Pintoreak

Losada Perez de Nenin, Galo Manuel Jose

Bizkaitar margolaria. Bilbon jaio zen, 1865eko urriaren 16an, eta bertan hil, 1949ko urriaren 9an.

Lecuona, Bougereau eta Carrière maisuekin ikasi zuen. 1887an, Bizkaiko Aldundiak beka eman zion, Parisen ikasteko, eta abagunea horren ondo aprobetxatu zuenez, beka berria lortu zuen Manuel Maria de Gortazarren eskutik.

Margolari, zaharberritzaile, muralista, kartelgile, eszenografo eta liburu-ilustratzaile nabarmena izan zen, eta olio- eta pastel-margo bikain ugari egin zituen, Bilbo zaharraren itxura eta ohiturak jasotzen zituztenak. 1909ko urriaren 3an, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren akademiko izendatu zuten. 1913ko ekainaren 17an, sortu berri zegoen Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendari bihurtu zen, eta 1945ean, Bilboko Arte Elkartearen ohorezko lehendakari baita ere.

Espainiako hiriburuan erakusketak egiteari uko egin zion, arrazoi ezezagunak direla eta. Hala ere, behin parte hartu zuen, 1887ko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean, hain zuzen ere. Beste erakusketa hauetan ere obrak aurkeztu zituen: Silberberg et Cia. Galeriaren erakusketa (Parisen, 1902an); Independenteen Aretoa (Parisen, 1903an); Pere Labarc Galeriak (Parisen, 1954an); Udazken Aretoa (Parisen, 1923); Carnegie Institute-n Bienala (Pittsburgen, 1924an); Veneziako Nazioarteko Erakusketa (1906an) eta hainbat erakusketa Bilbon (1914an, 1915ean, 1920an, 1922an, 1926, 1936an eta 1944an).

Europako herrialde asko bidaiatu zituen, hala nola Frantzia, Belgika eta Italia. Epaile izan zen Errepublikaren Alegorien Bigarren Lehiaketan, 1933. urtean. 1937an, espainiar gerra zibila bete-betean zegoela, Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoko obren erreskatean lagundu zuen.

Ikasle ugari eta adiskide on asko izan zituen, besteak beste: Ignacio Zuloaga, Santiago Rusiñol, Pablo Uranga eta Francisco Durrio.

Haren lanen parte handi bat atzerriko bildumagileen eta museoen artean sakabanatuta daude. Obra nabarmen ditugu, besteak beste: Gitanas con vascos; Les dames au balcon; Carmelo Echegarayren, Juan Carlos de Gortazarren eta Enrique Areilzaren erretratuak; Salida de una barca de socorro; Femmes basques allant au marché; La buenaventura; Marchand de billets de loterie; Jouer de Guitare; Paysans basques; Julián y su madre; Gitanas en el mercado; El día del Corpus en la plazuela de Santiago eta El descendimiento en la plaza vieja.Muralista gisa, Kurding kluberako obra handia margotu zuen (1894), eta 1945ean, tamaina handiko mihise bat egin zuen, zezenketaren inguruko gaiarekin, Bilboko Cocherito Klub ospetsurako. 1911n, Resurreccion Maria de Azcueren Itsasora operarako apainketa irudikatu zuen, eta 1914an, Oscar Rochett-en Malvina obrarako. 1930ean, Jose de Oruetak idatzitako Memorias de un bilbaíno liburua irudiz hornitu zuen.