Toponimoak

Andra Mariren Jarlekua

Kataberako lautadaren ekialdean, aulki itxurako harkaitz bat dago Aiurdingo mendatearen parean, Zegamatik Arantzazura doan bidearen eskuinaldean. Amabirjiñen-sillea izenez ezaguna ere bada. Bertatik, Gipuzkoako lurraldearen zatirik handiena ikus daiteke.

Inguruko kondaira herrikoien arabera, Arantzazuko Ama Birjina bertara joaten zen, eta, aulki batean eserita, landak eta herriak bedeinkatzen zituen. Arantzazura doazen erromes askok, mendatea gurutzatzen dutenean, aulkian eseri eta salbea errezatzeko ohitura dute. Ama Birjinaren eserleku den haitz hori herrialdeko hainbat tokitan aurki dezakegu; baina bertan agertzen den pertsonaia ez da Ama Birjina, euskal mitologiako jeinuetako bat baizik. Leku horien artean ditugu Jentileio (Urdiain), Lamiñarrieta (Bedia), Anboto, Odebe, Murua eta Ori.