Kontzeptua

Elizak. Arkitektura

"Eliza" hitza ekklesia hitz greziarretik dator eta, mundu helenistikoan, herritarrek egiten zituzten asanbladak edota bilerak izendatzen zituen. Euskarak mailegu hori latinaren bitartez jaso zuen, hizkuntza horretan ecclesia hitzak kristauen bilkurak eta ospakizun erlijiosoak egiteko erabiltzen zituzten eraikinak ere adierazten hasi zelako. Modu honetan, eliza hitzak bi esanahi hartu ditu, bata irudizkoa eta erlijiosoa eta bestea erreala, arkitektonikoa. Bigarren adiera hau da hemen aztertu nahi duguna.

Elizak oso ikuspuntu ezberdinez aztertu ditzakegu. Honela, irizpide posible bat tenplu ezberdinen status juridikoa aztertzetik lor dezakegu. Honen arabera, sailkapen landua eta osoa erdietsi ahal dugu. Nekazal eremuetan edota baso eta mendietan isolatuak agertzen diren baselizak, gazteluetan, jauregietan eta beste hainbat eraikinetan egon daitezkeen kapera eta otoiztegi pribatuak, herri bakoitzean dagoen eliza nagusia eta auzoetan dauden parrokiak, pelegrinazio-santutegiak, komentu-elizak, monasterio-elizak edota elizbarrutietako hiriburuetan dauden katedrala handiak dira Euskal Herrian ager daitezkeen kategoria juridiko horietako batzuk, eta guztietatik adibide esanguratsuak erraz mahaigaineratu ahalko genituen.

Aspektu tekniko batzuk ere aprobetxagarriak izan daitezke sailkapen bat egiten saiatzeko. Honela, adibidez, eliza baten diseinuan aukeratutako oinplano mota oso adierazgarria izan daiteke. Eredu zaharrena oinplano basilikala da, espazio bateratu betekin eta nabeetan banatua, eta ekialdera begira dagoen abside batekin. Erromatarren basilika zibilean zuzenean inspiratua dago. Berehala, hala ere, eredu basilikal honi transeptu izeneko zeharkako nabea gehituko zitzaion, gurutze latinoko oinplano ospetsua sortuz. Disposizio mota hau jarraituz dozenaka eliza, erromanikoak eta gotikoak, eraiki ziren Erdi Aroan Euskal Herria guztian. Done Jakue Bidearen eraginez, gainera, "pelegrinazio estiloko" oinplanoa sortu zen, gurutze latinoko oinplanoa zuten elizen burualdeari girola izeneko deanbulatorioa gehituz, erromesen ibilera aske eta etengabea errazteko asmoz. Done Jakue Bideko katedral handi eta ospetsuak bezalaxe, Baionako, Gasteizko eta Iruñeko katedralak eraiki zituzten pelegrinazio estiloko eredu hau jarraituz.

Arabako hainbat eskualdetan eta Nafarroa gehienean, iparraldeko eta hegoaldeko bi muturrak kenduta, eliza mota berezi bat aurki dezakegu. Herri txikietako, herrixketako eta jaurerrietako tenplu mota da, eta eraikin xumeak izan arren, bataz besteko antzinatasun handia dute, gehienak 1100 urte ingurukoak direlako, zaharragoak direnak falta ez diren arren. Horregatik, kasu askotan behintzat, herrien jatorriarekin berarekin erlazionaturik daude. Eliza txikiak dira, nabe bakarreko oinplanoarekin, eta horma zuzenean amaitutako burualdearekin maiz, burualde absidialak falta ez diren arren. Atea Epistolaren aldeko murruan egoten da, hegoaldera begira beraz, klima-baldintza hoberenak bilatzearren. Estalki gisan, fabrikak kanoi ganga bat jasotzen zuen, profil zorrotzekoa maiz, burualderako labe ganga bat eraikitzen zen bitartean. Nabearen oinetako murruen gainean, azkenik, kanpai-dorre bat altxatzen zuten. Eredu hau jarraituz, esan bezala, dozenaka herrietako elizak eraiki zituzten Erdi Aroan. Iruñerrian, Zangozaldean eta Lizarraldean, baita Aurrepirinioko bailaretan, Erriberri eta Tafalla inguruko lurraldeetan eta Arabako lautadan ere ale interesgarriak erraz aurki daitezke.

Oinarrizko eredu honi, bestalde, mendeetan zehar hainbat aldaketa ezartzen ohi zitzaizkien. Honela, oso normala da atea lehorpe batekin babestea, gehienetan egitura arinekoa, eta elizaren oinetan zurezko koru jasoa eraikitzea. XVI. mendean, gainera, elizako estalkia aldatu zuten askotan, gurutzeria-ganga bat gehituz. Honela, elizak altuera irabazten zuen, eta horma sendoak argitasun handiagoa emango zuten leihoekin zulatu ahalko zituzten, gotikoaren bultzaden teoria onuragarria ezarriz. XVI eta XVIII. mendeetan oso ohikoa izan zen, baita ere, Erdi Aroko fabrikari bi kapera irekitzea, simetrikoki kokatuta, transeptu baten moduan, eta sakristia bat gehitzea, burualdeari itsatsita.

Oinplano zentralak ere ordezkatuak daude Euskal Herrian, horra hor Eunateko eta Torres del Ríoko bi eliza oktogonalak adibidez. Biak Done Jakue Bidearen ertzetan kokatuta daude, eta biak hilerri-kaperak izan ziren Erdi Aroan. Horregatik, oinplano zentral hori Jerusalemgo Hilobi Santuko elizaren oinplanoaren imitazioan erabili zutela esan ohi da behin baino gehiagotan. Aro Moderno eta Garaikidean oinplano zentral mota gehiago erabiliko zituzten. Gurutze grekoko oinplanoak, adibidez, arrakasta handia izan zuen XVIII. mendean, Tuterako Kaputxinoen Komentuan eta Bilboko San Nikolas eliza barrokoetan ikus daitekeen moduan, edota Bermeoko Santa Maria eliza neoklasikoan. Hala ere, aitortu behar dugu Erdi Aroko elizen tipologien nagusitasun estetiko, moral eta praktikoa errespetatu izan dela beti, gaur egun arte.

Euskal Herriko eliza zaharrenak hiri garrantzitsuenetan sortuko zirela pentsa dezakegu eta, zentzu honetan, Iruñeko katedralari buruz dakiguna adierazgarria izan daiteke. Lehengo eta behin, katedralaren kokapenak berak, Pompelo hiri erromatarraren foroaren gainean, fede ezberdinen artean dauden loturak eta egon ohi den linealtasuna argitzen digu, gaurko eliza kristaua garai bateko tenplu erromatarraren gainean eraiki zela suposatu dezakegulako. Dokumentazioaren arabera, bestalde, 589. urterako Iruñean gotzain bat zegoen, eta gotzaina izateak katedrala zegoeneko seinalea da, zalantzarik gabe. Beraz, VI. menderako, Iruñean nolabaiteko tenplu prerromanikoa zegoela ondorioztatu dezakegu, Euskal Herriko zaharrena behar bada. Bisigodoen garaian tenplu kristaua ere egon zen Iruñean, lehengo orube berean, eta jakin badakigu 924an, Abd al Rahman III.ak burutu zuen Iruñearen aurkako erasoan, bere "eliza ospetsua", agiriek dioten moduan, suntsitu egin zutela. Geroago, toki berean eliza erromanikoa eta gotikoa eraikiko zituzten. Iruñetik atera gabe, San Nikolas eliza eraiki zen XI. mendean material erromatar zaharrak berrerabiliz, eta haren murruetan kapitel erromatarrak ikus daitezke oraindik.

Linealtasun hori bera baiezta dezakegu Euskal Herriko herrialde guztietan dauden hainbat baselizen kokapena aztertuz gero, kristautasun aurreko toki sakratuetan kokatuak daudelako maiz. Honela gertatu zen, adibidez, Nafarroako Etxauriko San Kiriako ermitan, Bizkaiko Mañariako Unzillaitzeko San Martin baselizan edota Gipuzkoako Araotzeko San Elias ermitan. Eta Tuteran, XII. mendean, hiria birkonkistatu ondoren, gaurko katedral zoragarria eraiki zuten hiriko meskita nagusia zegoen tokiaren gainean, bere materialak aprobetxatuz.

Jakina, Euskal Herriko elizen sailkapenik hedatuena, irizpide geografikotik lor daitekeenaz aparte, arte-estiloen araberakoa da. Zerrenda zehatz eta osoa egiteko edozein saialdi bat alferrikakoa izango zen arren, hona hemen estilo nabarmenetako adibide esanguratsu batzuk.

Erromanikoa oso ongi ordezkatua dago Euskal Herrian, Done Jakue Bidearekin lotuta dauden eraikinak ospetsuenak direlarik. Aipatu ditzakegu, besteak beste, Iruraitz-Gaunako Andre Maria eliza, Bernedoko San Martin, Oibarreko Andre Maria, Tuterako Andre Maria katedrala, Gazolatzko Andre Maria eliza, Tuterako Santa Maria Magdalena, Eunateko Andre Maria, Aralargo San Migel, Baigorriko Doneztebe, Mendibeko Salbatore, Donazaharreko San Piarres Usakoa, Ospitaleko eliza, Santa Graziko eliza, Hauzeko San Joan Bataiatzaile eta Urdiñarbeko San Migel eliza.

Gotikoa, izan zuen hedapenagatik eta denboran zehar izandako iraupenarengatik, Euskal Herrian hobekien ordezkatua dagoen arte-estiloa da. Besteak beste, aipa ditzakegu Gasteizko katedrala eta San Migel eta San Pedro elizak, Kanpezuko Andre Maria eliza, Gaubeako Jasokundeko Andre Maria, Urizaharreko Andre Maria, Bilboko Santiago katedrala eta San Anton eliza, Galdakaoko Andre Maria, Gueñeseko Andre Maria, Lekeitioko San Anton, Aulestiko San Joan Bataiatzailea, Beasaingo Jasokundeko Andre Maria eliza, Arrasateko San Joan, Oñatiko San Migel, Iruñeko Santa Maria katedrala eta San Zernin eta San Nikolas elizak, Lizarrako Hilobi Santuko eliza, San Migel eta San Pedro elizak, Artaxoako San Saturnino eta Bianako Andre Maria.

XVI. mendean, bestalde, gotikoak garrantzi handiko bigarren une bat bizi izan zuen Euskal Herrian, batzuetan Errenazimenduaren hasierarekiko estilo-muga bereizten zaila den arren. Une honetako elizen artean aipatu ditzakegu Bilarko Jasokundeko Andre Maria, Gasteizko Jasokundea, Busturiako Andre Maria, Ordiziako Jasokundea, Irungo Junkaleko Andre Maria, Eibarko San Andres, Oiartzungo San Esteban, Donostiako San Bizente, Hernaniko San Joan, Zumaiako San Pedro, Getariako San Salbador, Bergarako Santa Marina, Tuterako San Frantzisko eta Santa Maria elizak eta Altsasuko Andre Maria.

Berpizkundean, Eltziegoko San Andres, Erriberabeitiako San Esteban, Portugaleteko Andre Maria, Markina-Xemeingo Jasokundea, Bilboko San Bizente, Lazkaoko San Migel Goiangeruaren eliza, Bergarako San Pedro Ariznoakoa, Argedaseko San Esteban eta Tuterako San Jorge aipatu ahal ditugu.

Barrokoari dagokionez, nabarmendu ditzakegu Eako Jesusen Andre Maria, Bilboko San Nikolas eta Joan Santuen eliza, Larrabetzuko San Emeterio eta San Zeledonio, Loiolako Santutegia, Donostiako Santa Maria basilika, Tuterako San Nikolas eta Andre Mariaren Konpainiaren elizak, Los Arcosko Santa Maria, Iruritako San Salbador edota Ziburuko San Bizente.

Aro Garaikidean ere eliza asko eraiki izan dira Euskal Herrian. Iparraldeko hiru eskualdeetan, bereziki, Frantziako Iraultzan izandako suntsipenek fabrika berriak eraikitzera bultzatu zuen XIX. mendean. Estilo neoklasikoan eraiki izan ziren Bermeoko Santa Maria edota Martzillako San Bartolome elizak, XVIII. mendean, baina askoz ere arrakastatsua izan zen, XIX. mendean dagoeneko, estilo neogotiko historizista. Aipatuko dituku Urkiolako Santutegia, Bilboko San Frantzisko eta Jesusen Bihotza elizak, Donostiako Artzai Ona katedrala eta San Ignazio elizak, Altsasuko Kaputxinoen eliza, Uztaritzeko Done Bikendi eta Donibane Lohizuneko San Joan Bataiatzailea. XX. mendean Tuterako Graziako Santa Maria eta Kaputxinoen elizak edota Aldabako San Migel bezalako elizak altxatu dituzte, eta 2011an estreinatu egin zen Gipuzkoako Izaskungo Ama Birginaren eliza, Rafael Moneo nafar arkitektoak egina.

Bukatzeko, gogorazi behar dugu kategoria guztietako elizetan arte-altxor garrantzitsua bildu dela, hala nola eskultura eta margolanak, erretaulak edota zilargintza eta urregintza lanak.

  • LACARRA DUCAY, M.C. (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1983.
  • MARTIN IBARRARAN, E. Arkitektura erlijiosoa: Euskal Herriko ermitak, elizak eta katedralak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2008.
  • PLAZAOLA, J. "El arte gótico en Euskal Herria". Revista Internacional de Estudios Vascos, 47 zk. Donostia, 2002.
  • PLAZAOLA, J. Euskal artearen historia (bost ale). Donostia: Etor-Ostoa, 2002-2005.
  • URANGA, J.E./ ÍÑIGUEZ, F. Arte medieval navarro. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1973.