Konposatzaileak

Larrañaga, Fr. Joseph

Konpositore, organo-jotzaile eta kapera-maisu. Azkoitia, 1728 - Arantzazuko Santutegia, Oñati, 1806. Ilustrazioko musikako autore adierazgarri eta ospetsua Euskal Herrian. Fraide frantziskotarra izan zen eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide.

Ziur aski, artean haurra zela sartu zen Arantzazun, dohaintzako kantari modura. Han, musikagintzan prestakuntza jaso zuen, besteak beste, Francisco Ibarzabal edo Francisco de Belderrain maisuen eskutik. Jon Bagüesek iradokitzen duenez (2007), hamaika urte zituelarik dagoeneko komentu horretako organoa jotzen zuen. Datatutako lehen obrak 1746koak dira (salmo Beatus Vir eta Villancico al Nacimiento, "Antón que se ha vuelto loco..."). Urtebete beranduago "maisu" gisa azaltzen zaigu bere bi Magníficats lanetako partituretan; dena den, 1766. urtera arte ez zen Arantzazuko kapera-maisu gisa inon aipatzen.

1758an Irungo parrokia-elizaren berrinaugurazioan izan zen Arantzazuko eta Donostiako musikari frantziskotarrez osatutako kapera bat zuzentzeko. Halaber, 1764ko otsailean eta irailean Bergaran Asentzioko San Martinen ohorez ospatutako jaialdi berezietan kolaboratu zuen. Han, gauzatu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkarte sortu berriaren eraketa, penintsulako antzeko elkarteen artean aitzindari izan zena. Arantzazu eta Bilboko kaperatako musikariek dirdiraz beztitu zituzten ekitaldi horiek eta Larrañaga berak lau aria eta salmo bat (Laudate Dominum omnes gentes) konposatu zituen ekitaldi hartarako. Azken horretan instrumentu ugari tartekatzen ziren, esate baterako, hari-instrumentuak, txistuak, oboeak, turutak, tronpak eta atabalak, eta "garaipen oihuz" txalotu zuten, Pedro de Ascagorta kronikariaren arabera. Orobat, badakigu, 1767ko Gipuzkoako Batzar Nagusietan (Bergaran elkartu zirelarik) Arantzazuko kaperaren buruan izan zela.

1766an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide bilakatu zen formalki, Zientzien eta Arte baliagarrien Batzordera atxikitako irakasle gisa, eta "bazkide agregatu" modura. Urte horretan bertan elkarte horretan Jean Philippe Rameauren Code de musique pratique delakori buruzko txosten labur bat aurkeztu zuen, zeinaren lehen edizioa 1761ean agertu zen. Horrez gain, hainbat dokumentutan jasotzen denez, instituzio horretako hainbat bileretan izan zen 1767-1781 bitartean. Litekeena da Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin (RSBAP) zuen harremana Xavier Munibe, Peñafloridako kondearekin zuen adiskidetasunari zor izana. Larrañaga bezalaxe, Munibe azkoitiarra zen eta soilik hura baina urtebete gazteagoa. Horrez gain, Munibek Arantzazun kantatu zuen gutxienez behin (1756), solista modura eta, agian, bera bitarteko zela iritsi ziren atzerriko zenbati partitura komentura. Edozelan ere, Larrañagak Euskalerriaren Adiskideen Elkartean izan zuen partaidetza mugatua eta baldintzatua izango zen ziurrenera, bere karguagatik eta bere erlijiozko profesioagatik. Hain zuzen, arrazoi horiek zirela medio, ezin izan zen bertaratu Munibek 1764ko irailean Bergaran ospatutako festetan sustatutako opera-antzezpen berritzaileetara.

Helduaroan, Larrañagak bazuen aitorpena organo-jotzaile ikasi eta arlo horretako nagusi gisa. Hori horrela izanik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako parrokietako organoei buruzko azterlanak eta txostenak egitea eskatu zitzaion: Ataun (1762), Bergara (1774), Etxarri-Aranatz (1779, Jose Ferrer lagun zuela), Durango (1781), Tolosa (1789), Zegama (1788) eta Legazpi (1791). Horrez gain, Bilboko kaperarako organo-jotzaile lehiaketako epaile izan zen (1779, Manuel Gamarra izan zen bigarren epailea). Lan berdinetan aritu zen Ondarroan (1782), Legazpin (1786) eta Zegaman (1789).

Arantzazun denbora asko eman zuen lanean eta garai hartan instituzio hartako musika-kaperak une oparoena bizi zuen. Larrañagak burututako maisutza lanari zor zaio, neurri batean bederen, konpositore fraide gaztez osatutako belaunaldi garrantzitsu baten sorrera, hala, beste batzuen artean, Agustin de Echeverria, Fernando Eguiguren edo Manuel Sostoa aipa ditzakegu. Garai hartan, gainera, orduan Europan punta-puntan ziren zenbait musikagileren partiturak kopiatu ziren komentuan, jatorrizkoa konposatu eta denbora gutxira. Esate baterako, Domenico Scarlattiren Arantzazuko" izeneko meza (1754), Händelen bi kontzertu (Conciertos para clave u órgano -1758-), edo sei Sinfonías direlakoak (1785), eta Joseph Haydnen hiru Cuartetos ezagunak.

Konpositore gisa utzi zuenari dagokionez, Arantzazun latinez osatutako eliza-musika kopuru handia jasotzen da, korurako edo ahots solistan interpretatzeko, jarraikorra eta instrumentu sorta aldagarria. Errepertorio horren orkestrako lengoaiari darion modernitatea aipagarria da eta baita idazkeraren eraginkortasun orokorra, Europako Barroko berantiarraren ezaugarriak baitaratzen dituena. Konposaketa multzo apartekoa osatzen dute haren gaztelaniazko gabon-kanta, aria eta duo ezagunek, erlijio-gaiari jarraiki baina musika profanoa erabiliz. Horietan, Larrañagak erro herrikoidun elementuak (seguidillak, koplak, ahaireak) eta jatorri kultuko elementuak, Italiako kantatari dagozkionak (errezitatiboa, aria da capo), txandakatu eta uztartzen ditu.

Dena den, teklarako bere obra da hil ostean oihartzun gehien izan duena. Errepertorio hori hiru minuet, lau sonata eta "organo-soinu" batek osatzen dute. Horiek denak 1953an argitaratu ziren lehen aldiz, garai bereko beste euskal pieza batzuekin batera. Aita Donostia izan zen editorea. Konposaketa horietan orduko teklako Iberiako eskolaren "estilo galante" berezia islatzen da, Vienako klasizismo hasiberriaren arrastoren batekin zipriztindua. Bere sonatatan, Domenico Scarlattik Madrileko gortean garatutako alderdi biko eredutik 1770. eta 1778. urteetan dagoeneko argiro agertzen den "allegro de sonata" forma klasikorako iragaitea hautematen da. Jatorri herrikoia duten elementu gutxi samar ikus daitezke orokorrean, baina bere organo-soinu , La valenciana eta Sonata para órgano o clave ("seguidilla"ko erritmo baten gainetik), lanetan elementu horiek antzeman daitezke.

Gordetzen den obraren tamaina eta bere estiloaren heldutasuna aintzat hartuz, Larrañaga bere garaiko euskal konpositore garrantzitsuenetakoa izan zela esan daiteke. Hark utzitako ondarea funtsezkoa da Euskal Herrian klasizismoko musika-hizkuntza nola barneratu eta nola txertatu zen ikusteko. Nolanahi ere, organoari esker eskuratu zuen Larrañagak ospe eta aitorpen gehien bizi zen artean. Musikagile izateaz gain, musikaren azterketa teoriko eta zientifikoarekiko interesa ere erakutsi zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko pentsamendu ilustratuaren ildoari jarraiki. Hori dela eta, XVIII. mendean frantziskotarren ordenak Euskal Herriko musikaren garapenean izan zuen jokabide erabakigarriaren pertsonifikazio eta ikus modura har daiteke. Dena den, Larrañagaren konposaketek ez zuten sekulako oihartzunik izan ingurune hurbiletik haratago, eta hil ostean ahanzturan murgildu ziren XX. mendea nahikoa aurreratua zen arte.