorioz, Goierri eskualdeko dantza eta honi lotutako folklorea ikertu eta lantzeari ekin zion 2000ko urtetik aurrera.

Jorratutako ibilbidean zehar, hainbat aldiz izan da atzerrian ere: Erresuma Batuan, Bretainian, Polonian, Argentinan, Kolonbian, Turkian, Kroazian, Hungarian eta Serbian, besteak beste. Aurtzakako dantzariek bestalde, euskal dantzaren ordezkaritza ere eraman izan dute atzerriko beste hainbat leku eta jaialdi entzutetsutara, hala nola, Italiako Reggio Emiliako Nazioarteko Dantza Jaialdira (1988an), Kubako La Habanako Nazioarteko Dantza Jaialdira (1988an) edota Frantziako Lyon-go Nazioarteko Biurteko Dantza Jaialdira (1992an).

Gaur egun, herrian bertan urtero egiten diren hainbat ekintzatan parte hartzen du, hala nola, Loinatz jaietan ospatzen diren soka-dantzetan, udazken kulturaleko dantza-ekitaldian, Sanjoan bezperako esku-dantzan edota Igartzako ezpata-dantzarien Kofradiaren Egunean. Azken honetan, orain 200 urte Juan Ignazio Iztuetak deskribatu eta eskualdean ohikoa izan zen ezpata luzeko ezpata-dantza berreskuratu da, 2007az geroztik Igartzako gune monumental eraberritu berrian egiten dena, Loinatz Amabirjinaren eguna aitzakia hartuta.

Era berean, 1996. urteaz geroztik eskualdeko protokolo garrantzitsu bat berreskuratzeko lana bultzatu eta lagundu du taldeak: Goierriko udal agintarien soka-dantzak. Lehen urteetan Ikerfolk elkartearekin elkarlanean hasita, hainbat udalerritan (Beasain, Arama, Itsasondo, Ordizia, Legorreta, Zegama, Zerain, Lazkao, Idiazabal, Olaberria) urtero-urteroko ekimen bihurtu da alkateak eta zinegotziek XIX. mendean J.I. Iztuetak deskribatu zuen modu berean eta jaiegun berean Agintarien Soka-dantza burutzea herriko plazan, protokolo eta erritu zahar hau aspaldiko garai haietan bezalaxe berreraikiz.

Egun, 170 haur eta gaztetxok eta 60 heldu inguruk osatzen du Aurtzaka dantza taldea.

  • ARAOLAZA, Oier. Euskal dantza. Donostia: Etxepare Euskal Institutua, 2012.
  • AURTZAKA dantza taldea. Beasaingo neskatxen San Joan esku-dantza. DVD eta liburuxka. Beasain, 2013.
  • AURTZAKA dantza taldea. [Kontsulta data: 2013ko urriak 22].
  • ESKISABEL, Idurre, eta gehiago. Dantza Beasainen / Aurtzakak 25 urte. Beasaingo Paperak, 12. zka. Beasain: Aurtzaka dantza taldea: Beasaingo Udala, 2004.