Pintoreak

Balenciaga Altuna, Narciso

Narkis.

Abangoardiako pintorea. Arronan (Gipuzkoa) jaio zen 1905eko urrian. Mexikon hil zen 1935ean.

Txikitatik hezurretako gaixotasun bat izan zuen hanketan eta horren erruz isolatuta egon zen, harik eta Euskal Billerako emakume batzuk ospitalean zegoelarik marraztera adoretu zuten arte; ondoren, lagunek bultzatu zuten horretara, horien artean bere lagun eta akuilu handia izan zen Zuloagak. Azken horrek, urte gutxira, Balenciagak egindako hainbat mihise baitaratu zituen bere pinakotekan paratzeko.

Juan Erenchunen arabera (La Voz de España, 1965/12/09), Guiard eta Regoyos jeinu inpresionista bikainei jarraitu zien Balenciagak:

"bere sen artistikoak bi dogmen artean borrokatu zuen: alde batetik, inpresionismo purua edo argia ororen gainetik (Barbinzon) eta, beste alde batetik, post-inpresionismo purua, argia elementu eraikitzaile gisa izanik (Proventzako artista). Begirada fin eta paleta zorrotzaren jabe eta eratzeko modu kementsua izanik, bere olioetan argia, sakontasuna, izaera eta indarra batu zituen. Argi zehazturiko izaera zuen eta mihiseak eratzeko baliabide oparoa, non paisaiarekiko leialtasun literarioaren gainetik Naturarekiko emozio zinezkoa nagusitzen zen. Hala, lehiaketa anitzetan parte hartu zuen eta hainbat erakusketa egin zituen, arrakasta itzela lortuz"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Luis de Madariagaren hitzetan:

Vicente Laffitte buru zela Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako erakusketen harira izandako promozioetatik eratorritako pintore ona da"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1928an bigarren saria jaso zuen Donostiako Pintore Hasiberrien Erakusketan. 1929an Madrilen (San Fernandoko Erret Akademia) eta Toledon bizi izan zen. Lehen erakusketa 1930ean egin zuen Bilbon, Artista Euskaldunen Elkarteak antolatuta. Hurrengo urtean lehen saria eskuratu zuen Donostiako Pintore Hasiberrien Erakusketan. 1933an Madrileko Ateneoan paratu zuen erakusketa eta 1934an Donostiako Kursaal Handian, Lecuona eta Oteizarekin batera. Horietan pilatutako diruak hartuta Gaztelara joan zen. Hala, paisaia ederrak egin zituen Segovia, Toledo, Avila eta Mantxako lurretan, tinta gogorrekoak, lerro zehatzekoak eta izaera eta emozio bizikoak.

Balenciagak Erenchunek adierazitako bidea jarraitu zuen, itzuli zen arte ikusi ez bazuen ere. Bataren zein bestearen pintatzeko modua ez zen alderagarria, izan ere, ordurako Balenciagak prestakuntza handia zuen. Gipuzkoako kostaldean eta barnealdeko txokoetan zehar bidaiatu zuen. Horrela, Lanchas en el puerto de Guetaria izeneko obra Madrileko Arte Museoak eskuratu zuen 1953an. Hori zenik eta arrakastarik itzelena zen artista guztientzat. Aldizkari eta egunkarietan haren mihiseak erreproduzitu ziren. Horien artean aipagarriak dira hauek: fintasun handiz eginiko Pastora. Partida de mus izenekoa, indar berezia zuena, ikusgarria zinez. Iglesia de Orio, Arrona con nieve, Urrestilla, Iziar, Oiquina eta Interior de una fábrica de cemento. Azkena harmonia gris finez taxutua eta oso zaila egiten...

1935ean Aitzolen gomendioari jarraiki Arantzamendi izeneko itsasontzia hartu zuen Oteizarekin batera Argentinara bidaiatzeko. Han zela hainbat erakusketa egin zituen Buenos Aires hirian eta probintzian. Oteiza eta Lekuonarekin batera munduan zehar bidaiatzeko asmoa zuen, antzinako kulturak ikertzeko gogoz.

1935eko azaroaren 26an hil zen Mexikon, azken erakusketa inauguratu berritan. Mexikoko Euskal Etxeko zuzendari-batzordeak eta artista ugarik (tartean zen Zabaleta, Donostiako arpa-jotzaile ezaguna) lagundu zuten Arronako pintorea bere azken jomugara, eskaintza hunkigarriz grabatutako mausoleo apal batera: ehorzketan Gaztelu idazleak hil-otoitz bat irakurri zuen.

Euskal koloniako lagun-talde bati esker erakusketa egin ostean arrakasta handia ukan zuen. Amerikako prentsak aho batez goretsi zuen euskal artista gaztea: bere obretako asko eskuratu zituzten museoek eta baita partikularrek ere, beren pinakoteketan paratzeko.

Gil Fillolen arabera, Balenciagaren olioak Manet ospetsuaren pare kokatzen dira eta beste obra batzuetan Gauguin apartarengandik gertu, izan ere, batzuetan efektu koloretsu eta argiak bilatzen zituen eta beste batzuetan kolorezko eskeletoen gainean modelatzen saiatzen zen.

Atzera begirako askotan sartu izan dute Balenciaga, esate baterako, Donostiako San Telmo Museoak 1983an egindakoan edota Zumaiako Kultur Etxeak 1993an egindakoan.

"Balenciagaren pintura-mota, agian hala nahita edo agian artea azaleratzeko bere modu apalaren adierazgarri delako, inpresionista eta espresionista da. Horrez gain, bere obra bizitasun handi batez hornitzen da.

Kolore epelak eta kolore hotzak neurririk gabe. Bigarren multzoan barneratzen dira Orio herriaren bi paisaiak eta lehen multzoan kokatzen da Getariako portu zaharra ageri duena. Azken horretan, bikain tonatutako pasta epelez gaineztatuta, distirak bikain kualifikatutako efektu bizia sortzen du, non gorriak eta horiak era harmoniatsuan nahasten diren eta masen oreka perfektua den. Hemen, aldi berean, inpresioa eta espresioa nahasten dira, dohain goresgarriak, artista berrientzat gidoi nagusi gisa baliagarri diruditenak. Balenciagaren azken mihise hori Arte Modernoko Museoak eskuratu zuen. Txalogarri deritzogu horri, izan ere, bada garaia arte moderno nazionalaren barnean duina eta aintzat hartzeko modukoa dena ofizialki aitor dadin"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Rafael Lopez Izquierdo, La Nación, Madril, 1933-04-01.


"Hiri-paisaia batzuk, esate baterako, Orio edo Guetaria, ederrak dira lehen begi kolpean eta, ondoren, zehaztasun gehiagoz erreparatuta, egiazko gozamena sorrarazten dute, bikain prestatutako jaki baten parekoa; hondoan agertzen diren irudi ñimiñoak, karelean bermatuta, esekitako arropek arrosaz apaindutako fatxada, isla motelez ageri den itsasadarra... Beste olio batzuk ez dira horren erraz barneratzen, tonu bioleta edo itzaltsuz tartekaturik, eduki gupidagabea ageri da horietan, garratza. Esate baterako, herriko plaza ageri duen hori, non jendetza pilatuta, gozatzen ari den halako dantza makabro bat interpretatuz. Festak edo bilera-lekuak, herrikoi dena, ez dago Regoyosen kutsu bakun eta samurrez interpretatua, nahiz eta ekidinezina den autore hori gogora ekartzea; ez da Zubiaurreren erlijiozkotasuna antzematen, ezta Jose Arrueren karikaturazko folklorismoa ere: Alemaniako espresionismotik gertuago daude horiek, Ensorretik Kirchnerrera, maskara edo lumatze modura egituratzen den giza miseria mingarria ikusteko zuten modu gordina gogora ekarriz. Pinturarekin maitemindutako gazte ilusionatuaren bi auto-erretratuei so, artearen atze-oihal ilunean barneratzen den gizona datorkigu burura bat-batean. Pinturari egindako maitasunezko aitorpen batetik (eskua, paleta, artistaren zapia), ukabilkada jaso eta bere burua isolatzen duen pintore etsitu eta sufritura pasatzen gara.

Uste dut Balenciagak ezagutzen zituela Regoyosen inpresionismo bakunaren eta Zuloagaren (bere babesle izan zen Zuloagaren) tremendismo hanpatuaren artean ezarritako mugak Agian horregatik, berak beste jomuga batzuk bistaratzen zituen: alde batetik, euskal motiboaren desmitifikazioa; eta bestetik, gaitik haratago dagoen pintura. Orbana, formaren materialtasunik eza, argiak eragindako disoluzioa edota etereoa denaren zatiketa elkarren ondoan ageri dira, eraikitako bolumenaren eta formaren aurka eta kontrajarrita, zeintzuk Cezanneren eran betikoturik ageri diren, edo hobeki esanda, Cezanne omenduz (...) Beste alde batetik, errituzko erroskilen zuriak edota zementuzko fabrikan nagusitzen den grisak, egunerokotasunaren garrantzia, zapalketa sentitzeko modua agertzen digute, inguratzen gaituenarekin laketutako begirada batetik. Balenciagak maite duena pintura da, eta badaki aurrera egiteko edota hobetzeko abagunerik eskaintzen ez dion mundu txiki horretatik atera behar duela"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adelina Moya, La Voz de Euskadi, 1983-06-16.