Kontzeptua

Janzkera Euskal Herrian

Janztea gizakiaren oinarrizko beharrizana da, eta izan da betidanik. Jantziaren bidez bere gorputza babesten du ingurunearen eta eguratsaren gorabeheratatik eta, baita gainerakoen begiradetatik ere. Denboraren poderioz, jantzian ere bilakaera eman da eta konplexutasunera jo izan da, norbera edertzeko eta apaintzeko elementu bihurtzeraino. Hala, pixkanaka, rol indibidual eta sozial (generoa, adina, egoera zibila, gizarte-maila, jarduera, erlijioa, pentsaera) jakin batzuen ikur bilakatu da jantzia, esanahi eta sinbolismoz betetako lengoaia estetiko bat eraiki delarik, subjektuaren edota taldearen nortasuna agerian uzten duena eta, sarritan, hartutako edo esleitutako itxuraren gaineko estiloa agerraraziz. Jantzia fenomeno kulturala da eta, horrenbestez, gizartearekin batera aldatzen da. Prozesu horretan hartzen du "moda" hitzak egiazko esanahia, erabilera edo estilo berri bat hartzea lez ulertuta. Estilo iheskor eta iragankorra, uneko estetikaren edo esklusibotasunaren xerka.