Arkitektoak

Arzadun Ibarraran, Fernando

Arkitektoa. Bermeo, 1893ko ekainak 27; Madril, 1951ko irailak 24. Euskal arrazionalismoaren ordezkari garrantzitsua, nahiz eta joera espresionistagoak hartu zituen denboraren poderioz.

Euskal Herrian eta Madrilen kokatzen dira bere obra gehienak. Beste batzuen artean berak eginak dira hauek: Bermeoko Kikunbera izeneko etxea (eraikin-ontzi itxurako obra hori 1930ean diseinatu zuen bere gurasoentzat) eta Donostiako La Equitativa eraikina (1930-1933). Bilbon etxebizitza-eraikin bat eraiki zuen Buenos Aires kalean (1938) eta urte berean Erriberako oinezkoentzako pasabidea proiektatu zuen. Madrilen etxebizitza-eraikin bat proiektatu eta eraiki zuen Alcala kalean, Hermosilla kalera ematen duen ertzean (1930-1932). 1931-1934 bitartean Manuel Ignazio Galindezek 1930ean Bizkaiko Bankuaren egoitza nagusirako egindako proiektua eraikitzeaz arduratu zen Alcala kalean (egun Madrileko Udaleko bulegoak hartzen ditu) eta Goya kalean paratzen den Casa Araluce proiektatu eta eraiki zuen (1933-1934).