Plataformak

Iparretarrak

Iparretarrak (IK) Ipar Euskal Herriko erakunde armatu abertzale eta sozialista izan zen 1973 eta 2000 bitartean. Bankan (Nafarroa Beherea) egin zuen lehen ekintza, 1973ko abenduan. Frantziako Estatuaren eraikinen eta turismoari lotutakoen kontrako atentatu materialak egiten zituen. Ipar Euskal Herriarentzako autonomia estatutua aldarrikatu zuen, "lehen urrats" modura. Halaber, turismoaren eta bigarren etxebizitzen aurkako kanpainak egin zituen.

Iparretarrak (IK) erakunde armatuak abertzale eta sozialista gisa aurkeztu zuen bere burua. Bere izaera politikoari garrantzia handia eman zion IK-k, egiten zituen atentatuak agirietan azalduz eta erregularki Ildo izeneko aldizkari bat plazaratuz. Agirietan eta Ildo aldizkarian Ipar Euskal Herriko egoeraren irakurketa politikoa egiten zuen eta bere aldarrikapenak azaltzen. Aurreko belaunaldiak sortutako Enbata mugimenduari ez nahiko erradikala eta ezkertiarra izatea leporatu zion IK sortu zuen belaunaldiak. Gazte horiek 1973ko Aberri Eguneko ekitaldiak antolatzen parte hartu zuten, Enbata mugimenduarekin batera. Han islatu ziren bi belaunaldien arteko desadostasunak. Hitzaldi politikoari Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoari buruzko gogoetak eta aldarrikapenak txertatu zizkioten, eta hori ez zuen begi onez ikusi Enbatak, erranez Aberri Eguna eta Maiatzaren Lehena bereizi behar zirela. IK sortu zutenak 1968ko maiatzaren giroan hezitakoak ziren, eta "burges txikiak" eta "eskuinekoak" izatea leporatzen zioten Enbatari. IK-k bere burua ezkertiar eta iraultzaile gisa definitzen zuen.

Aldarrikapen sozialari zegokionez, IK-k bat egiten zuen garai hartan, Europan eta munduan gaindi zeuden mugimendu iraultzaileekin, eta kapitalismoaren kontrako aldarrikapenekin. Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa bera ere egoera politikoarekin eta kulturalarekin lotzen zuen. Frantziako Gobernuak aurreikusitako Lurralde Antolaketa ereduaren arabera, Ipar Euskal Herria turismora bideratutako eskualde bat izango zen. IK-k ez zuen onartzen dena turismora bideratzea, horrek bertako herritarren lan egoera kaxkarra eragingo zuelako: lana udan soilik, baldintza txarretan, laborantza eta arrantza krisian, industria garatu gabe, barnealdearen hustea, gazteek Euskal Herritik kanpo joan behar lan bila eta abar.

Ildo horretan, beren lehen agerraldi publikoa Baigorri eskualdeko lan gatazka bati lotutakoa izan zen: 1973ko abenduaren 11n, La Rosée elbarrituentzako Bankako (Nafarroa Beherea) zentroko zuzendaria eskuz zanpatu zuten, langileen aldarrikapenei muzin egiten ziela salatuz. Lan gatazkatik harago, ekintza harekin "Lana herrian" aldarrikatu zuten, Ipar Euskal Herri barnealdeko egoera ekonomikoaren larritasunean arreta jarriz. Horrela, "Herriak bizi behar du" izan zen IKren lelo nagusia. Handik hilabete batera, Ildo aldizkariaren lehen alea zabaldu zuen IK-k, Bankako ekintza eta erakundearen izaera azalduz. Hurrengo alea, guztietan garrantzitsuena, 1978ko udan atera zuen, eta bertan garatu zuen bere ildo politikoa, 50 bat orrialdeko dokumentuan.

1978 arte atentatu gutxi egin zuen: bost, orotara. Hasierako eta sortu aurreko urteetan, ETAko kideak laguntzen ibiltzen ziren IK-koak. ETAk Ipar Euskal Herrian borroka armaturik ez zabaltzea eskatzen zion, Frantziak errefuxiatuen aurkako errepresiorik ez zezan has. ETAk zioen indar guztiak batu behar zirela Hego Euskal Herriaren independentzia lortzeko, eta hori lortu ondoren jarriko zirela Ipar Euskal Herrira begira. Frankismoaren bukaera garaian, garaipena hurbil ikusten zuen ETAk. 70eko hamarkada bukaeran, ordea, IK-koek erabaki zuten borroka armatua garatzea, uste zutelako Ipar Euskal Herrian abertzaletasunak ez zezakeela Hego Euskal Herriko gatazka konpondu arte itxaron. Erabaki horrek urteetan iraun zuen ETAren eta IK-ren arteko gatazka eragin zuen.

1977ko abenduan Xan Marguirault atxilotu zuten Baionan, eta 1978ko uda arte preso atxiki. Hura izan zen IK-ko lehen presoa, eta ehunka lagunen sostengua izan zuen preso zegoen bitartean. Testuinguru hartan, hilabete haietan indartu ziren Ipar Euskal Herriko herri eta eskualdeetan sortu ziren talde abertzaleak, eta Herri Taldeak mugimendua osatu zuten. Ideologikoki IK-rengandik hurbil zegoen mugimendua zen. Bitartean, IK ere gero eta indar handiago hartzen ari zen, eta atentatuak egiteko modua aldatu zuen: eraikinei sua ematetik lehergailuak erabiltzera pasa zen.

Bonba bidez egin zuten lehen atentatua Baionako suprefeturaren (Frantziako estatuaren ordezkaritza) aurkakoa izan zen, 1979ko ekainean. Urte bat geroago, 1980ko martxoan, IK-ko bi kide (Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai) hil ziren, prestatzen ari ziren lehergailua esku artean lehertuta, Baionan. 1982ko martxoan komando batek Jacques Bouyer eta Bernard Roussarie CRS poliziak hil zituen Baigorrin, aste batzuk lehenago klandestinitatean sartu zen Filipe Bidarten herrian. Poliziak IK-ri leporatu zion atentatua, eta Filipe Bidart bizi osorako kartzela zigorrena kondenatu zuten, 1992an. Poliziaren arabera, komandoak ez zuen bi polizia haien hiltzeko asmorik, baizik eta bahitzekoa, baina bahiketa ez zen espero bezala gertatu eta tiroketarekin amaitu zen. Iparretarrak-ek beti ukatu du atentatu haren egilea izan zela. Geroztik beste tiroketa batzuk gertatu ziren IK-ko kideen eta poliziaren artean, eta haiek bere gain hartu zituzten, hala nola Leon-ekoa (Landak) 1983an eta Biscarrosses-koa (Landak) 1887an.

Tiroketa horietan lehena 1983ko abuztuaren 7an izan zen, Leon-eko (Landak) akanpalekuan. Yves Giumarra jendarmea hil zen, eta Jean-Louis Larre "Popo" ustezko IK-ko kidea desagertu. Lekukoen arabera, hiru kide jendarmeen autoan joan ziren ihes, eta laugarrena - Larre - oinez. Handik sei hilabetera, IK-k jakinarazi zuen, bilaketa asko egin ondoren, ez zeukala kide haren berririk. IK-ren ustez, Jean-Louis Larre "Popo" poliziak bahitu eta hil egin zuen. Poliziak, aldiz, Larrek ihes egitea lortu zuela dio.

Gertakari haren ondorioz, beste bi lagun sartu ziren klandestinitatean: Ttotte Etxebeste eta Gabi Mouesca. Azken hau, sei hilabete geroago atxilotu zuten Baionan, 1984ko martxoaren lehenean. Mouesca Didier Laffitte-k gidatzen zuen autoan zihoan, eta poliziak inguratu zituen eta tiro egin. Laffitte bertan hil zen, eta Mouesca atxilotu zuten.

1986ko abenduaren 13an Gabi Mouesca eta Maddi Hegi kideak Paueko espetxetik ihes egiten lagundu zituzten. Ihesaldi hura izan zen IK-ri oihartzun handiena eman zion ekintza. Hilabete bat geroago, IK-ko kideek prentsaurrekoa eskaini zuten, ihesaldiaren nondik norakoak emateko, eta Maddi Hegi eta Gabi Mouesca han agertu ziren. Bi kide horiek urte erdi igaro zuten ihesean. 1987ko ekainaren 21ean, Maddi Hegi hil zen Miarritzen, jendarmeen kontrol batetik ihes egiten ahalegintzean, tren batek harrapatuta. Atzetik zeukan Roger Latasa jendarmea ere bertan hil zen. Handik hamabost egunera Christophe Istèque hil zen Angelun, atentatu bat prestatzen ari zela, lehergailua eskutan zartatu zitzaionean. Hurrengo asteburuan, 1987ko uztailaren 11n, Gabi Mouesca atxilotu zuten Pirinioetan beste kide batekin batera.

Hurrengo hilabeteetan ustezko IK-ko kide edo laguntzaile asko atxilotu zituen Frantziako Poliziak, eta horien artean, 1987an, 11 lagun sartu zituzten preso, aurretik preso zeuden lau kideen gainera. 1988an ere jarraitu zuten atxiloketekin, eta urte hartako otsailaren 20an Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste eta beste hiru lagun atxilotu zituzten Bokaleko etxe batetik irteten ari zirela. Poliziak tiro egin zuen eta Ttotte Etxebeste bizkarrean zauritu zuten. Zauri haren ondorioz, bizi osorako elbarrituta gelditu zen. Polizia operazio harekin IK-ko buruzagitza atxilotu eta erakundea desegintzat jo zuen Poliziak. IK-k ez zuen atentaturik egin urte hartako irailaren 27 arte. Abenduaren 12an, gelditzen zen kide klandestino bakarra, Lucienne Fourcade, atxilotu zuten Baionan, eta harekin batera beste sei lagun sartu zituzten preso. Une hartan, IK-ri lotutako ia hogeita hamar preso zegoen.

Hurrengo hilabeteetan ahul agertu zen erakunde armatua. 1991n, ordea, ordu arte inoiz egin ez zuen atentatu kopurua egin zuen. Bataz beste astean atentatu bat egin zuen, ia denak bigarren etxebizitzen edo etxegintza bulegoen kontra. IK-k Lapurdi kostaldeko etxebizitza politika salatu zuen. Haren ustez, etxegintza bulegoek etxebizitzen eta eraikitzeko lurren prezioen espekulazioa bultzatu zuten, eta horri lotuta, Euskal Herritik kanpokoek bigarren etxebizitza erosi zuten eta Euskal Herriko gazteek ezin zuten etxerik erosi, garestiegiak zirelako.

90eko hamarkada hasieran, Frantziako Barne Ministerioa harremanetan sartu zen IK-rekin, elkarrizketa bide bat irekitzeko. Pierre Joxe zen Barne Ministroa, Michel Rocard Lehen Ministro sozialistaren garaian. Gobernu hark elkarrizketak abiatu zituen Kanakia, Korsika eta Guadalupeko mugimendu abertzaleekin. Hiru herrialde haietako presoek amnistia izan zuten, ez ordea euskaldunek. Hala ere, IK-ren inguruan preso zeuden gehienak aske gelditu ziren, atentatuetan parte hartzeagatik kondenatuak izan zirenak salbu. Elkarrizketa haiek Rocarden gobernuak Frantziaren deszentralizazio asmoan kokatu ziren. Ipar Euskal Herriko giroa lasaitzeko asmoz, ikastolekin akordioa egitea erabaki zuen Gobernuak. Haatik, euskal departamenduaren edo Ipar Euskal Herrirako erakunde autonomoaren sorreraren ideiak ez zuen aurrera egin, tokiko agintari politikoak aurka zeudelako eta, batez ere, Frantziako Gobernuan ministro aldaketak gertatu eta horrekin batera elkarrizketak gelditu zirelako. Fase hartan sortu zen Euskal Kultur Erakundea eta fase hartarik landa abiatu zen, baita ere, "Euskal Herria 2010" gogoeta prozesua, 1994ean Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua abian jarri zituena.

IK Ipar Euskal Herriaren autonomiaren aldekoa zen. Ez zuen inoiz bat egin Enbata-ren aldarrikapenarekin, hala nola euskal departamenduaren aldarrikapenarekin. IK-k zioen horrek ez zuela bermatuko Ipar Euskal Herriaren ezagupena, eta eskumen handiko autonomia estatutuaren alde agertu zen. 1993an autonomia proiektua aurkeztu zuen, Aberri Egun bezperan. Ipar Euskal Herriarentzako erakunde autonomoa nola egituratua eta zein eskumen izanen zituen xeheki azaltzen zuen dokumentu hark. Proposamen hura herritarren artean eztabaidatzeko eta osatzeko asmoz, Eraikitzen elkartea sortu zen, eta elkarte hark IK-k hasieran aurkeztu proposamena osatu eta beste bat zabaldu zuen. Proiektu hark ez zuen Ipar Euskal Herriko eragile politikoen babesik lortu, EMA (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea) alderdi politikoarena salbu. Patxa-Oldartzen mugimenduarentzat autonomiak kutsu ezkorra zuen, bereziki Euskadiko Autonomia Erkidegoari egiten zizkioten kritikengatik; haientzat, independentzia zen aldarrikatu behar zena. Euskal Batasuna alderdiarentzat, alderantziz, autonomia aldarrikatzea ez zen errealista, eta hobe zen euskal departamendua eskatzea. IK erakundean berean desadostasunak agertu ziren, eta Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste eta haien inguruko hainbat kide historikok alde egin zuten, proposatzen zuten su-etena ez zela onartua izan kritikatuz.

Hurrengo urteetan, IK-ren aktibitatea gutxituz joan zen. 1995ean, adibidez, lau atentatu egin zituen. Garai berean, IK-rekin zerikusirik ez zuten sei kale eraso gertatu ziren, euskal presoen alde. 1997an, zortzi gazte espetxeratu zituzten kale erasoekin zerikusia zutela leporatuz. Gazte haiek ideologikoki hurbilago zeuden ETA-tik IK-tik baino. IK eragina eta indarra galtzen ari zen, baina baita ere IK-ren belaunaldiko jendea politikan eta arlo sozioekonomikoetan inplikatu zelako. Horrez gain, 90eko hamarkadan Ipar Euskal Herriko alderdi abertzaleen arteko zatiketak gainditu eta koordinazioak egituratu zituzten, Abertzaleen Batasuna alderdi politikoa sortuz. Horrekin ere atzean gelditu zen Ipar Euskal Herriko borroka armatuaren garaia. 1998ko urrian, Lizarra-Garaziko akordioaren eta ETAren su-etenaren testuinguruan, IK-k ere su-etena eman zuen. 2000n bi atentatu egin bazituen ere, geroztik ez du ezer egin edo adierazi, nahiz eta ofizialki ez duen inoiz jakinarazi desegin izana. 2007an irten zen espetxetik Filipe Bidart, IK-ko azken presoa.