Monastegiak

Olivako monasterioa

Zistertar monasterioa, Andre Maria Realekoaren izenpekoa, Zarrakaztelun kokatua, Tuterako barruti judizialean (Nafarroa). 2° 13' 15" eta 42° 22' 20" koordenatuan dago, udalerriaren mendebalderantz eta hiriburuaren hego-ekialderantz. Azken horretatik 2 kilometrora, 342 metroko altueran dagoen lautada batean, Portillada amildegiaren eta Erreka Nagusiaren eta Lakandako erretenen artean.



Olivako fundazioa -eztabaidagarria-. (Fundazioarekin lotutako arazoari buruz, ikus Marin, Hermenegildo: "La Oliva, fundador y fecha fundacional", in Vianako Printzea, 90-91 (1963). Edozein kasutan, 1150 baino lehenagokoa da, 1134an Scala-Deiko abadea zen Garcia Ramirezek Bertrando zaharberritzaileari La Encisako -monasterioko sorgunea- eta harako barruti guztiak "Bardena erditik gora eta Almenara barrurantz, Puy biribiletik beherantz eta Aragoi ibaitik kanpora" lagaz abadia zistertar bat sortzeko egindako dohaintza oinarritzat hartuta. Errege hark, 1150 ondorengo gutun batean, Olivako zedarripena egin ostean, La Encisa laga zuen haren zedarririk egin gabe.

XII. eta XIII. mendeetan Oliva-Encisa sorgunea garatu zen: 1151n, Ramon Berenguer IV.ak Figarol granja eman zuen dohaintzan monasteriorako, antzinako dohaintzak berretsiz. Fundazio horrek Aita Santuaren onespena jaso zuen 1152an Eugenio III.ak onetsitako bulda bidez (Encisa, Figarol eta Castelmunio - Antso Jakitunak dohaintzan emana-). 1154an Ramon Berenguerrek Salbaguardako Pribilegioa eman zuen eta, era berean, 1157ko urtarrilean jabetzak eta pribilegioak berretsi zituen Antso VI Jakitunak Tuteran. 1162ko urtarrilean errege hark Zarrakazteluko hiribildua dohaintzan eman zuen Olivara, zegozkion barruti, eskubide eta jabetza guztiekin. Modu horretan, hasiera batean Garcia Ramirezek emandako dohaintza (Encisa-Oliva-Castelmunio ondare-gunea) berresten zen. Urte berean, Alfontso II Aragoikoak eta Alejandro III Aita Santuak aipatu guztia berretsi zuten.

Lau urte beranduago, Monte-Aragoneko kalonjeek beren eliza Olivara eman zuten; 1188an Clemente IIIak Pribilegio Nagusi bat onetsi zuen monasterioarentzat, Olivaren egoera eta ondarea guztiz sendotu zuena. Hala, 1164-1198 (monasterioaren kontsakrazio urtea) bitartean hartako eliza eraiki zen. 1210ean Pedro II Aragoikoak Podio de la Casta granja eman zuen dohaintzan eta 1232 bitartean hala dohaintzan nola erosketa bidez hainbat ondare eskuratu ziren Figarol eta Ejeako barrutietan (horrela, Aragoiko bost hiribilduetara hedatu zen ondarea) eta halaxe berretsi zuen 1255ean Jaime I.ak. 1230ean Uxueko Andre Mariako Kontzejuak soto bat eman zuen monasteriora "Aragoi ibaiaren eta Oliveta hiribilduaren artean"; 1233an Jaime I.ak ate-zerga, bidesari, lege-zerga eta bestelako erabilera edo zergatatik aske utzi zituen ondarearen eremuak. Hori funtsezkoa izan zen ondarea mantendu eta areagotzeko; 1248an Salbaguardako Pribilegio bat onartu zen.

1249. urtea funtsezkoa izan zen Olivaren historiari so. Urte horretan Inocencio IV.ak Zistertarren Pribilegio Nagusia eman zuen (Lyon, azaroak 5) eta zortzi egun beranduago, beste Pribilegio Nagusi bat Nafarroako monasterioarentzat, 1259an Alejandro IV.ak berretsi zuena. 1281ean Gimeno de Aybarrek Melidako hiribilduaren gainean zituen eskubide guztiak dohaintzan eman zituen testamentu bidez. Hiribildu horrek barruti osoaren laurdena hartzen zuen. Horrenbestez, leku horretan Olivako jaurgoa eraikitzeko oinarria finkatu zen. 1279an Aznar de Sadak Mendigorrian zituen jabetza guztiak eman zituen dohaintzan eta bi urte beranduago monasterioak Huescako beneditarrek herri hartan zituzten ondasun guztiak erosi zituen. 1298an Olivak lur ugari erosi zituen Murillo el Fruton. Hastapeneko garai haietan monasterioko jabetzak Aragoiko bost hiribilduen baitako leku ugaritan (Sadaba, Luna, Luesia, Erla, Calardues, Frago, Malpica, etab.) zehar hedatu ziren eta baita 1269an Teobaldo II.ak dohaintzan emandako lekuetan zehar ere.

XIV. mendean Olivaren abadetza oparoenetako bat bizi izan zen, Lope de Gallurrena alegia, mendearen erdialdea igaro bitartean iraun zuena. Abade hark Murillo el Cuende erosi zuen eta baita Lodosa, Ibiriku eta San Constanianoko gaztelu eta hiribilduak ere; azken hiru leku horiek Carlos II.ak (Gallurren babesle handia, haren kontseilaria) koroarentzat berreskuratu zituen, trukean Caparrosoko errentak eta bestelako sariak emanez. 1351an Melidaren gaineko jabetza biribildu zen eta Murillo el Cuende erosi zen, eta baita Caparroso eta Zizur Nagusiaren gaineko eskubideak ere. Une horretan Olivak goia jo zuen botereari zegokionez.

Abadeak Melida, Zarrakaztelu eta Murillo el Cuende hiribilduen gaineko jaurgoa zuen. Horrez gain, ondasun eta eskubide garrantzitsuen jabe zen Nafarroa eta Aragoin. Halaber, Caparroso eta Zizurreko petxen gainean ere bazituen eskubideak. 1414an Marcillako monasterioa batu zen; 1460an Zaragozako Biota eremua eskuratu zen.

1366an Oliva partzialki suntsitu zuten Enrike Trastamararen alde zeuden Frantziako Konpainiak handik igaro zirenean Gaztelako tronua bereganatzeko borrokan; Olivak ordea, berehala berreskuratu zuen bere handitasuna, bere aberastasunaren erakusgarri. Abade-jaurgoa erabatekoa eta irisgarria zen zibilentzat. Jaurgoaren baitako hiribilduetan jurisdikzioa baxua eta ertaina zen, gotzain-jurisdikziotik at zegoelarik. Horrek hainbat gatazka ekarri zituen. Olivako abadeek Nafarroako Gorteetako elizarekin parte hartzen zuten eta Erreinuko kargu gorenak ere bete zituzten, batez ere, abadetza indartsuenetan, adibide batera, Lope de Gallur eta Pedro de Erasoren (1468-1502) garaian. Bigarrenarekin Oliva inoiz baino boteretsuagoa izan zen, koroarentzat ere haren botere denborazko eta espirituala berdingabea zelarik. Hala, koroak hainbat pribilegio onartu zizkion.

Adriano VI.ak abadeak aurkezteko eskubidea onartu zion Carlos I.ari. Hori izan zen Olivak boterea eta independentzia galtzea ekarri zuen lehen urratsa. Enkomienda-sistema horren barnean, enperadoreak proposatutako abadeak (esaterako, Juan Perez Pobladura) errentak kobratu eta jauntxoen modura jokatzera mugatu ziren. Hala, abituak janzteari ere uko egin zioten (Pobladurak kasu). Enkomiendak kalte handia egin zion monasterioari, 1585ean Felipe II.a Gaztelako Kongregazioko abadeak izendatzen hasi zen arte, horietako asko Valparaisoko sorteliza zistertarrekoak.

Frai Luis de Estradak, Alcalako San Bernardo kolegioko errektoreak, 1568. urtearen bueltan Felipe II.ari bidalitako txosten batean hau esan zuen Nafarroako monasterio zistertarrei buruz:

"Etxe haietan eskasia handia zen jainkotiar gurtzari, eraikinari eta klausurari dagokienez, ez baitaude berrituta, izan ere, klaustro-abadeek errentaz gozatzea zuten helburu bakarra, erlijioa hedatzetik urrun; horrek abade haiek aurkezten dituen maiestatearen kontzientziak zer-nolako gabeziak dituen erakusten du";

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

XVI. mendearen erdialdetik XVIII. mendera bitartean, eta "Gaztelako" eta lau urtean behingo abadetzen garaian (1636tik aurrera), Olivak aro oparoena bizi izan zuen espiritual eta intelektualki. Hala, ikasbidea berritu eta areagotu egin zen. XVII. mendearen erdialdera monasterioa Aragoiko Zistertar Kongregazioaren baitan geratu zen, nahiz eta adskripzio hori ez zen mende amaierara arte formalizatu. 1647an inprimatzaileak ekarri ziren monasteriora. Hala, inprenta horretako bi obra ezagutzen dira: bat 1647koa, Nicolas Bravorena, Tractatus monasticus izenekoa, eta bestea 1648koa Notae literales Regulae Smi. P. N. Benedicti abbatis izenekoa, egile berarena.

Espainiako Ondorengotza-gerratean zehar (1704-1713) artxidukearen tropek Zarrakaztelu arpilatu zuten, baina Oliva ez zuten kaltetu. Monasterioa Borbondarren alde agertu zen. Hala, ekarpen ekonomikoa egin zuen aipatu bandoaren alde eta Felipe de Anjouren tropei laguntza eman zien. Dena den, gerraren zeharkako ondorioak jasan zituen monasterioak. Mende horretan zehar hobekuntza nabarmenak egin ziren, esate baterako, logelak eta ostatua berritu egin ziren, eta baita abadeen jauregia ere.

1722an ahultasun ekonomikoaren lehen zantzuak nabari dira. Urte hartan, Murillo el Cuende saldu zuten eta Cambroneko granja erosi zioten Ruedako monasterioari. Frantziako Konbentzioaren aurkako gerran zehar Olivan ospitale bat finkatu zen. Hala, komunitateko hainbat kide Ordenako beste monasterio batzuetara lekualdatu zituzten behin-behinekoz. Ospitalea 1.200 gaixo hartzera iritsi zen.

1809an Frantziako Gobernuak monasterioa bereganatu zuen bertako ondare eta errenta guztiekin. Horrela, 1808-1814 bitartean bertan ez zen komunitaterik egon. Fernando VII.aren errestaurazioaren ondotik, monasterioak komunitatea berreskuratu zuen. Dena den, hainbat ondare saldu behar izan zituzten egoerari aurre egin ahal izateko.

1818an Espainiako koroak jaurgoaren jurisdikzioa beretzat gorde zuen eta baita Zarrakazteluko alkatea izendatzeko eskubidea ere. Liberalen hirurtekoa zehar (1820-1823) bertan behera geratu zen berriz ere. Horrela, 1821ean komunitatea berriz kanporatu egin zuten eta urtebete beranduago bertako ondare guztiak saldu zituzten.

Absolutismoa berrezarri zelarik eta P. Arizmendi (1826-1830) eta Andres de Lizarraga abadeen eskutik, Olivak pizkunde labur bat bizi izan zuen, Mendizabalen desamortizazioa iritsi zen arte. 1835ean militarrek hartu zuten monasterioa, komunitatea kanporatuz eta hartako ondareez jabetuz. Jabetza horiek enkantera atera ziren eta gurtzako irudiak Tuterako kabildoari entregatu zitzaizkion, artxibategiarekin batera. Monasterioko eskortak (5.000 hektarea) eta 1822ko besterentzearen ostean geratzen ziren ondareak ere enkantera atera ziren 1840an, Madril eta Iruñean. Horiekin -eta Granja, El Prado, La Plana, La Becerrilla eta Pradolobera- eta Figarolekin (sorgunera atxikitako lehen dohaintza), Olivaren bizitzari dagokion ziklo historikoa itxi egin zela esan daiteke. 1843am monasterioko eraikuntzak salgai jarri ziren eraispen-material modura.

1927an Oliva berritu egin zen Nafarroako Monumentuen Batzordearen eskutik. Horrela, Getafeko (Madril) Val de San Joseko Gordetze Hertsiaren zistertar komunitateak eskuratu zuen monasterioa. Komunitatea han finkatu zen eta monasterioari bizitza eman zion berriro, 50-60 hamarkadetan Vianako Printzea Instituzioak eraikinak berritu zituelarik. 1948an berriro abadetza erdietsi zuen.

  1. Bertrando (1134, 1164)
  2. Guillermo de Vaxin (1188)
  3. Aznar de Falces (1193-1212)
  4. Andres de Ucar (1223-1236)
  5. Pedro de Conches (1247-1256)
  6. Raimundo de Bearne (1269)
  7. Miguel Arteiz de Lizarraga (1281, 1291, 1300)
  8. Sancho (1306)
  9. Martin Jimenez de Aybar (1311, 1320, 1322)
  10. Pedro de Puente La Reina (1325, 1328)
  11. Lope de Gallur (1332-1362)
  12. Juan de Peralta (1398, 1414, 1459)
  13. Pedro de Eraso (1468-1502)
  14. Alfonso de Navarra (1503-1526)
  15. Martin de Rada; Juan Perez Pobladura (1554)
  16. Miguel Goñi (1564-1579)
  17. Domingo Labayen (administratzailea)
  18. Esteban Guerra (1585-1588)
  19. Francisco Suarez (1591-1595)
  20. Gaspar Gutierrez (1596-1605)
  21. Bernardino de Agorreta (1605-1611)
  22. Luis Aux de Armendariz (1613)
  23. Angel del Aguila (1636-1640)
  24. Nicolas Bravo (1645-1647)
  25. Mauro Escaroz (1652-1656)
  26. Angel Monreal Sarria (1656-1659)
  27. Jose Carcar (1660-1664)
  28. Jeronimo Virto (1676)
  29. Andres Baquedano (1704-1708)
  30. Francisco Morales (1760)
  31. Antonio de Resa (1776-1790)
  32. Javier Jimenez (1794)
  33. Vicente Martinez (1804)
  34. Pascual Belio (1807)
  35. Mateo Zuazo (1815)
  36. P. Arizmendi (1826-1830)
  37. Andres Lizarsaga (1831-1835)
  38. Jose Olmedo Arrieta (1948-)
  39. Placido Arenaz Azcarate (1957-)
  40. Mariano Crespo Domingo (1972)

Arkitektonikoki begira, monasterioak Citeaux eta Fontenayeko, eta Espainiako Santas Creus eta Valbuena filialen, zistertar erako "T" ereduari jarraitzen dio.

Elizak zistertar estiloari jarraitzen dio erabat eta Hispania eta Languedoceko eskolakoa da. XII. mendearen azken laurdenaren eta XIII. mendearen lehen laurdenaren artean eraiki zen; 1164an abiatu zen eraikuntza eta 1198an, kontsagrazio urtean, eliza-buruaren eraikuntza amaitu zen. Hiru nabe ditu, erdikoa handiena izanik. Nabe bakoitzak sei zati angeluzuzen ditu; bost zatiko gurutzadura, erdikoa karratua, gainerakoak angeluzuzenak; bost abside-kapera, erdikoak zati angeluzuzena eta buru erdizirkularra duelarik, gainekoak karratuak. Erdiko kaperak erdi-puntuko bost leihate txaranbeldu ditu, punta parpain-arku formakoa ageri duen kainoi erdiko gangaz estaltzen dena; alboetako kaperak leihate bat dute eta gurutze-gangaz estaltzen da. Nabeak arku zorrozdun gurutze formako zutabez banatzen dira, horietako hirutan binaka paratutako zutabe-erdiak ageri dira aurrealdean eta ia osoak angeluetan. Arkuen gainean leiho txaranbelduak zabaltzen dira; erdi-puntuko arkuak Ebanjelioaren aldean eta, bikoitzak, hirukoitzak eta laukoitzak Epistolaren aldean. Tenplua gurutze-gangaz estaltzen da, pentagono formako sekzioa duten parpain-arku zorrotzen eta nerbatuen artean, gurutzaduran eta nabearen aurreko zatian izan ezik, lehenengoa hiru gingilekoak eta bigarrengoan bi gingilekoak izanik.

Kapitelak, zistertar handitasunari jarraiki, hostotza estirilizatuz eta bolekin apaintzen dira, hainbat irudiren salbuespenekin. Kanpoaldeko harlanduzko eraikuntzan kontrahormak ageri dira, modiloi lauen gainean paratutako erlaitzez estaliak. Alboetako abside-kaperan ere egitura hori errepikatzen da. Gurutzadura gainean, oktogono formako zinborio-kanpandorrea, arku zorroztuekin eta piramide formako estalkiz; gurutzaduraren besoko muturretako batean, zilindro formako dorre bat, gezileihoz hornitua eta kono formako sabaia duena.

Erdiko fatxadak 1300 inguruko portada gotikoa du. Atea txaranbeldua da, eta hamabi arkibolta erdi-zorroztu ditu. Barnealdea lorez apaindua eta kanpoaldean diamante-puntaz, ertzari atxikitako zutabe gainean. Zutabeetan kapitel jarraitua ageri da, orbel eskematikoz apaindua. Tinpanoaren goialdean krismoi bat ikus daiteke, "Agnus Dei" batekin gainjarria eta, aldi berean, haren gainean Pantocrator ikus daiteke Tetramorfos, Ama Birjina eta Haurrarekin, hiru gingileko arkupe azpian. Portadaren goialdean harburuetan paratzen den erlaitz dago. Harburu horiek itxura latzeko irudiz apaintzen dira; erlaitzaren gainean 1536ko idi-begi bat, antzinako arrosa-leiho zistertarraren erakusgarri. Fatxadaren goiburua Juan de Irunek burutu zuen 1639-40 inguruan. Dorrea kubo formakoa da, herreriar estilokoa. Kanpoaldeko hormetan hilarri-ikurrak nabarmentzen dira, Fitero eta Veruelako monasterioetakoen antzekoak.

Sakristia berria marierista da, XVII. mendekoa. Gangaren dekorazioa, berriz, XVIII. mendekoa da.

Klaustro gotikoa XIV-XV mendeetakoa da, XII. mendeko klaustro zaharreko perimetro formako hormak probestuz eraikia. Eraikuntza Lope de Gallur abade zela abiatu zen eta Pedro de Erasoren garaian amaitu ziren obrak. Oina karratu formakoa da eta irregularra, hormarte bakoitzean sei arku-multzoz osatua, kontrahormen artean. Arkudura zaharrenetan (hegoaldekoa eta ekialdekoa) hiru mainel fin ageri dira. Horien gainetik bi arku zorrotz altxatzen dira, era berean, lau hostodun hiru gingileko arku bikoitzetan errepikatzen direnak. Gainerako arku-multzoen kasuan, garai ezberdinekoak izan arren (modernoenak flamigeroak), eskema bera jarraitzen da. Mainel eta zutabedun kapitelak ezberdinak dira eta eraikuntza-garaiko bilakaera estilistikoaren erakusgarri dira. Ekialdeko hormartean eta hegoaldeko lehen zatian (zaharrenak) estilo naturalistako mahatsondo-hostoak eta mahatsak ageri dira, Iruñeko katedraleko klaustroko landaretza-motiboekin lot daitezkeenak. Hegoaldeko beste arkuterietan kapitel latzagoak ageri dira. Klaustroetako galeriak nerbiodura okerreko gurutze-gangaz estaltzen dira, apaingarri ugariz hornitua. Estaldurak arku-multzoen zutabeen bidez eusten dira alde batean eta, perimetro formako hormekin beste aldean, dekorazio anitzeko mentsula bidez. Mentsulen dekorazioa adierazgarria da, antzinakoak aberatsagoak izaki.

Kapitulu-gela klaustroaren ekialdeko hegalean dago, XII. mendekoa edo hurrengo mendearen hastapenekoa da, zistertar erakoa erabat, estilistikoki Scala-Dei delakoarekin lotzen da. Hiru nabetan bereizitako oin angeluzuzenekoa da; erdian lau zutabe ditu hostotzaz apaindutako kapitelaz. Kapitalen gainean zimazioak ageri dira. Horietatik hiru gurutze-ganga tramu abiatzen dira, nerbiodura okerrekoak. Klaustroarekiko lotura erdi-puntuko bost arkupez egiten da. Arkupe horiek molduratuak dira, erdikoa sinplea eta alboetakoak bikoitzak. Kapitulu-gelaren hondoan horma-hobi bat zabaltzen da pilastra artean, XVII. mendearen hastapeneko hiruki formako frontoi bat duena.

Klaustroaren ekialdeko hegalean mintzategi bat dago kainoi erdiko ganga bat eta igarobide batekin. Mintzategiaren alboko atea liburutegiarekin edo "nobizio-gelarekin" komunikatzen da. Azken gela hori kapitulu-gelaren garaikidea da. Oin angeluzuzenekoa da eta erdiko bi zutabe ditu, anana, orbel, palma eta "Agnus Dei" irudiz apaindutako kapiteldunak. Kapitelak zimazioz errematatzen dira; gangak gurutzeria zorrotzekoak dira.

Antzinako sakristia oin angeluzuzeneko gelaxka bat da, XII. mendearen erdialdeko kainoi erdiko ganga duena. Klaustroaren iparraldeko hormari erantsita errefektorio erromanikoa dago, ia eraitsia; haren aldamenean, sukaldea, oin angeluzuzenekoa, gurutze-ganga zorrotzeko hainbat zatitan banatua, alderantzizko mentsula jonikoetan sostengatzen dena.

San Jesukristoren kaperak osatzen du monasterio-multzoa. Estilo zistertarreko eliza txiki bat da (XII. mendekoa). Gurtzarako erabili zen lehenengoa, egun zutik dauden eraikinetik aparte eta ekialdera kokatuta. Kaperaren zati bat kainoi erdiko gangan estalita dago, parpain-arkuz. Ganga zutabe partekatutan sostengatzen da. Zutabe horien kapitela hostotza estiloz dekoratuta dago, kapitulu-gela eta goiburu erdizirkularra bezalaxe. Azken hori esfera-laurden batez estalita dago, zutabeetara jaisten diren lau nerbio lauz osatua. Egitura hori abadeen elizaren goiburua egiteko eredutzat hartu zen.

Abadeen jauregia 1565ekoa da, beranduago, 1780an Antonio de Resa abadeak berritu bazuen ere. Bi gorputz ditu, lehenengoa harrizkoa eta bigarrena adreiluzkoa. Guztia pilastra bidez egituratua. Pilastra horiek osatzen duten koadroaren barnean arkudura itsuak daude eta, azken horien barnean, idi-begiak. Multzoa errematatzeko, adreiluzko atiko bat dago, leihoduna.