Albaitariak

Arzoz Jiménez, Gregorio

Albaitaria. 1842an jaio zen Morentin herrian (Nafarroa); 1915eko azaroaren 24an hil zen Altzan (gaur egun Donostiako auzoa), izan ere, hara jo zuen gaixotasuna sendatzeko asmoz.

Madrileko Albaitaritza Eskolan egin zituen ikasketak eta 1867an erdietsi zuen titulua. Obanosen hasi zuen ibilbidea, handik Iruñera jo zuen. Han probintziako ikuskatzaile, udal-albaitari eta hiriburuko ordezkariorde izan zen.

"Espainiako lehen albaitaria izan zen Frantziako eta Italiako autore onenen aurrerapen zientifikoak ikertzen (Bouley, Chauveau, Arloing, Nocaut, Levi, Perroncito, etab.", eta bera izan zen Espainian lupuaren txertoan (1882-1883) eta txerrien min gorrian (1889 ) "birus arinduak" erabiltzen aitzindari. Horri esker, Alfonso XII erregeak Isabel Katolikoaren zaldun titulua onartu zion. "Halaber, bera izan zen tuberkulina eta maleina erabili zuen lehenengotakoa, gure eskoletan oraindik halakorik erakusten ez zenean".

1883an Madrilen Albaitarien Kongresu Nazionala ospatu zen. Hura antolatzen ibiltzeaz gain partaidetza aktiboa izan zuen eta honako laudorioak jaso zituen: "Dagoeneko Europa osoan da ezagun; Nafarroako Elkarteko presidentea; Monitor delakoaren zuzendaria, Pasteur paregabearen lehen ikaslea; Chamberland jaunak goraipatu zuena; bere probintziako Foru Aldundiaren kutuna, Maiestatearen eskutik Carlos III erregearen gurutze loriatsua jaso zuena, bere talentuari zegokion moduan hitz egin eta pentsatzen zuen. Hitz bakoitza sententzia bat izan da. Esaldi bakoitza diskurtso bat. Arzoz jaunak zigilua jarri dio bere handitasunari eta Kongresu Nazionalean ere bere endelegamenduaren arrastoa utzi du. Loria nafarrei!" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1880an Nafarroako Zientzia eta Albaitaritza Elkartearen sorreran parte hartu zuen eta bertako lehen idazkari izan zen. 1891n Zaragozan abiatu zen mugimendu erreformistan ere parte hartu zuen "Tafalla eta Iruñeko asanbladetan" kolaboratzen eta "Nafarroako albaitariak defentsarako" elkartzen. Halaber, 1899ko abenduaren 2an sortutako Nafarroako Albaitarien Elkargoko sustatzaile eta lehen presidente izan zen.

Garaiko prentsa profesionalean artikulu ugari idatzi zituen, esate baterako, Informe sobre las enfermedades epizoóticas contagiosas que con más frecuencia se presentan en la provincia de Navarra. Horrez gain, Iruñean argitaratzen ziren bi aldizkaritako buru izan zen: "El Monitor" (1880-1884) eta "La Veterinaria Regional" (1900-1904).

Haren heriotzan Marcelino Ramirez errioxarrak "mende erdiz Nafarroako albaitarien idolo izan zena" dagoeneko ahanzturaren hatzaparretan jauzi zela gogorarazi zuen, eta ia mende bat geroago oraindik hatzapar haietatik askatu ezinik dabil.