Kontzeptua

Monasterioak. Arkitektura

Monasterioena ez da kristautasunean soilik ematen den fenomenoa baina, kristautasunari dagokionez, eta beste hainbat kasutan gertatzen den bezala, monasterio-bizitzaren lehen agerpenak Egipton eman ziren III. mendetik aurrera. Monasterio hitza grezieratik dator, hizkuntza horretan monos hitzak "bakarra" esan nahi duelarik. Izan ere, monasterio-mugimenduaren jatorrian monjeak bakardadean bizi izaten ziren, eta haien artean elkartzeko eta komunitateak sortzeko joera beranduago zabaldu zen. Taldetan egoteak, bestalde, berehala nabarmendu zuen araudiak edo "erregelak" ezartzeko beharra. Badirudi lehen erregela San Pakomiok ezarri zuela IV. menderako, baina VI. mendean San Benedikto Nursiakoak ezarri zuena izan zen hedapen handia lortu zuen lehengoa. San Benediktok proposaturiko monjeen bizimoduan lan fisikoak eta izpiritualak maisuki uztartzen ziren, eta honela, egunean zazpi orduz lan fisikoak edo eskulanak egiten aritu behar ziren, beste bi ordutan lan intelektuala egiten pasatzen zuten bitartean. Geroago, proportzio horiek eta arauak aldatzen joango ziren, erreforma ezberdinen arabera. Euskal Herrian konkretuki, Antso II.a Nafarroako erregeak Clunyko monjeekin bultzatu zituen harremanak oso aberasgarriak izan ziren monasterio-mugimenduaren zabaltze prozesuan.

Denborarekin monasterioak ordena erlijiosotan taldekatzeko joera sortu zen, bakoitzak bere ezaugarri eta araudi propioekin. Honela sortu ziren, adibidez, frantziskotarrak, kartusiarrak, beneditarrak, domingotarrak, jeronimotarrak, karmeldarrak, agustindarrak, klaratarrak etab. Euskal Herrian, esaterako, garrantzi handia izan zuen XII. mendean Bernardo Clairvauxekoaren erreformak bultzatu zuen mugimendu zistertarrak, une horretan monasterioek lortu zuten arrakasta eta hedapena adieraziz. Ordena honen baitan sortu ziren, esaterako, Nafarroako Irantzu, Fitero, La Oliva, Allotz eta Eparotzeko monasterioak, edota Bizkaiko Ziortza, besteak beste.

Bestalde, komentuak eta monasterioak maiz nahasten diren arren, bi fenomenoen artean ezberdintasunak aurki daitezke. Biak maskulino ala femeninoak izan daitezke baina, funtzionamenduari dagokionez, monjeen komentuen arteko mugikortasuna ohikoa zen, monasterioetan monjeen egonaldia normalean egonkorra eta, printzipioz behintzat, bizitza guztirako izaten zen bitartean. Kokapenari dagokionez, gainera, komentuena fenomeno hiritarra da, monasterioak normalki hirietatik kanpo kokatzen ziren bitartean, nekazal eremuetan. Horregatik, komentuetan ez bezala, monasterioetan komunitate bakoitzak bere behar izpiritualak eta fisikoak era egoki eta osoan asetzeko instalazioak behar zituen, herrietara edota hirietara joan gabe. Modu honetan, elizaz aparte, monasterioetan bestelako osagaiak sortzen ziren, hala nola klaustroa, hilerria, kapitulu-gela, liburutegia, scriptoriuma, upategia, jangela, sukaldea, logela, erizaindegia edota erromesentzako eta bisitarientzako ostatua. Beste osagai garrantzitsuak ziren putzua, ukuiluak, errotak, dolareak, artisau-tailerrak eta laborantzarako lurrak. Zentzu honetan, Erdi Aroan monasterioak lurjabe handiak izan ziren, eta Euskal Herrian bertan Orreaga edota Leire bezalako monasterioek oso jabego handiak izan zituzten, Nafarroako dokumentazioak argi adierazten duen eran.

Arlo erlijiosoari eta sinbolikoari dagokionez eliza zen, zalantzarik gabe, monasterioetako osagairik behinena, baina eguneroko funtzionamenduari eta osagai ezberdinen distribuzioari dagokionez, klaustroaren garrantzia azpimarratu behar da. Klaustroa elizaren hegoaldean kokatzen zuten normalean, orientaziorik hoberena bilatzen beraz, eta bertan lorategia, putzua eta babesa ematen zuten arkuteriak zeuden, eta beraz toki lasaia eta aproposa zen meditaziorako eta otoitz egiteko. Gainera, klaustroaren inguruan lehen aipaturiko gela eta instalazio gehienak kokatzen zituzten, monasterioaren bizitzaren benetako bihotza bera zela esan dezakegularik.

Goian aipatu ditugun arrazoiengatik, eta lehen mailako gune artistiko eta kulturalak izateaz gain, monasterioak eragile sozial, ekonomiko eta politiko nabarmenak ere izan ziren Erdi Aroan. Monasterioetako abadeak Nafarroako erresumako dignitate handienetako batzuk izan ziren mendeetan zehar, eta Nafarroako Gorteetan, elizako estamentuko pertsonaien artean, Orreaga, Leire, Iratxe, La Oliva, Fitero eta Urdazubiko monasterioetako abadeak zeuden.

Nafarroako erresumako zenobio guztietatik, hala ere, Leireko monasterioaren kasua adierazgarriena izan daiteke. Komunitatearen jatorria IX. mendean eman zen nonbait, lehen aipamena 848. urtekoa delarik. Hala ere, badirudi monasterioak lehenago Errandoko mendizerran izandako mugimendu eremitikoaren jardunbidea jaso eta luzatu egin zuela. Musulmanen aurkako borroken garaian Leire babestoki garrantzitsua izan zen, eta islamiarrek Iruñea erasotzen zuten bakoitzean, erregeek beraiek ere Leirera jotzen zuten babesaren bila. Monasterioaren gailurra Antso III.a Nafarroako erregearen garaian eman zen, baina Erdi Aroan zehar herri asko Leireko abadearen menpe egon ziren, lur eremu oso zabalak kontrolatu zituzten, eta milaka nekazari monasterioari hertsiki lotetsita bizi izan ziren belaunaldietan zehar. Garrantzi horren isla garbia izan daiteke, baita ere, Leireko elizan dagoen hilobi xumean Nafarroako lehen erregeen gorpuak gaur egun arte gorde izan direla.

Garrantzi eta aberastasun hori dela eta, monasterioek eraso edota erreforma ugari jasan izan dituzte gorabehera politikoen arabera, hala nola Frantziako Iraultzan, Independentzia Gudan, Karlistadetan edota XIX. mendeko desamortizazioetan. Ez da kasualitatea, beraz, Leire, Iratxe edota Irantzu Nafarroan, Arantzazu Gipuzkoan edo Ziortza Bizkaian abandonatuak geratu zirela desamortizazioen ondorioz, Toloñoko monasterioa (Labastida, Araba) Gerra Karlistetan suntsitu zuten bitartean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Lapurdiko Belokeko monasterioa 1906ko hezkuntza legeen ezarpenarekin hustu behar izan zuten, beranduago berriro irekiko zen arren.

Lehen aipatu dugun moduan, monasterioek izandako papera politiko, ekonomiko, soziala eta kulturala oso handia izan da historian zehar, eta horren ondorio zuzena eraikin hauetan dagoen ondare artistikoa da. Monasterio gehienetan dauden bildumek edota Orreagan eta Tulebrasen dauden museoek horrela adierazten dute. Arkitekturari dagokionez beste hainbeste gertatu da baina, kasu honetan, monasterioetan dauden eraikinak, kasu gehienetan, une ezberdinetan eraiki edota berritu izan dituzte, eta ondorioz arte-estilo nahasketa handia egoten da gaur egun. Hori dela eta, monasterioen sailkapen artistikoa egiterakoan joera hedatuena elizaren estiloaren araberako sailkapena egitea izan da, sinplekerietan maiz eroriz. Honela gertatzen da, adibidez, Arabako Estibaliz edota Nafarroako Leireko monasterioekin, erromanikoarekin estuki identifikaturik, haien elizetako osagai inportanteenak erromanikoak direlako. Benetan adierazgarria izan daiteke Leireko kasua. Hemen elizako burualdea, portada eta kripta erromanikoak dira, baina elizan bertan dagoen nabea gotikoa da, eta gainerako dependentziak beste estilotan egina daude. Era berean, Iratxeko monasterioa estilo gotiko zistertarrarekin lotu ihi da, eta Orreagako kolegiata gotiko frantsesarekin baina, esan bezala, errealitatea askoz ere aberatsagoa da, eta seguru aski ez dago Euskal Herria osoan estilo bakar batetan kokatzen den monasterio-eremurik. Bizkaiko Ziortzako monasterioaren kasua ere adierazgarria izan dateke. Kasu honetan, eta komunitatearen jatorria X. mendean kokatu duten arren, eliza XIV. mendekoa eta gotikoa dela aitortu behar dugu, klaustroa Errenazimendu garaikoa den bitartean, eta Aro Garaikidean eraikitako bestelako osagaiak ere dituen arren.

Monasterioen fenomenoak Euskal Herrian izan zuen garrantzia, iritsi zaigun eraikin kopuruan ere sumatu daiteke, nahiz eta monasterio asko eta asko, batez ere txikienak, mendeetan zehar desagertzen joan diren. P.M. Villak (2001) 60 eraikineko katalogoa eratu zuen, baina zerrenda hori batere osoa ez dela argi eta garbi aitortu behar dugu. Nafarroan, adibidez, dokumentazioak eta toponimiak utzitako monasterioen zerrenda oso luzea da, bertan Allotz, Azuelo, Belate, Ekoien, Eparotz, Usun, Aberin, Tulebras, Urdazubi, Zamartze edota Zilbeti bezalako zenobioak ager daitezkeelarik. Gaur egun, hala ere, Nafarroako monasteriorik ospetsuenak, monasterio-bizitzaren garrantziagatik edota bere balio artistikoarengatik, Leireko San Salbador (Esa), Iratxeko Andre Maria (Aiegi), La Olivakoa (Zarrakaztelu), Orreagako kolegiata eta Irantzukoa (Abartzutza) dira.

Mendebal Euskal Herrian, Araban Oiongo Barriako monasterioa, Estibalizko Andre Mariarena (Argandoña) eta Toloñoko Andre Mariarena aipa daitezke, Bizkaian Ziortzako Jasokundearena (Ziortza-Bolibar), Gipuzkoan Oñatiko Bidaurretako Santa Klara eta Arantzazuko santutegia, eta ipar Euskal Herrian Angeluko Notre-Dame du Refuge, Endaiako Zubernoako Santiagoren monasterioa eta Ahurtiko Belokeko Andre Mariaren eta Santa Eskolastikaren bi monasterioak.