Poesia

Linguae Vasconum Primitiae

Ez dakigu non eta noiz sortu zen Etxepare (XV eta XVI. mendeen artean bizi izan zen). Garazi aldekoa zen eta Eihalarren erretore eta Garaziko bikario nagusi izan zen. Garaiko Nafarroako erresumaren historia nahasia (1512-1530) bizitzea egokitu zitzaion. Eskura dauden dokumentu urriek Espainiako erregearen aldekoa izan zela diote: 1518an zin egin zion Espainiako erregeari Gonzalo Pizarro kapitainaren aurrean; 1520an Espainiako erregearen zerbitzari leial agertu zen, Garaziko bikario nagusi zelarik. Dokumentu horien arabera, beaumondar gisa agertzen da eta ez agramondar (Frantziako erregearen aldekoa) gisa. Noiz zendu zen ere ez dakigu.

Linguae Vasconum Primitiae (Euskaldunen hizkuntzaren hastapenak) Bordelen argitaratu zuen Etxeparek 1545ean. Oihenarten esanetan, bigarren argitarapen bat ere izan zuen liburuak, baina ez zaigu honen berririk iritsi.

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae 15 (8/7) silabetako bertsotan dago idatzita. Liburuak biltzen dituen gaiak hauek dira: erlijioa, amodio, autobiografia eta hizkuntza.

Hasierako "Doktrina Kristiana"k kristau onak jakin beharreko Elizaren irakaspenak biltzen ditu: nola portatu behar duen kristauak goiz eta arratsetan, hilerrian, sakramendu sainduen aurrean, gurutzearen, Ama Birjinaren eta sainduen aurrean eta zer egin behar duen igandetan. Ederki laburbiltzen du Etxepareren bertso honek orain arte esandakoa: "Regla ezak egun oroz onsa heure etxia" (I, 205) (etxia: arima). Garaiko doktrinetan ohi zen bezala, Etxeparek ere ardura handia du kristauen memento mori edo azken orduaz, eta saiatuko da kristaua azken ordu horretarako prestatzen (aitormena, damua eta oliadura). Garai hartan arrakasta handia izatera iritsi ziren "Ars moriendi"en espirituari jarraituz, kristaua, hil ondoren, juzkatua, paradisura igoa edo infernuratua izango da. Halaber Jean Gerson-en (+1429) "Le miroir de l'âme" (Arimaren ispilua) gomendioak jarraitzen ditu Etxeparek bere "Harmak erioren kontra"ko hiru egietan. Horien jarraian, hamar mandamenduak modu soilean aurkezten zaizkigu. Azkenik, "Iudizio jenerala" poema luzea dator, non adierazten zaigun hil guztiak Josafateko ibarrean bilduko direla mundu akaberan eta azken judizioaren zain geratuko direla ("jende oro bat dakion Iosafaten bildurik"). (I, 236)

Aipatutako poemetan ez dira faltako Erdi Arotik Errenazimendura bitartean oso ezagunak izan ziren hainbat motibu erlijioso: "Stabat Mater dolorosa" (Ama Birjinaren oinazea gurutzean iltzatutako semearen oinetan), "Dies Irae" (Jainkoaren ira), "Ubi sunt" (Non dira?) edo "Herio-dantzak" (Heriok bere dantzara bilduko ditu "Iurista eta theologo, poeta eta doktoriak, .../... Aita saindu, kardenale, aphez eta prelatuiak." ) (I, 294-298). Ama Birjinari ("egundano bekhatutan makulatu gabia") (I, 407), bekatarien bitartekariari, eskainitako otoitz batekin amaitzen da "Iudizio jenerala".

Etxepareren "Iudizio jenerala" poema, "Doktrina Kristiana" osoa bezala, garaiko herri xumearen sentiberatasun kristaura egokitzen da: akaberaren irudi eskatologiko ikusgarri eta beldurgarriak ez dira faltako errepertorio horretan, eta Ama Birjinari, Jesusen amari (eta guztionari), bekatarien estalpe eta Jainkoaren aurrean bitartekari eta abokatu nagusi denari debozio handiz zuzenduko zaio.

Amodiozko poesiatan, berriz, Etxeparek honako bi amodio hauek bereizten ditu: amodio dibinoa, Andredona Mariari eskainia, eta amodio profanoa, amodio mundutarra. "Amorosen gaztiguya" eta "Emazten fabore" dira Andredona Mariaren aldeko poemak, amodio dibinoaren aldeko poemak. Bi poema horiek amodio profanorako trantsizio gisa ere hartu ohi dira. Bi poema horietatik lehenak ("Amorosen gaztiguya"k) 145 bertso ditu, Etxepareren amodiozko poemarik luzeena da inondik ere, eta ondoren datozen amodiozko poemen aurrean halako eredugarritasun bat edo ezarri nahi luke. Azken batean, hauxe da poemaren mezua: Andredona Mariari eskainitako ez beste amodio afan guztiak hutsalak dira. Horretan ere, Etxepare XV. mendetik aurrera arrunta zen errepertorio zabaletik ari zen hornitzen: behin amodioa probatu duenak indartsuago nahi luke berriz ("Amorosek badagite behin bere nahia, / handiago jiten zaie berze nahikeria") (II, 45-46). Andredona Maria da amodio garbi eta leiala ziurtatzen duen "emakume" bakarra. Izan ere, beste emakumeren ondoan, Andredona Mariak gizonezkoen grinak garbitu eta espiritualizatu egingo ditu:

"Andre honak ukhen dizi ederretan grazia / ehork hura gaixteriaz ezin lezan inbia, / bana bistaz hiltzen zuien nahikari satsuia; / figuraren ekhustiaz dakikezu egia." (II, 51-54)

Horra zein den bestelako amodioei Etxeparek iragartzen dien zoria: "Bekhatuzko amoria bethi date traidore; (...) anhitz plazer ukhen badu, anhitz behar dolore". (II, 15-19)

"Emazten fabore" poeman, emakumeen kontra gaizki esaka dabiltzanen aurka altxatzen du ahotsa Etxeparek. Evaren bekatuak sekulako zama bota zuen Erdi Aroko emakumearen gainean, eta Ama Birjinaren eragin aringarria bitarteko ere, berandu arte iraun zuen emakumeenganako errezeloa. XV. mendean emakumearen aurka (misoginia) eta emakumearen aldeko eztabaida poetiko ospetsua gertatu zen ("Querella de las mujeres", "Querelle des femmes"). Eztabaida horrek ez zuen amaierarik izan XVI. mendera arte. Etxepareren "Emazten fabore" poema bete-betean sartzen da emakumeen "querelle" horretan, eta berak emazteen (emakumeen) aldeko jarrera hartuko du. Etxeparek poemaren lehen bertsoetatik utziko du garbi honako arrazoi hau: gizonen erruagatik ez balitz, emakumeek ez lukete faltarik ("gizonek utzi balitzate, elaidite faltarik") (III, 2). Emazten alde egiteko Etxeparek erabiltzen dituen arrazoiak Espainian zein Frantzian gertatutako eztabaidetan usu erabilitako arrazoi berberak dira. Emaztearen balioen artean amatasunarena da lehenengoa; haurrak hazi eta heztea. Gizonaren zerbitzari eta bertutetsu izatea dira hurrenak:

" (...) oro behin haietarik sortzen gira mundura; / sorthu eta hil ginate, hark haz ezpaginitza; / haziz gero egun oroz behar haren aiuta. / Haren eskuz osoan behar soinera eta iatera, / eri denian andre gabe galdu gizon egurra." (III, 20-24)

Ahaztu gabe haren ondoan gizonek izaten duten gozamena. Poemak aurrera egin ahala, emakumearen aldeko kartsutasuna areagotuz joango da plazeraren gaineraino: "...Parabizuian nahi enuke emazterik ezpaliz" (III, 30). "Ieinkoak emaztea maite mundu oroz gainetik; / zerutika iaitsi zedin harzaz amoraturik." (III, 47-48). "Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik, / nola emaztia gizonaren petik biluzkorririk." (III, 55-56)

Probentzako trobadoreek Europa osora hedatu zuten amodio gortesauaren sentimentaltasun berria. Maitasun-kode berri horrek XVII. mende amaiera arte iraun zuen maitasun lirikaren baliabide nagusiak finkatu zituen. Eta Etxeparerengan ere eragina du maitasun-kode horrek, ez beti bete-betean, nahiz eta badiren bost bat poema eroso beteko luketenak kode horren arauekin, hala nola, "Amorosen sekretuki dena", "Amorosen partitzia", "Amoros jelosia", "Amorez errekeritzia" eta "Amore gogorraren despita".

Ez da faltako poema horietan begi ederren bidez maitalearen bihotza zauritu duen emakumerik. Emakumearen begiak maitearen bihotza zauritzen duten geziak dira. Eta maiteminaren bihotza zauritu ondoren, bertan hartuko du ostatu maitasunak. Harrezkero, maitalea ez da izango bere buruaren jabe, gatibu da. Oinazealdi bilakatu zaio bizitza, mingarriagoa batzuetan, leunagoa bestetan, maiteak eskainiko dion begirada, izan beroa edo sutsua, edo izan hotza edo izoztua. Gauzak horrela, gau eta egun dago maitalea penetan ("gaoaz eta egunaz ere hotzik eta berorik: / loa galdu, pena aski..." (II, 79-80), ezin du lorik egin eta bizitzeko bakea galdu du ("Orai lorik ezin daidit, bihotzian ez pausurik.") (IX, 21)

Badira, hala ere, maitasun-kode konbentzional adeitsu horri muzin eginez garatzen diren poemak ere: "Ezkonduien koplak", "Potaren galdatzia", "Amorosen disputa". Galaitasun eta finezia gutxikoak dira "Ezkonduien koplak" poeman erabiltzen diren irudiak: gizonak alor landu eta ongarrituan ereiten du bere hazia (emaztearen baitan) ("Berzerena har dazanak beretako amore... / Alhor hartan hel badakit ereitera hazia") (IV, 7-19). Ez dago dudarik herri xehearen errealismo zakarrari erantzuten dieten arrazoiak direla horiek, arrazoi lauak eta zeharo arruntak. Ez da, hain zuzen ere, adeitsua izango damak uko egindakoan kikiltzen ez den gizona, eta, literatur konbentzioak eskatzen dituen arauak hautsiz, maitea makurrarazi eta gogoz kontra menderatzen duena, "Amorosen disputa" poeman gertatzen den bezala:

"Haraitzinakorik duzu errana: / utzi dazanorrek eskuian duiena / nahi duienian eztukeiela. / Hitzak haribira, dugun egina!" (X, 63-66)

Honaino iritsiak garen honetan, Etxepareren alderdi didaktikoaz mintzatu beharrean gaude. Egun kritikarien artean adostasun handia dago Etxepareren poesiaren didaktismoaz jarduterakoan. "Amorosen gaztiguya" poemak gogo onez gonbidatzen du irakurlea bekatuzko maitasunak saihestera eta Andra Mariaren gomendioan gorputz eta arimaz jartzera. Hura baita gure lehia guztien kartsutasuna merezi duen maitale bakarra, sortzez garbia denez. Beti izango da Ama Birjina bekatarien estalpe, beti izango da Haren irudia amatiar eta bihotzeko. Alde batera utzita "Emazten fabore" poema (III), trantsiziokoa bera ere, hurrengo zortzi poemak (IV-XI) maitasunaren inguruko beste hainbat egoera fiktizioren erakusgarri dira. Poema horien helburu nagusia maitasun profanoak sortzen dituen arriskuetatik gordetzeko irakasbidea litzateke: sormenaren bitartez irudikatutako egoeretatik ikasi beharko du kristauak maitakeriaren arriskuak nolakoak diren. Amodio gortesauaren konbentzioak ederki ezagututa ere, Etxeparek ez zuen inoiz dudarik izan kortesiaren galaitasun joko hori guztia bekaturako aitzakia besterik ez zela. Eta "Emazten fabore"ko lehen bertsoetan esan bezala, gizonezkoen berriketa merke hori ez dela emakumeak engainatzeko aitzakia baino: "...gizonek utzi balitzate, elaidite faltarik" (III, 2). Beraz, gorago esan dugun bezala, Ama Birjina da, sortzez garbia denez, maitale izatea mereziko lukeen emakume bakarra. Gauzak horrela, aipatutako maitasunezko zortzi poemetatik azkenekoan, arima galtzeko beldurrez uko egiten zaio emakumeekin traturik izateari (Ama Birjinarekin salbu):

"Andre faltaz eniz hilen balinba ni lehena; / oroz etsi behar dizit, non baitate hobena; / heki ezin medra naite, bai gal neure arima; / bategatik sarri niro diren oroz arnega." (XII, 53-56)

"Mosen Bernat Etxepareren kantuya" (XIII) poema autobiografikoan zera kontatzen zaigu, kartzelatua izan zela Biarnon bere etsaiek jaurtitako salaketa faltsuengatik. Ez dakigu zein motatako salaketez ari den poeta, ezta ere zein arrazoirengatik hartu zuten preso. Etxepare Gaztelako erregearen aldeko agertu izanaren ondorioak pairatzen ari ote zen galdetu ohi da ikertzaileen artean. Baina ezer gutxi dakigu aferaz, ez baitu gehiagorik kontatzen poema autobiografikoak. Poema autobiografikoa baino, gerora terminoak izan duen esanahia kontuan hartuz, Etxeparek hain maiz darabilen didaktismoaren baliabidearen beste adibide baten aurrean geundeke hemen. "Doktrina Kristiana"n honela mintzo zen: "Anhitz jendez miraz nago, neure buruiaz lehenik" (I, 87); "Orduian zer eginen dut, gaixo bekhataria?" (I, 151). Maitasunezko poesietan ere honela agertzen zuen bere burua: "Nihaur ere ebili niz anhitzetan erhorik." (II, 78)

"Mosen Bernat Etxepareren kantuya" poemako "ni" hori ez da Modernitateko "ni" subjektibo eta partikularra, alderantziz, "ni" unibertsal kristauaren kutsu guztia du. Hitako Artziprestearen Juan Ruizen "E yo, porque yo omne, como otro, pecador" zioen hartan bezala, Etxepareren "ni" indibuala eta unibertsala izaera berekoak dira. Azken batean, Etxeparek bizi izan duen drama pertsonala gizakiaren bizitza irudikatzen duen drama eternoaren irakasbide da: etsaien maltzurkeria, jainkoen gaztigua, presondegia (infernua), eta abar.

"Kontrapas" eta "Sautrela" dira liburuko azken poemak, eta euskarari eskainiak dira. Euskara, inprimatzearen laguntzaz, beste hizkuntzen plazara aterako da. Mundura aterako da dantzara: "Heuskara/Ialgi adi kanpora" (XIV, 1-2). Frantzia, Italia edo Espainiako hizkuntzek bezala, gureak ere burua altxatzen du latinaren gainetik, Errenazimenduaren espiritu baikorrari jarraiki.

  • ALDEKOA, Iñaki. "Bernard Etxepare: y poesía amatoria". ASJU. 2010, XLIV-2, 1-41 orr.
  • ALTUNA, Francisco. Versificación de Dechepare. Métrica y pronunciación. Bilbo: Mensajero, 1979.
  • ARCOCHA, Aurelia. "Bernat Etxeparekoaren maitasunezko kopletaz (1)". Gasteiz: Sancho el Sabio, 1996. 211-234 orr.
  • ARCOCHA, Aurelia. "Linguae Vasconum Primitiae-ren peritestualitateaz eta euskararen gramatizazioaren primicias". ASJU. 2008, XII-2, 1-69 orr.
  • ARCOCHA, Aurelia; OYHARÇABAL, Beñat. "El siglo XVI: Las primicias de las letras vascas". OLAZIREGI, M. J. (argit.). Studies in Basque classical litterature. Reno: Center for Basque Studies. University of Nevada, 2008.
  • HARITSCHELHAR, Jean. "Emazten fabore", euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. IKER 14-2. Bilbao: Euskaltzaindia, 2001. 113-124 orr.
  • HARITSCHELHAR, Jean. "Défense et illustration de la langue basque au XVIe siècle: La Sautrela de Bernat Echapare". Hommage à Jacques Allières, I. Domaine basque et pyrénéen, Biarritz: Atlantica, 2002. 119-127 orr.
  • HARITSCHELHAR, Jean. "Ezkonduien koplak (Etxepare 1545)". Lapurdum. 2002, VII, 237-242 orr.
  • HARITSCHELHAR, Jean. "Amoros sekretuki dena". Lapurdum. 2002, VIII, 233-246 orr.
  • HUARTE, Jose María. "Los primitivos del Euskera. Dechepare y su tiempo". Euskalerriaren alde. 1926, XVI, 241-248 orr.
  • LAFON, René. "La langue de Bernard Dechepare". BAP. 1951, VII, 309-338 orr.
  • LAFON, René. "Sur la versification de Dechepare". BAP. 1957, XIII, 387-393 orr.
  • LAFON, René."Dechepareana. A propos de prières populaires recueillies par le P. Donostia". BRSVAP. 1959, 15, 9-15 orr.
  • ORELLA, Jose Luis. "Mosen Bernart Dechepare". P. Altunak Lengua Vasconum Primitiae-z egin edizio kritikoaren aitzin solasa. Bilbo: Euskaltzaindia; Mensajero, 1980, VII-XV.
  • OYHARÇABAL, Beñat; ARCOCHA, Aurelia. "El siglo XVI: Las primicias de las letras vascas". OLAZIREGI, M. J. (argit.). Studies in Basque classical litterature. Reno: Center for Basque Studies. University of Nevada.
  • OYHARÇABAL, Beñat. "Ohar bat literatura historiografiaz: B. Echepare Erdi Aroko autore?". Iker 21. Bilbao: Euskaltzaindia, 2008. 491-521 orr.
  • REICHER, Gil. "Bernard Dechepare a-t-il subi des influences littéraires?". Gure Herria. 1958, 30, 311-317 orr.
  • TOLEDO, Ana. "Maitasuna mundutarra Etxeparengan: "Baskoen gaztiguia". Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian, IKER 14-2. Bilbao: Euskaltzaindia, 2003. 237-256 orr.
  • TOLEDO, Ana. "Linguae Vasconum Primitiae eta O.ten gaztaroa neurthitzetan: hain hurbil, hain urrun". Juan Mari Lekuonari omenaldia. Bilbao: Euskaltzaindia, 2009. IKER 23, 403-427 orr.
  • URKIZU, Patri. "Bernard Lehete, Eustorg de Beaulieu eta Bernard Detxepare Errenazimenduko hiru gizon". Eugène Goyhenecheri omenaldia/hommage. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001.