Saiakera

Atea bere erroetan bezala (1987). Eduardo Gil Bera

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Izenburuko esana Axular idazle nafarrari hartu dio Eduardo Gil Bera nafarrak. Beste nafar bat ere hartzen du kontuan saiakera honen hasiera-hasieratik, liburuan barrena: "Juan Huarte de San Juan de Pie del Puerto" edo Huarte Donibanekoa (Huarte, 1529 - Baeza, 1588), baxenabartarra edo uhartegaraztarra bera. Gil Berak nafarrera kutsuko euskara batua darabil liburuko kontuok jorratzeko tenorean. Izan ere, liburu honen helburuen artean, badirudi "gutarra" den oinarrizko filosofo garrantzitsua berreskuratu nahi duela, eta filosofiaren historian dagokion (zuzenbidez egokitu behar zaion) lekuan ezarri. Egin kontu: sortzez euskaldun peto-petoa zen Juan Huarte harek, gazteleraz ikasi, eta hainbat hizkuntzetara itzuli izango zuten haren lana. Era berean, hainbatek aipatuko zuen. 1575ean Zientzietarako argimenen azterketa izeneko liburua argitaratu zuen, zenbait ikuspegi eta proposamenean aitzindari eta eredu izango zena (Gil Bera 1996: 8). Garaikidea eta zeharo humanista zen Michel de Montaigneren (1533 - 1592) Essais lanaren ekarpenarekin alderatu da entseguan zehar. Liburu horren hasiera garrantzitsua da, nahiz eta gero beste adar, adaxka eta hostoetara joan, etengabe abiapuntura itzuli egiten den, Huarte eta Montaigneren arteko zubia bere kanpo-base bilakaturik.

Liburu hau, azken finean, ardatz, erro, zimendu edo oinarriei buruz ari da nagusiki. Ez era dogmatiko eta kategorialean ardatz horiek ezarri edota inposatzeko, ez; hainbat gogoeta eta begirada luzatzen dizkio Mendebaleko ideien (filosofiaren) historiari. Saiakerako orriotara ezagutzaren teoriaren inguruko eztabaidak ekartzen dira behin eta berriz, hori izanik edozein humanismo, edozein moralismo edo filosofiaren erroa. Eta modu zirkularrean ekiten zaio "erroaren" bilaketari, atzera-aurrera askorekin, giltzarri diren ideiak behin eta berriro aipatuta.

Gizaki orori dagokion kezka existentzialista batek gogo-berotuta, kontu asko dira egilearen kezka edota arreta erakartzen dutenak: ezinbertzea, Jainkoaren auzia, hobena, denbora, askatasuna (liberum arbitrium), heriotza, eta abar. Antikitateko egileengandik hasi, Ernazimendukoengandik igaro eta duela gutxira arteko egileengana ailegatzen da Eduardo Gil Bera, denen argudioak elkarri lotuz batzuetan, bata bestearen aurka jarriaz, bestetsuetan. Horren guztiaren inguruan, beraz, eta gogoetak egite aldera, hainbat filosoforen jarrerak, aipuak eta kontrakotasunak agerian uzten saiatuko da: Pascal, Voltaire, Marx, Freud, Hobbes, Schopenhauer, Malebranch, Kierkegaard, Rusell, Camus, eta abarren erreferentziak han-hor-hemen agertuko direlarik. Ahalegin berezia egiten du garai bateko eta gaurko eztabaiden testuingurua azaltzen. Hori guztia jorratzeko, baina, ez du hizkera filosofiko hotz eta aspergarririk erabiltzen: espero zitekeen hizkera horretatik desbideratu edo desautomatizatu egiten da (Cervera 2005: 144); hau da, literaturatik, erranairu zaharretik eta lokuzioen hondaretik ateratako hainbat irudi eta berbaldi-mota erabiliz, hizkera literario moduko bat lortzen du egileak.

Atea bere erroetan bezala izenburuak berak, konparazio bat erakusten digu, eta konparazioak, metaforak, istoriotxoak, alegoriak... etengabe agertuko zaizkigu, tonu ironiko eta burlatiz. Badirudi, Camus saiatu zen bezala, absuduaren aurrean kontzientzia ludikoari eutsi nahi diola kosta ahala kosta. Gertuagokoak dira, horrela, bere azalpenak, hori da alde ona. Alde txar bat ere badu: kontu filosofikoak sinplifikatzearena, edo alaikiro (edo zinikoki) norberaren errotara ura ekartzearena.

Lan edo gogoeta guztien ardatza (edo, gutxienez, ardatzetako bat) Nietzscheren filosofia delako bihozkada dugu. Harrigarria da Nietzscheren kontzeptuak euskaraturik zeinen ongi txertaturik agertzen diren Eduardo Gil Beraren berbaldian: ezinbertzea, etengabeko itzultzea, hobena, hautespen eskukoa, hobenduria... Hori bai, egokitasun horrek, jarrera ideologiko jakina islatzen du, hainbat silogismo erraz eta interesatu burutzera daramana, edota historia zein errealitate batzuen ikuspegi partziala erakustera bultzatzen duena, zenbait baieztapen frogatu edo oinarritu aldera; adibidez, erlijioarekiko eta, batez ere, kristautasunarekiko duen ikuspegian: "Guti fiatzeko jende dira erlijiodunak" (Gil 1987: 25), "Kristautasuna, dituen ahaideak bezala, mendekuzko erlijio da" (Gil 1987: 86); edota sinestunak direla-eta, "bertze munduko atsegin miresgarrien artean, eta behar bada haietarik gozoena gisa, aukera izanen dutela sinesgogor guziak ikusteko gerrenean itzulika eta oihuz" (Gil 1987: 35) dioen horretan. Horri itsatsirik, Jainkoaren irudi "zelatari", "mehatsukorra", "jeloskorra", "bizarduna" eta "aspergarria" ematen du behin baino gehiagotan, Nietzschek egiten zituen salaketen antzerakoak gehien-gehienak (Fazio 2006: 308).

Gutartasun giro hori, baina, agertu-izkutuka ariko da entseguan zehar, baina nafarrera eta nafar-lapurtera (klasikoa?) dei dezakegun euskalkia hartzen da oinarritzat, egilearen estilo ausart eta originalean, beti ere. Horren ondorioz eta horri lotuta, gustoko du esaten duena erranairu zahar batekin edo lokuzio jator batekin irudikatzea, iturri jatorretara behin eta berriro bihurturik. Ez gaude ohituta gai filosofikoak horrela jorratzera, eta bere ahalegina aitortu egin behar zaio, nahiz eta zenbait esamoldetan zurruntasun gutxiago edo naturaltasun gehiago eska geniezaioken noizean behin (Mendiguren 1987).