Politikariak eta Kargu publikoak

Landaburu Fernández de Betoño, Francisco Javier

1907ko irailaren 5ean Gasteizen jaiotako politikaria, euskal nazionalista (EAJ). 1963ko maiatzaren 6an, PArisen hil zen.

Marianistetan burutu zituen ikasketak eta zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Publizitate zaletasuna El Heraldo Alavés tokiko egunkariaren bitartez ase zuen 1926tik aurrera. Urte horretan El Padre Vitoria era de Vitoria argitaratu zuen.

Eusko Ikaskuntzaren kide izan zen eta 1927an, "Baraibar" atala antolatu zuen beste kide batzuekin batera. Hurrengo urtean atal horretako idazkari izendatu zuten. Denbora laburrez izan bazen ere, 1930ean Donostian sortutako El día goizeko egunkariko buru izan zen. Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako letradu aholkulari izan zen. Eusko Ikaskuntzaren Autonomia Batzordea sortu zenean, batzorde horretako Arabako ataleko urgazle izendatu zuten eta, gerora, EAJ alderdiak abiarazi zuen Estatutuaren aldeko kanpainan parte hartu zuen aktiboki. 1933ko azaroaren 19ko parlamentu-hauteskundeetan Arabako ahaldun izendatu zuten. Hauteskundetako programa Euskal Autonomia-estatutuaren defentsan oinarritu zuen eta horixe aldarrikatu zuen Gortetan. Hainbat parlamentu-batzordetako kide izan zen, besteak beste, Instrukzio publikoaren batzordekoa eta Strauss ("estraperlo") auzia ikertu zuen batzordekoa. 1936ko hauteskundeetara ere aurkeztu zen, baina porrot egin zuen, bertako akta galdu egin bazen ere.

1936ko altxamendua gertatu zenean EBBko kide zen; Gasteizen birritan atxilotu eta askatu zuten. Fronte Popularraren aurka azaldu zen, hala ere, berriro atxilotzeko mehatxupean zegoenez, 1937ko irailera arte ezkutuan egon zen. Urte hartan ihes egin eta Pirinioak zeharkatzea lortu zuen, hala Donibane Lohitzunera jo zuen (Lapurdi). Euskal Alderdi Jertzaleak Pariseko ordezkari izendatu zuen; halaber, Eusko Jaurlaritzako ordezkari ere izan zen Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Ligan. Alemaniarrak Frantziako hiriburuan sartu zirenean La Rochellera erbesteratu zuten. Frantziako zonalde okupatuan geratu zen eta Aliatuen aldeko euskal erresistentzian (Zerbitzuak) parte hartu zuen. Gestapoa atzetik bazuen ere ihes egitea lortu zuen eta, 1944ko abuztuan Pariseko altxamendua gertatu zenean, Marceau etorbidean kokatzen zen Euzkadiko Gobernuko Delegazioaren eraikina hartu zuen beste aberkide batzuekin batera. Gobernuko ordezkari izan zen bertako kideak iritsi bitartean eta, ordutik aurrera, Euzkadiko ordezkari izaten jarraitu zuen Parisen. Aguirre lehendakariarekin kolaboratu zuen etengabe eta, bereziki, nazioarteko harreman eta lanetan lagundu zion lehendakariari.

Mundu gerratea amaitu eta gero, nazioarteko hainbat organismoren fundazioan parte hartu zuen eta Alderdi Nazionalistako ordezkari izaten jarraitu zuen Federalisten Europar Batasuneko (Europako Mugimendua), Europako Komunitate Etnikoen Batasun Federalistako eta Nazioarteko Ekipo Berrietako (Kristau Demokraten Nazioarteko Batasuna) zuzendari-kontseiluetan. Europako eta kontinentearteko kongresu eta hitzaldi ugaritan izan zen. Miarritzeko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan (1948) Euskal Zuzenbide ataleko zuzendari izan zen eta Euskal Mundu Biltzarrean (1956) kultura ataleko txostengile izendatu zuten. Urte horretan La causa del pueblo vasco kaleratu zen. Bereziki, barnean ezinegona zuten gazteei zuzendutako alegatu nazionalista (hirugarren edizioa 1977an).

1960tik aurrera Eusko Jaurlaritzako presidenteorde izendatu zuten. Urte hartan Jesus Maria Leizaolak bere kargua utzi zuen, Jose Antonio Agirre hil ostean hutsik geratu zen lehendakari kargua hartzeko. Landaburuk Leizaolaren lekua hartu zuen EAJ alderdiko kontseilari modura.

1963ko maiatzaren 6an hil zen, José Antonio de Aguirre, forjador de la nación vasca izenburuko liburu bat prestatzen ari zela. Aurrerago, Alderdi aldizkarian utzi zituen idazkiak argitaratu egin ziren Bilbon (1980).

EAJ alderdiko ideologo nagusietako gisa gogoratzen dugu Landaburu eta, Koldo San Sebastianen arabera, haren pentsamenduan kristau demokrataren eta europazaletasunaren ideiak uztartzen dira:

"Francisco Javier de Landaburu berritzailea izan zen Euskal Alderdi Jertzalearen barnean. Alderdi aldizkarian idatzi zituen artikulu ugaritan argi islatzen da hori. Ziur aski, bera izan zen EAJ alderdiaren barnean kristautasun sozialaren alde gehien nabarmendu zena. Modu horretan, "Emmanuel Mounier-Leon Blun", "Patronos cristianos y curas obreros", "...Comunismo tampoco", edo "¿Debe tener el partido una doctrina social?" artikuluek aipatutako ildoa jorratzen dute. Landaburuk garai horretan Alderdi aldizkarian kaleratutako artikulu gehienetan kutsu europazale nabarmena antzematen da: "En torno al Pacto del Atlántico", "La lección de la Commonweath", "De Luxemburgo a Estrasburgo", "Marc Sagnier, el sembrador". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Muga 12. zenbakia, 1980, 108-112.