Konposatzaileak

Irizar y Domenzain, Miguel de

1635eko irailaren 8an Artaxoan (Nafarroa) bataiaturiko kapera maisu eta konpositorea. 1684ko abuztuaren 20an Segovian hil zen.

Koruko infante gisa hezi zen, Leongo katedralean lehenik eta 1650 geroztik Toledokoan, Tomas Micieces zaharraren eskutik.

Postu ezberdinetara aurkeztu ondoren, 1657tik 1671 urterarte Gasteizko elizako kaperako maisu izendatu zuten, ondoren Segoviako katedralean postu bera eskuratu zuelarik. Irizarrek eskuizkribu ugari utzi zituen bertan, bai bere lanenak eta baita bere garaiko espainiar musikarienak, hala nola, Micieces, Patiño, Cristobal Galan edo Juan Hidalgorenak. Hauetariko batzuk larehun bat gutun pertsonalen atzekaldean kopiatu ziren. Gutun hauek autorearen garaiko kapera maisu lanbidearen ikerketa egiteko iturri oso interesgarriak dira Espainiako maisu, organista, abeslari eta kopistenak direlako. Irizarren ekoizpena mila berrehun bat lanetakoa da eta batez ere erlijiosoa, harreman epistolar horien eragina isladatzen duelarik bertan. Batez ere, Madrileko errege kaperetako musikarien eragina izan zuen, bere lan batzuk hauen obren moldaketatzat jo daitezkelarik. Honez gainera, korrespondentzian ikus dezakegu autoreari egiten zizkioten eskakizunak: goi atalen nagusitasuna (sopranoena bereziki), kontrapunto eta harmonia osatzen duten musika-tresnadun koru bakarlari baten presentzia, duo edo ahots eta koru arteko elkarrizketak, ohiartzunak funtsean. Orokorrean polikoralak dira, bi edo hiru korutara (bokalak gehiengoan) eta ahotsak era homofoniko batean erabiltzen ditu, batez ere gabon-kantetan. Hauen artean, errespontsu, salmo, sekuentzia eta gabon-kantak daude.

  • ERESBIL: Autoritateen datu-basea.
  • LÓPEZ-CALO, José: "Corresponsales de Miguel de Irízar (I)", Anuario Musical, XVIII, 1963.
  • LÓPEZ-CALO, José: "Corresponsales de Miguel de Irízar (II)", Anuario Musical, XX, 1965.
  • OLARTE MARTÍNEZ, Matilde: Miguel de Irízar y Domenzain (1635-1684?): Biografía, epistolario y estudios de sus Lamentaciones. Valladolid: Unibertsitatea, 1996.
  • RODRÍGUEZ, Pablo L.: "Irízar y Domenzáin, Miguel de". Non: Oxford music online.
  • Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan daude.