Argazkilariak

Irurzun, Pedro Maria

Nafarroako argazkilari hau Iruñean jaio zen 1902an, eta 1958an hil.

Goiz hasi zen argazkigintzan, baina 1940ra arte ez zen sistematikoki lanean aritu. Antza denez, aitak oparitu zion lehenengo kamera, haurra besterik ez zela. Orduz geroztik, argazkilaritza dibertsioetako bat izan zuen, eta pixkanaka ogibide bihurtu zen. Agrupacion Fotográfica y Cinematográfica de Navarra taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta hainbat aldizkaritan lanak egin zituen, hala nola Sombras, Arte Fotografico eta Luz y Sombras. 50. hamarkadaren hasieran, Irurzunek estudioa ezarri zuen, eta erretratuan espezialista zen. Garai hartan, publizitate argazkilaritzan lanean hasi zen, eta hainbat lehiaketatan eta aretotan parte hartu zuen. 1945ean, Lidia Anoz argazkilari nafarra ezagutu zuen. Berarekin ezkondu zen, eta elkarrekin lanean aritu ziren urte luzez. 1952an, biriketako gaixotasun bat hartu zuen, azkenean heriotza eragin ziona. Carlos Canovas argazkilari nafarra Irurzunen obra aztertu duten adituetan nagusietako bat dugu, eta honela deskribatu du haren lana:

"azterketa psikologikoa eta pertsonaiarenganako elkarrizketa zituen oinarri. Hala ere, argazkiak ikusterakoan, lehenengo begiratuan kontrakoa antzeman liteke. Irudiak modeloaren inguruko hausnarketa sakon baten ondorio direla esan genezake, neketsua eta serioa eta aldi berean zertxobait eutsia den hausnarketa ahalegina. Baina bigarren analisi batek agian bestelako gogoetak ekar diezazkiguke: Irurzunen nortasunak obra baldintzatuko luke, hau da, haren izaeraren eta sentitzeko moduaren ondoriorik logikoena litzateke. Pertsonaiei egindako argazkiak pertsonaia horien talentuaren adierazpenik onena izan beharko litzateke, noski. Zinezko mirespen hori irudien funtsean eta itxuran nabari daiteke, hein handi batean. Irurzunen erretratuak edertasun formalaren eta modeloarenganako nolabaiteko debozioaren artean daude, azterketa tekniko zorrotzaren eta argazkiko subjektuaren onena lortzeko nahiaren artean".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

  • CÁNOVAS, Carlos. Apuntes para una Historia de la fotografía en Navarra, colección Panorama, Ed. Institución Príncipe de Viana, 1989, pp. 73-85.
  • LÓPEZ MONDÉJAR, Publio. 150 años de la fotografía en España, ediciones Lunwerg.
  • LÓPEZ MONDÉJAR, Publio. Las Fuentes de la Memoria, Fotografía y Sociedad en España, ediciones Lunwerg.