Konposatzaileak

Landazabal Garagalza, Germán

Pianista eta konpositorea. Araian (Araba) jaio zen 1884ko urriaren 11an. Gaulegayen (Entre Rios), Argentinan, hil zen 1953ko maiatzaren 20an.

Txikitatik erakutsi zuen musikarekiko zeukan dohaina; bere jolasen artean soinua eta hainbat instrumentu (okarina, txistu, txirula, bandurria, gitarra...) jotzea zuen gustoko. Araiako organistaren eskutik jaso zituen bere lehen ikasgaiak eta Gasteizen, Juan Aramburu eta Francisco Viñasprerekin piano eta harmonia, hurrenez hurren, ikasten jarraitu zuen. Gasteizko Filarmonikako Elkartean egin zituen kontzertuak arrakasta haundia eman zioten. Madrilera joan zen eta Kontserbatorioan zortzi urte egon ondoren karrera bukatu zuen. Trago eta Arin eduki zituen irakasletzat, non lehen sari ugari lortu zituen.

Hogeitairu urte zituenean, lehia haundiko aurkaritzarekin, Erroma, Paris eta Munichen bizitzeko beka eskuratu zuen. Espainiara itzuli zenean Madril, Bilbo eta Donostian bizi izan zen, bakarlari gisa nahiz orkestrarekin askotan antzeztuz. Kontserbatorioko irakasle izateko oposizioan partehartzeari uko egin zion ordainduriko postuen aurkakoa zelako. Musikan modu desinteresatuan jardun nahi zuen, zeukan benetako musika zaletasunagaitik. En la cumbre del Alto-biskar poema sinfonikoa konposatu zuen, lehen entzunaldia Gipuzkoako hiriburuan Gran Casino Orkestra Sinfonikoak eman zuelarik, Arbos maisuaren zuzendaritzapean. Harrera lausengaria izan zuen, produkzioa bera balio haundiko, deskribatzaile, teknika onekoa eta erabat euskalduna baita. Juan Iturralderen, Orreagako bataila isladatzen duen, "La batalla de los muertos" kondairan iradokitzen da. Azaroaren 13an Canto eta Nietoren La reina Margarita liburu komedia lirikoa estreinatu zuen Bella Easo Antzoki Nagusian, erabateko arrakasta izan zelarik. Orkestrazio alorrean zailtasunez beteriko arparako lan bat egin zuen, Lección de música zenbakikoa batez ere; garai hartan Donostian bizi zen Nicanor Zabaleta, orkestrako partaide izan eta jendaurrean jo zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak Juan Sebastian Elcanori eskeiniriko ereserki bat saritzeko lehiaketa antolatu zuen. Landazabalen konposizioak ez zuen lehen saria eskuratu, baina hala ere, bere meritua onartzeko ordainsari berezi bat sortu zuten.

Etorkizun disdiratsu bat eduki eta Otaño eta Aita Donostia bezelako goi-mailako musikagileen miresmena eduki arren Ameriketara joan zen. Bertan bizitza xumea izan zuen, klaseak emanez eta apenas konposatu gabe. Gainera, ez zuen bere lanen interpretazioa kudeatu.

AS

  • SALABERRI, Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Egile eta Editoreen Elkartea, Madril, 2000.

MSA