Politikariak eta Kargu publikoak

Ibarretxe Markuartu, Juan José

Político alavés, nacido en Llodio el 15 de mayo de 1957. Licenciado en Ciencias Económicas por la Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU).

Su carrera política se inicia como Alcalde de su ciudad natal entre 1983 y 1987. Procurador de las Juntas Generales de Álava desde 1983 hasta 1994, Juntas que presidió entre 1987 y 1991. Diputado al Parlamento Vasco por el Partido Nacionalista Vasco (PNV), en el que milita desde joven, desde 1984 en todas las legislaturas. Entre 1986 y 1994 ostentó la presidencia de la comisión de Economía del Parlamento.

Fue Vicelehendakari y consejero de Hacienda y Administración Pública en el último gobierno de José Antonio Ardanza (1995-1998), puesto en el que negoció con éxito la renovación del Concierto Económico. Entre 1994 y 1998 formó parte del Consejo Social de la UPV-EHU y de la Comisión Económica y Financiera del mismo.

El 29 de diciembre de 1998 fue elegido Lehendakari (Presidente del Gobierno Vasco) con los votos de PNV, Eusko Alkartasuna (EA) y Euskal Herritarrok (EH), siendo investido el 2 de enero de 1999.

Candidato a Lehendakari por la coalición PNV-EA en los comicios de 13 de mayo de 2001 -una de las elecciones más reñidas de la historia vasca, distorsionada por la cuestión de la violencia- obtiene escaño en el Parlamento Vasco; en julio del mismo año es reelegido Lehendakari.

Su afición al ciclismo le llevó a presidir, en su etapa como alcalde, la "Sociedad Ciclista Llodiana".

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak 2002ko irailaren 27an Eusko Legebiltzarrean eskainitako hitzaldia.

    1/ Ideia

Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu. Euskal gizartea zain dago. Guri begira dago. Irtenbideak eskatzen dizkigu ordezkari politikooi. Lehendakariak eta bere Gobernuak ez diote huts egin nahi itxaropen horri. Ez dugu etsiko, eta ez gara sartuko ETAk eskaintzen duen kale itsuan. Ez gara abiatuko gorroto eta frustrazioaren bidetik. Inora ez doan bidetik. Ez dugu etsiko eta ez gara inmobilismoan, blokeoan eta etengabeko ezetzean eroriko, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak planteatzen duten bezala. Bide horrek ez gaituelako bakera hurbiltzen, eta gizartearen krispaziora garamatzalako.

Euskal gizarteak ez du berriz egin nahi iraganari buruzko eztabaida antzurik. Era berean, ez du nahi inork arrastaka eramatea gizarte?eraso eta zatiketaren eszenatoki iraunkorrerantz. Euskal gizartea aspertuta, nekatuta dago indarkeriarekin. Nekatuta dago inposaketa eta xantaiekin. Nekatuta dago mezu ezkorrekin. Gure gizartea ez da heldugabea, azken hauteskundeak izan ondoren norbaitek esan zuen bezala. Gure Herria zentzuduna da; milurteko batzuk bete ditu eta adinez nagusia da bere etorkizunaren jabe izateko. Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu. Etorkizunari begiratu nahi dio, iraganari uko egin gabe. Aurrera egin nahi du.

Estatuarekiko Itun Politiko berriaren beharra, irtenbiderako egitasmoaren giltzarri.

Itxaropen horri erantzuna emateko, itun politiko berria eratu behar da, gure autogobernuaren markoa egungo euskal gizartearen gehiengoak dituen nahi eta helburuei egokitzeko, Gernikako Estatutuak berak ezartzen dituen tresnak eta ahalmenak erabiliz. Hauxe da, nik, Lehendakariak, euskal gizarteari planteatu nahi dizkiodan etorkizunerako apustu estrategikoa eta irtenbiderako egitasmoa. Kontua ez da egindako ibilbideari uko egitea, edo indarrean dagoen Estatutuaren bidez gureganatu ditugun konpetentzien kudeaketa eraginkorrari esker lortu dugun ongizate-maila gutxiestea. Kontua da elkarbizitzarako egitasmo berria eraikitzea, atxikimendu librean eta partekatutako subiranotasunean oinarrituta; eta ez menpekotasunean eta Estatuaren ikuspegi zehatz baten inposaketan oinarrituta eta Euskal Herriaren borondatea alde batera utzita. Lehen Legebiltzar honi adierazi diodan bezala, behin betikoz onartu behar dugu, normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko, ez dela erabaki behar nork gestionatu behar duen konpetentzia hau edo beste hori. Normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko, onartu behar dugu Euskal Herria ez dela Estatuaren menpeko zati bat, baizik eta nortasun propioa duen Herria, barneko harremanen marko propioa ezartzeko eta benetako estatu nazio anitz bati askatasunez atxikitzeko ahalmena duena.

Euskal gizarteak hartutako erabaki demokratiko batzuei sordina interesatua jarri badiote ere, errealitatea tematia da eta hor dago. Beste alde batera begiratzeak ez du inolako laguntzarik emango, oraindik sufritzen ari garen normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren arazo historikoa konpontzeko.

Errealitatea tematia da eta 1990eko otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrak, 38 boto alde jasota, gehiengo absolutuarekin beraz, eta Herri Batasunaren laguntzarik izan gabe, honako hau aldarrikatu zuen: "Euskal Herriak autodeterminazioaren eskubidea dauka. Bere status politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala era libre eta demokratikoan erabakitzeko bere hiritarrek duten ahalmenean datza eskubide hori; bai marko politiko propioaren bidez, bai bere subiranotasuna, osorik edo zati batean, beste Herri batzuekin partekatuz".

Errealitatea tematia da eta azken hauteskunde autonomikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko 10 biztanletik 8k eman zuten botoa eta gehiengoak programa zehatz bat berretsi zuen, euskal gizarteak etorkizuna erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea defendatzen zuena. Errealitatea tematia da eta Eusko Legebiltzarrak uztailaren 12an gaurko Estatutuaren potentzialtasunak garatzea eta Estatuarekiko itun politiko berria egiteko lehen urratsak egitea onartu zuen, euskal gizartearen gehiengoak askatasunean eta demokrazia erabiliz azaltzen dituen asmoei erantzuteko.

Hauxe da errealitatea, eta horri aurpegia ez emateak, erantzukizun politiko eza ezezik, euskal gizartearen gehiengoak zilegitasun osoz dituen nahi eta asmoei egindako iruzurra ere adierazten du, konponbiderako eta elkarbizitzarako egitasmoan aurrera egin nahi baitu euskal gizarteren gehiengoak.

Beharrezkoa da, beraz, errealitateari aurpegia ematea eta itun politiko berria bat planteatzea, euskal gizartearen borondate demokratikoa bildu eta bereganatzeko gauza izango dena.

Zuek ongi dakizuenez, iazko urriaren 25ean egin zen Osoko Bilkuran, Estatutuaren ahalmenak garatu behar genituela adierazi nuen, itun berria lortzeko, elkarbizitzarako bilgune berria lortzeko. Itun berri horren egitasmoa eratzeko beharrezkoak iruditu zitzaizkidan oinarri eta printzipioak aurreratu nituen. Proposamen irekia erabili nuen horretarako, beti ere, autogobernuari buruzko batzordea bat berariaz eratu ondoren batzorde horretan gauzatuko zen eztabaidan laguntzeko.

Gainontzekoa ongi ezagutzen duzue, Legebiltzarreko Batzorde horretan buru belarri egin baituzue lan sei hilabetetan. Lan horren ondorioz, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak diktamen bat onartu zuen uztailaren 12an eta diktamen horretan 2001eko urriaren 25ean proposatutako oinarriak osorik berretsi ziren.

Ildo horretan, euskal iritzi publikoari, eta baita espainolari ere, jakin arazi nahi diet Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek borondate sendoa dutela irtenbiderako egitasmo honetan aurrera egiten jarraitzeko. Azkeneraino iritsiko gara, uste osoa dugulako hori dela euskal gizartearen gehiengoaren asmoa ordezkatzen duen bidea.

Prozesuaren ateak irekita egongo dira beti, euskal gizarteko sentsibilitate guztien ordezkariek parte har dezaten; baina oraintxe bertan aditzera eman nahi dut ez dugula onartuko putzuaren hondoari lotuko gaituen beto?eskubiderik. Bidea pausoz pauso egiten da, eta ibilbidea guk bakarrik hasi behar badugu, bakarrik hasiko dugu, horretarako behar den sendotasun politikoa eta gizarte-zilegitasuna daukagulako. Azkenean, euskal gizarteak berak berretsi, saritu edo zigortu beharko du lortutako emaitzaren egokitasuna.

Ni neu izango naiz konponbide hau bultzatzen jarraituko duena. Hori dela eta, beste bi urrats eman nahi ditut Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honetan. Lehendabizi, egitasmoa argitu nahi dut; hau da, Elkarbizitzarako Itun berriaren proposamenaren edukia azalduko dut.

Bigarrenik, ituna garatu eta gauzatzeko jarraitu behar den prozesuaren zedarririk garrantzitsuenak aurkeztuko ditut.

    2/ Egitasmoa

Espainiako Estatuarekin askatasunez elkartzeko status berri bat etapa berri baterako.

· Zutabeak

Elkarbizitzarako itun bat lortzea da helburua, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzerakoan bere borondatea zein den jakitera emateko duen eskubidea onartzea oinarritzat hartuta. Itun honek hiru zutabe nagusi ditu:

a) Euskal Herriak berezko nortasuna du...
b) eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du...
c) gaur Euskal Herria eratzen duten eremu juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuta.

a) Berezko nortasuna duen Herria

Euskal Herriak berezko izaera du, Europako Herrien multzoaren barruan. Euskal Herriak ondare historiko, sozial eta kultural paregabea gordetzen du. Ondare hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako biztanle guztiena da, Pirinioen bi aldeetan dauden lurralde horietako biztanle guztiena, eta ezin du inork monopolizatu.

Euskal Herria historian zehar finkatu den eremu geografikoak izen asko izan ditu: Baskonia, Nafarroako Erresuma, Euskal Herria edo Euskadi.

Euskal Herria, gaur egun, hiru errealitate juridiko-administratibo ezberdinetan eta bi estatutan egituratzen da. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoa ?Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoak, alegia? eta Nafarroako Foru?Erkidegoa daude, biak Espainiako Estatuan. Eta, bestetik, Iparraldeko lurraldeak daude ?Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroa?; horiek guztiak Frantziako Estatuan daude eta ez dute berariazko egituraketa politikorik.

Euskal Herria historian zehar ez da inor baztertzeko eratu, eta ez da inoiz inor baztertzeko eratuko -lehen ez da inor kanpoan utzi eta orain ere ez da inor kanpoan uzten, kanpoan geratzerik nahi ez badu-; aitzitik, gizarte bizia da, norberak euskal identitate sentimenduarekin bat egin nahi izatearen emaitza; gainera, kasu askotan, sentimendu hori bateragarria da beste nazio edo estatu batzuen parte sentitzearekin. Euskal Herriaren parte sentitze horrek arau juridikoak edo muga politikoak gainditzen ditu. Identitate nazionalaren sentimenduak ezin baitira inposatu, ezin baitira debekatu inolako dekretu, lege edo konstituzioren bidez. Naturaltasun osoz onartu behar da pertsona bakoitzak nahi duen partaide izate edo identitate sentimendua izan dezakeela, Giza-Eskubideen Kartan bereriaz adierazten den bezala.

b) Eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du

Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea du. Eskubide hori Legebiltzar honek 1990. urtean gehiengo absolutuz onartu zuen, herrien autodeterminazio-eskubidearen arabera. Herrien autodeterminazio?eskubide hori Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean ere onartzen da. Hona zer aldarrikatzen duten hitzarmen horiek lehenengo artikuluan: "Herri guztiek askatasunean erabakitzeko eskubidea dute. Eskubide hori dela-eta, izaera politikoa askatasun osoz erabakiko dute, eta garapen ekonomiko, soziala eta kulturala bultzatuko dute". Bi itun horiek, gainera, Espainiako Estatuaren konstituzionalitate-blokeari gehitu zaizkio, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez.

c) Gaur Euskal Herria eratzen duten eremu juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuta.

Euskal Herriak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko duen eskubideaz baliatzeko, gaur egun Euskal Herriari egitura ematen dioten eremu juridiko-politikoetako herritarrek bere etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duten jakinarazteko eskubidea arduratsu errespetatu behar da. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren erabakiak, Nafarroako Foru Erkidegokoenak eta Iparraldekoenak errespetatu behar dira, elkarren artean izan nahi dituzten barne-harremanak nahiz bakoitzaren Estatuarekin izan nahi dituztenak ezar ditzaten.

· Proposamena eta bere edukia

- Euskal Herriaren parte garenez, Euskal Autonomia Erkidegoak erabaki?eremu bat osatzen du.

- Jatorrizko subiranotasuna dugu, gure eskubide historioak berariaz jaso baitira Konstituzioan eta indarrean baitaude eguneratuta.

- Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria eta Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean Autodeterminazio?Eskubidea aldarrikatzeko hartu zuen Erabakiaren Xedapen Gehigarria erabili nahi ditugu.

Hori guztia dela eta, elkarbizitzarako Itun Politiko berri bat aurkeztu nahi diogu Espainiako Estatuari, gure nortasun nazionala onartzean eta nazio anitzek osatutako estatu bati askatasunez elkartzean oinarritutako itun bat.

Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren parte eta erabaki-eremu denez, eta gure etorkizuna askatasunean eta demokrazia erabiliz erabaki nahi dugunez, Espainiako Estatuarekiko harreman?aro berria planteatu nahi dugu, elkartutako nazio librearen status berri batean oinarriturik.

· Itun berriaren edukia

Gernikako Estatutuak gaurko autonomia erregimenari ezartzen dizkion ahalmenetatik abiatuta, gure autogobernua ondoren adieraziko ditudan terminoetan sakontzea planteatzen dugu:

1) Gure nortasun nazionala eta gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea legez onartzea.

Euskal Herriak etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea onartzea; hau da, egun Euskal Herria eratzen duten lurralde, lege eta politika eremu ezberdinetako borondatea errespetatuz, Euskal Herriak izan nahi dituen barneko eta kanpoko harreman markoa onartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren parte eta erabaki-eremu denez, etorkizunaz erabakiak hartzeko dugun eskubidea eratu nahi dugu, euskal gizarteari erreferendumaren bidez kontsulta demokratikoak egitea arautu eta kudeatzeko ahalmen osoa onartuz.

Halaber, eta Estatuaren nazio aniztasunaren arabera, euskal nazionalitatea nahi duenari naturaltasun osoz aitortzea planteatzen dugu, lege, politika eta administrazio ondoriok ditzan.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldeen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko harreman-askatasuna.

Askatasun horren euskarria honako hau da: EAEko lurraldeetako herritarrek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoek, alegia) eta Nafarroako Foru Komunitatekoek eskubidea dute bere garapen eta ongizate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala lortzeko egokienak diren lokarri politikoak eta barne-harremanak ezartzeko, eta horretarako muga bakarra beraien borondatea da.

Argi eta garbi utzi nahi dut, behingoz, bakarrik nafarrei dagokiela bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzea. Errespetuaren premisa honetatik, inork ezin ditu inposatu, ezta eragotzi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrek askatasunez ezarri nahi dituzten harreman bideak eta tresnak.

3) Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurraldeekin, Iparraldekoekin, harremanak izateko ahalmena.

Pirinioetako bi aldeetara dauden euskal lurraldeen arteko harreman?markoa sakontzea planteatzen dugu, Iparraldeko lurraldeekin -Frantziako Estatuko euskal lurraldeekin, hain zuzen- ditugun lotura historiko, sozial eta kultural bereziak estutzeko. Horretarako, araudi komunitarioa eta Europar Batasuneko estatu ezberdinen lurraldeen arteko mugaz bestaldeko lankidetza bideratzen duten itunak ahalik eta zabaltasun eta malgutasun handienez erabiltzea proposatzen dugu.

4) Euskal botere judizial autonomoaren eraketa .

Euskal botere judizial autonomoa eratzeak, botere legegilea eta botere betearazlearekin batera, gure autogobernua osatuko du. Botere judizial hori eratuta, instantzia judizial guztiak Euskadin agortuko dira eta gure Erkidegoak ordezkatuko du Estatua justizia-administrazioan. Estatuan indarrean dauden prozesu?printzipio eta oinarrizko eskubide berak ezartzea izango du muga, eta Estatuaren eremuarekin eta Europarenarekin koordinatu eta lankidetzan aritzeko esparrua ezarriko zaio.

5) Euskadiko erakunde politikoak eratzeko bermea .

Hau da, autonomia osoa autogobernu politikoaren erakunde propioak diseinatzeko. Horrek esklusibotasuna ekarriko du antolaketan, segurtasun publikoan, foru eta toki administrazioan eta zuzenbide pribatuan, auzotasun, familia, ondare-harreman, enpresa eta gizarte zibilaren eremuan.

6) Gure izaera kulturala gordetzea .

Kultura-identitatearen ezaugarriak heziketaren eta ezagutzaren transmisio-sistema osoan gordetzea ekarriko duen herri-politika autonomoa garatuta. Horrek eskuduntza esklusiboa dakar kultura, hizkuntza eta heziketaren arloan; baita zenbait alor enblematikotan ere, hala nola, kultura-jarduerak eta kirolen euskal federakuntzen nazio-selekzioak nazioartean ordezkatzean, horiek hori nahi badute.

7) Eremu propioa garatzea gizarterako eta lanerako, ekonomiarako eta babes sozialerako.

Horretarako, geure politika ekonomikoa, zerga eta fiskalitate sistema, lan harremanetarako sistemak eta aurreikuspenerako, ongizaterako eta gizarte segurantzarakoak era autonomoan kudeatuko dira, Estatuarekiko eta Europarekiko elkartasun eta lankidetzarako behar diren tresnak ezarriz.

8) Gure baliabide naturalen eta azpiegituren kudeaketa bermatzea .

Hau da, jarduera publikoen esklusibotasuna, euskal lurraldeari dagokionez, ingurumenaren jasangarritasunean, lurraren erregimenean, baliabide naturalen eta komunikabide-azpiegitura guztietan titulartasunean.

9) Estatuarekin bi aldeko berme-sistema ezartzea, izenpetutako Ituna alde bakar batek alda ez dezan .

Itun batez eta askatasunean eta boluntarioki partekatzen den subiranotasun-kidetzaren eredu batez ari bagara, elkarrekiko berme-erregimena ezarri beharra dago, izenpetutako ituna alde bakar batek murriztu, aldatu edo interpretatu ez dezan. Horretarako, hainbat formula plantea daitezke, hartzen diren konpetentzien motaren eta izaeraren arabera. Esklusibotasunez burutzen diren herri-politiken kasuan, politika horiei eragiten dieten kanpoko arau juridikoek Euskadin eraginkortasun osoa izateko, Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko ditu.

Gainontzeko materien kasuan, adiskidetze gune eta arauak eratu beharko dira, desadostasunik egonez gero, gatazkak bakea eta demokrazia erabiliz konpondu ahal izateko.

10 ) Europan eta munduan ahots propioa izateko ahalmena.

Euskal Herria Europaren parte da historiaren hastapenetatik eta gaur egun Europako Batasunak osatzen duen espazioan gauzatu beharko dituzte etorkizunean gizarte, ekonomia, politika eta kulturaren arloko harremanak euskal erakundeek, Espainiak eta Europako erakundeek.

Europan, zorionez, sozialki eta intelektualki gainditu dira Espainiako Estatuan oraindik konpontzeke dauden eztabaidak. Hainbat printzipio demokratiko -hala nola, elkartze librea, herriek erabakitzeko duten eskubide demokratikoa, partekatutako subiranotasuna, mugakideen arteko lankidetza edo estaturik gabeko nazioen izaeren errespetua- normaltasun osoz onartzen dira Europan, eta Espainiako Estatuak jarraitu beharreko arauak markatu behar dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeok zuzenean egon nahi dugu Europako erakundeetan, gure eskuduntza esklusiboak defendatzeko eta gure identitate propioa ordezkatzeko. Planteatzen duguna Europako Batasunaren Itunean ezarrita dago, eta horren lekuko da Europako erakundeetan herrialde eta nazio askok parte hartzea eta batzuetan kontseiluen buru izatea ere.

Horri dagokionez, Europarekin izan nahi dugun harremana "elkartutako herrialde edo nazioaren status"aren bidez planteatzen dugu; parte hartzeko formula aurreratu hori, Konbentzio Europarra bera aztertzen ari da, 2004. urtean Batasunaren itunak aldatzen direnerako. Hau da, gure berezitasunek eta Europako beste nazioenek berariaz azaldu behar dute Europako konstituzio berrian.

Halaber, eta nazioarteko zuzenbidearen ezarpenik zabalenaren arabera, ahots propioa izan nahi dugu munduan eta nazioarteko erakundeetan; era berean, ekonomian, kulturan eta erakundeetan ditugun interesak sustatzeko eta gure Herriaren identitatea defendatzeko, nazioarteko itunak izenpetzeko ahalmena izan nahi dugu.

· Tresnak

Euskal herritar askorentzat, Foruak, Euskal Herriaren Eskubide Historikoak, dira gure benetako konstituzioa, oraindik ere.

Edonola ere, borondate politikoa baldin badago, euskal arazoa deritzana konpondu nahi baldin bada, normalizazio politikorako eta elkarbizitzarako benetako egitasmoa gauzatu nahi bada, gaurko ordenamendu juridikoan dauden hainbat prozedura eta tresna erabil daitezke.

Prozedura Gernikako Estatutuaren 46. artikuluan aurreikusten da, eta tresnak honako hauek dira:

  • Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria:
    "Estatutu honetan ezarri den autonomia-erregimenaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabiltzen duenaren arabera gaurko daitezkeelarik".
  • Konstituzioaren lehenengo Xedapen gehigarria:
    "Konstituzioak babestu eta onartzen ditu forudun lurraldeetako eskubide historikoak. Forudun erregimenaren gaurkotze orokorra, dagokionean, Konstituzio eta Autonomia Estatutuen barnean egingo da".
  • Konstituzioaren bigarren Xedapen indargabetzailea.
    "Inolako iraupenik gorde ahal baldin badu, 1839ko urriaren 25eko legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei dagokiena, behin betiko derogaturik geratuko da. Era berdinetan, 1876ko uztailaren 21eko legea behin betiko derogaturik geratuko da".
  • Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, 1966ko abenduaren 19koa.
    Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103 zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.
  • Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmena, 1966ko abenduaren 19koa.
    Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103 zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.
  • Euskal gizartearen borondatearen zilegitasun demokratikoa, erreferendumaren bidez adierazia eta ordezkatzen duten erakundeen bitartez eratua.

Arazo politiko bat dagoela onartuz gero, itundutako irtenbide politikoa aurkitu behar dugu. Ez da egia arazo juridikoa dugunik; arazoa borondate politiko eta demokratikoa ez izatean datza.

Planteatzen dugun harreman?eredu berria, guztiz bat dator Konstituzioaren interpretazio ireki eta malguarekin, Estatuaren nazio aniztasunean oinarritzen baita Konstituzioa, Espainiako konstituzionalista adituek defendatzen dutenaren arabera. Gainera, planteatzen dugun ereduak ez du bakarrik Euskadirentzat izan nahi. Espainiako Estatuko beste herri eta nazionalitateentzako harreman eredua izan liteke, Estatua egitura federal asimetriko gisa ulertu ezkero, Alderdi Sozialistako ordezkari ezagunek defendatzen dutenaren arabera, eta, noski, Ezker Batuak aldarrikatzen duen elkartzee libreko federalismoaren kontzepziotik ulertuz gero. Baina gehiago esango dizuet: elkartze librean eta partekatutako subiranotasunean oinarritutako harreman-eredu hau Europan eta nazioartean erabilia eta onetsia da. Eredu hau Europaren eraikuntzaren oinarrian dago eta, are gehiago, Europako estatuen eta mendebaldeko beste estatu batzuen oinarria izan da. Azken batean, proposamen honek zenbait oinarri juridiko eta politiko biltzen ditu; beti ere, Estatu baten barruan bereizitako nazionalitateak izatetik edo estatu ezberdinak eragiten dituzten arazo nazionalengatik sortutako harreman-gatazkak bakea eta demokrazia erabiliz konpontzeko Europako Mendebaldean erabili izan diren eta orain ere erabiltzen direnak.

Hauxe da XXI. mendean munduak aurrez aurre duen eztabaida handienetako bat; hau da, nola bildu nazio-errealitateak eremu juridiko, sozial eta politikoan. Nola errespetatu estatua osatzen ez duten nazioen nortasuna. Nola bideratu bere presentzia, bere eskubideak eta bere kezkak. Nola ezarri harreman-markoa munduaren antolaketa berrian, horretarako ezin baita oinarritu nortasun ezaugarrien ezabapenean eta inposaketan, errespetuan eta elkartze librean onarritu behar baita. Hori gure erronka eta gure desafioa ere bada. Elkarrizketaren bidez aurre egiteko gaitasunaren menpe dago etorkizunean izan dezakegun elkarbizitza.

  • 3/ Prozesua

Euskal gizartearen borondate demokratikoaren errespetuan bukatzen den bidea.

· Oinarriak

Formalki iragarri nahi dut Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honek bidea hasten duela, elkarbizitzarako itun politiko berria eratuta bukatzeko, prozesu ireki, malgu, legezko eta demokratiko baten bitartez, euskal gizarteak berretsi dezan.

"Irekitasuna".
Prozesua ez zaio mugatuko ordezkari politikoen eremuari; aitzitik, gizarteak ere parte hartzeko aukera izango du. Irekitasunaren printzipioak bazterketarik eza dakar; hau da, euskal gizartean dauden eta horrela nahi duten sentsibilitate politiko eta sozial guztiek askatasunez har dezakete parte.

Prozesua beti irekita egongo da, bazterketarik ezaren printzipioa indarrean egongo da aldi guztietan; baina, era berean, betorik ezaren printzipioa funtsezkoa izango da; ez dugu oztopatzerik eta blokeoa erabiltzerik onartuko.

"Malgutasuna".
Prozesua malgutasunez planteatuko da, azken emaitza aurretik epaitu gabe, eta aldi ezberdinetan sar daitezkeen ekarpen sozial eta politikoak kontutan hartuta.

"Legezkotasuna".
Indarrean dauden estatutu-arauetan eta konstituzio-arauetan ezarritako prozedura-bidea jarraituko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan hain zuzen, gaurko Autonomia Estatutuaren 46. artikuluan ezarritako aldatze?prozedura legala jarraituko da.

"Demokrazia".
Euskal gizartearen gehiengo demokratikoak berretsiko du behin betiko egitasmoa erreferendumaren bidez.

Behin betiko berrespen hori baldintza egokietan egingo da, euskal gizartea askatasunez mintzo dadin, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko eszenatoki batean.

· Aldiak

Irekitako prozesuaren garapena zuzenduko duten printzipio edo oinarriak finkatu ondoren, nire iritziz, horiek lortzeko bidea markatu behar duten aldi eta konpromiso azalduko ditut.

Prozesuaren aurkezpen eta irekiera:
Lehenago azaldu dudan bezala, formalki iragarri nahi dut Estatuarekin itun politiko berria lortzeko prozesua hasiko dela. Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honek prozesua irekiko du ofizialki.

Horren inguruan, aurreratu nahi dizuet hurrengo astetik aurrera bi aldeko bilerak egingo ditudala Legebiltzar honetan ordezkatuta dauden indar eta sentsibilitate politiko guztiekin, ireki den prozesuan parte hartzera pertsonalki gonbidatzeko eta hasierako aldian edo ondorengo aldietan lan egin edo parte hartzeko asmorik duten ezagutzeko.

Halaber, lehendabiziko aldi horretan, nik neuk azalduko dizkiet egitasmoaren eta prozesuaren oinarriak Euskadiko enpresarioen eta sindikatuetako ordezkariei eta gizarte eta kultura erakundeei.

Gizartearen partaidetza
Formazio politikoekin eta ekonomia, gizarte eta kultura eragileekin bi aldeko aurkezpenaren lehenengo fase hori egin ondoren, euskal gizarteari irekiko diogu informazio prozesua. Euskal gizarteak eskubide osoa du irtenbide-egitasmo honen oinarri eta printzipioak ezagutzeko, bertan parte hartzeko eta iritzia emateko. Gizartearen beraren iritzi eta ekarpenak ezagutu nahi ditugu, gure gogoetei eransteko.

Atal-testu baten zirriborroaren elaborazio eta aurkezpena
Eusko Jaurlaritzak, bere erantzukizuna betetzeko eta Gernikako Estatutuak ematen dizkion atribuzioak erabiliz, konpromisoa hartzen du, gehienez hamabi hilabetetan, atal-testu baten zirriborroa egin eta aurkezteko, Legebiltzar honetan onartutako oinarrietatik abiatuz, eta tarte honetan egin diren ekarpen sozial eta politikoak aintzat hartuz.

Eztabaida politiko eta soziala, eta negoziazioa Estatuarekin
Lehen zirriborro horretatik, eztabaida politiko eta sozialerako prozesu berria irekiko da, behin betiko proposamena egin ahal izateko. Proposamen hori euskal gizarteari ezagutaraziko zaio, kontrasta dezan, Eusko Legebiltzarrari tramitatzeko bidali aurretik, Gernikako Estatutuan ezarritako prozeduraren arabera. Ondoren, Estatuarekin negoziatu eta ituntzeko prozedura egokiak irekiko dira.

Berrespena Erreferendumean
Euskal gizarteak behin betiko berretsiko du, erreferendumean, Estatuarekin lortutako Itun politikoa edo, hala balegokio, Eusko Legebiltzarrak onartutako egitasmoa, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko eszenatoki batean.