Arkitektoak

Aspiazu Iza, Iñaki

Arkitektoa. Bergara, 1955; Gasteiz, 2014.

Iñaki Aspiazu Iza arkitekto gipuzkoarra azken hamarkadetan lurralde horretan lan asko egindako arkitektoa da, nahiz eta hasieran estudioa Gasteizen ireki eta, horren ondorioz, Araban ere hainbat lan egin. Bere estiloa orokorrean arrazionalista izan bada ere, zaharberritze prozesu interesgarrietan ere parte hartu du. Aldi berean, berezko hizkuntza pertsonala garatu du, neurrikoa eta era berean adierazkorra den arkitektura proposatuz.

Iñaki Aspiazu Izak 1980an lortu zuen arkitekto titulua Madrilgo Arkitektura Eskolan eta laister lanean hasi zen Gasteizen estudioa irekiz. Berez, bere lehen lan garrantzitsuak Arabako hiriburuan altxatuko ditu, zehazki bi nabarmenduz: Filologia, Geografia eta Historiako Fakultatea (1984) Miguel Apraiz Buesa eta Javier Botella Astorquirekin batera, eta Hezkuntza Bereziko Blas de Lezo Ikastetxea (1986) Eduardo Martin eta Javier Botellarekin batera, azken honekin elkarlanean aritu baitzen larogeitamargarren hamarkadaren erdialdera arte. Bi eraikuntza hauetan Iñaki Aspiazu eta Javier Botellak garairako izaera ausarta erakutsi zuten, ez baitzuten besterik gabe garaiko arrazionalismoa eta funtzionalismoa kritikatu joera posmodernoen alde eginez, eta bide batez, historizismoa eta eklektizismoaren aldeko apustuekin bat eginez, baizik eta nahiago izan zutelako arrazionalismoa kritikatu eta berrikusi arrazionalismoa bera baztertu gabe, funtzionalismoari, material berriei, elementu geometrikoei, forma kubikoei eta joera minimalistei uko egin gabe. Eraikuntza hauetan, zehazki, nahiz eta posmodernidadearen hainbat aholku edo ezaugarri jarraitu -adreiluaren erabilpena, simetria eta konposizio zehatza kanpoko bolumenetan, atarien erabilpena eta garrantzia, adibidez-,Iñaki Aspiazuk eta Javier Botellak ez dute arrazionalismoa osotasunean baztertzen eta eraikin hauetan, batez ere barnealdeko antolamenduan eta bertan erabilitako formetan, argi ikusten da arrazionalistak izaten jarraitu nahi dutela, nahiz eta horretarako arrazionalismoaren zenbait akats zuzendu behar badituzte ere.

Baina laurogeitamargarren hamarkadatik aurrera estiloa aldatzen hasiko dira, eta hizkuntza arkitektoniko garaikideago bat jorratuko dute, Gasteizeko Justizia Jauregian (1991) argi geratuko den bezala. Eraikin honetan Aspiazuk eta Botellak hemendik aurrera ohikoak izango diren zenbait ezaugarri azpimarratuko dituzte: arrazionalismoa jarraitu funtsean, material berrien aldeko apustua egin beste ohikoagoak baztertuz eta, bereziki, beiraren aukerei etekinak ateratzen saiatu geometria zehatza eta zorrotza baten arabera. Ezaugarri guzti hauek Justizia Jauregian aurkitzeaz gain, bertan funtzioak antolatzeko erraztasuna eta abilidadea azpimarratu behar dira, kontutan hartuta gainera solairua hiruki batean kokatu beharra zegoela.

Behin lan hau amaituta 1995ean Iñaki Aspiazu eta Javier Botella banandu egingo dira, eta Iñaki Aspiazu bakarka bere ibilbideari ekingo dio, bere estudio propioa sortuz. Hurrengo bi hamarkadetan arkitekto gipuzkoarrak lan desberdinak egingo ditu, hiru motatakoak nabarmenduz: eraikin zaharren zaharberritzeak, eraikin berriak eta ibilbide paisajistikoak. Tamalez 2014. urtean hil zen, 59 urte besterik ez zituenean.

Zaharberritze lanen artean hurrengo hauek nabarmendu daitezke: aurrena Gasteizen Flandeseko Koartel zaharraren egokitzapena Arabako Udal Artxibo Nagusi bihurtuz -lan honetan oraindik Javier Botellarekin elkarlanean aritzen zen-, Bergarako Udaletxearen zaharberritze prozesua, eta bereziki, arlo honetan ziurrenik bere lan esanguratsuena izango zena, Bergarako Seminarioaren egoitzaren zaharberritzea (2012). Azken lan honetan Aspiazuk bere maisutasuna erakutsiko du, berez sekulako lana egin beharko du eta; jatorrizko eraikuntzaren fatxadak errespetatuz arkitekto gipuzkoarrak barruko guztia eraitsi eta eraikuntza berri bat altxatu zuen berriro ere posmodernidadearen aholkuak eta gomendioei muzin eginez eta arrazionalismoaren aldeko apustu argia eginez. Argiarekin jolastuz eta materialetan beiraz gain egurra asko erabiliz, Aspiazuk Bergarako Seminarioarekin zaharberritze prozesuan kanpotik sinisten zaila gertatzen den zerbait lortu zuen: eraikuntza zaharrak zaharberritu funtzio berriak eskainiz, bizitza berri bat beraien barnean sortuz. Lan honen arrakastaren ondorioz, Aspiazuren estudioak hainbat eraikin zaharrei funtzio berriak eskaintzeko proposamen berriak jaso zituen.

Eraikin berriei dagokienez, azken bi hamarkada horietan asko altxatuko baditu ere, batek eskainiko dio bereziki ospea eta poza, eta hori Araban, Samaniego herrian, kokatuta dagoen Baigorriko Upategia (2003) izango da. Bertan, eraikuntza nagusia lurperatuz, Aspiazuk paisaian agerian uzten duen elementu arkitektoniko bakarra behatoki karratu bat da, mahatsondoak ikusteko, natura sentitzeko, naturarik gabe ardorik ez litzatekelako egongo, eta horrela lortzen duen sentsazioa miresgarria da; bitartean, eraikuntzaren barruan, lur azpian, upategi batek bete behar dituen funtzio guztiak solairuen arabera mailakatuta daude eta guztia funtzionalismoa eta arrazionalismoaren arabera diseinatuta dago, soiltasunez eta sinpletasunez, baina era berean hormigoia eta beira besterik ez baditugu aurkitzen ere, hauen formak eta trataera txundigarriak gertatzen dira. Garai berean bai Araban, Errioxan eta Nafarroan upategi ikusgarri desberdinak eraikiko badira ere -Ysios, Viña Real, Campo Viejo, Otazu, e.a.- gutxitan aurkituko da Baigorrin bezala bai funtzioarekiko eta bai estetikarekiko hain atxikimendu bikaina.

Hirugarren lan motekiko nabarmendu orain ere Araban Elciego herrian Aspiazuren Estudioak eraiki zuen ibilbide paisajistikoa. Oraingo honetan arkitektura baina haratago abiatuz, Aspiazuk herri honetan lortzen duen espazioa eta, batez ere, sentsazioa deskribatzea zaila gertatzen di. Kontutan hartuz erabiltzailearen beharrak baina baita natura berak dituen eskubideak, Aspiazuk ibilbide harrigarri bat proposatzen du, oraingoan ere funtzionaltasuna uztartuz eta, aldi berean naturarekiko errespetua eta lortzeko hain zaila den edertasuna zainduz.