Kontzeptua

Gabonsaria

Gaur egungo zenbait gizarte eta kulturatan bizirik diraute, oraindik, urte batetik besterako iragaitza-erritualek: garai hobeak, zoriontasuna eta zorte ona opatzea elkarri; osasuna eskatzea, edo gauden baino okerrago ez egotea... Erritu horietakoak ditugu "Gabonsariak", gaur egun ere bizi-bizirik dirautenak.

Izen ugari eman ohi zaizkie: gaztelaniaz, aguinaldo, aguilandos, aguillando edo estrenas (estreinatu ohi den oparia edo saria); euskaraz, "gabonkariak", "gabonsariak", "urtats" (urteko lehen eguna) eta "urtets". Gabonetako oparia, iragarpen onak edo jasotako opariagatiko esker ona adierazten dute.

Dirudienez, ohitura zaharra da, zenbait kulturatan, elkarri opariak ematea eta zorte ona opatzea urte berria hastean. Eguinand hitz zeltak, adibidez, Urteberriko oparia adierazten du. Leku batzuetan datil lehorrak eta gozokiak oparitzen ziren. Latineko strenae hitzak, berriz, urte hasierako edo pertsona baten jaiotza-urteurreneko opariak adierazten ditu. Strenia jainkosa sabinaren basoko fruta-zuhaitzetako adarrak izaten ziren, hasieran, opari haiek, eta naturaren betiereko itzulera eta birsorkuntza erritua adierazten zuten, hots, naturaren erritmo-erregulartasuna, edo oreka soziala.

Bestalde, erromatarren antzinako ilargi-egutegiak, latin urteari zegokionak, martxoa zuen urte-hasiera. Gero, eguzki-egutegia ezarri zenean (Julio Zesarrek, K.a 45. urtean), urtarrilaren bata jarri zen. Aipatzekoa da, halaber, Aurelio enperadoreak, 274. urtean, abenduaren 25a jarri zuela eguzkiaren jaiotza ospatzeko eguntzat; IV. mendean, data hori bera hautatu zuen Elizak Jesusen jaiotzarako. Gabon eta Errege Eguneko jaiak elkarrengandik bereizi egin zituzten, bestalde, 377. urtean (ordura arte, egun berean ospatzen ziren biak).

Denboraren poderioz, zerga bihurtu ziren erromatarren strenae haiek eta opari-trukeak edo zorion-emateak (congratulationes): jopuek beren nagusiei ordaintzen zizkieten, edo agintariek beren mendekoei, aro berrirako zorte ona opatzeko. Horregatik, oparitzat (Gabonetako saskia, oturuntza...) edo nagusiaren aparteko saritzat ematen ziren gabonsariak. Ohitura zabaldua izan zen, halaber, garai batean, etxerik etxe eskatzea gabonsaria lanbide jakin batzuetakoek (gauzainak, postariak, kale-garbitzaileak...), herritarrei Gabon festa zoriontsuak opatzen zizkien bitartean.

Baina gabonsaria eskatzeko modurik ezagunena, bai landa-eremuan bai hirikoan, beste hau da: umeak (edo gazteak, baina ez hain sarri) senitarteko eta lagunen etxeetara joatea, Gabon-kantak edo gabonsariari dagozkionak abestuz. Tradizioa bete eta zorionak eman ostean, jakiak eta dirua eman ohi dizkiete etxeko jabeek. Gabon gauean, Eguberri egunean, Gabon Zaharrean eta Urteberri egunean eskatu ohi dira gabonsariak, edo Errege Egunaren bezperan edo Erregeen Agerkunde egunean bertan.

Euskal Herriari dagokionez, era desberdinak hartzen ditu ohiturak lurraldeko leku batzuetan eta besteetan, eguzki-urteko lehen egunetan betiere ("zotal-egunak" edo "hil-egunak", edo "iragarpen-egunak"). Martxoa agurtzeko tradizio bakarra (ilargi-egutegiari lotua) Bizkaiko Enkarterrian gorde da. Hona hemen zer kantatu ohi duten:

Marzo florido
será bienvenido,
florecido Marzo
será bien llegado.

A esta casa honrada
señores llegamos,
si nos dan licencia
"Las Marzas" cantamos.
Se las cantaremos
o se las rezaremos
más con su licencia
cantarlas queremos.

Gabonetako ospakizunetan, berriz, ugari eta oso desberdinak izaten dira auzokoei urte berri ona eta zoriona opatzeko modu tradizionalak -Gabon-kantak ("Eguberri" edo "Olentzero", "Abendua" edo "Marijesiak"), Gabonetako goiz-ereserkiak...), eta neska-mutikoak, taldeka edo txandaka, kalerik kale edo baserriz baserri ibili ohi dira kantari:

Emen eldu gera
eldu gerade
berri on batekin
gure embajadoria
Olentzero beti. (Berako bertsioa)

Abendu Santu onetan
Kristoren jaiotzia
kontentuaren andiz
guztiok poz gaitien.

Maria Jose!
Jose Maria! (Eako bertsioa)

Urteko azken gauean ("Urte zaharrean"), eske berezia antolatu ohi dute Berako neska-mutikoek, "Glin glan" edo "Gilin galan" deritzona:

Gilin galan!
Duenak eztuenari
eman! (Berako bertsioa)

Urte berrian sarturik jada ("Urte barri"), umeek adierazten dute herri osorako zorion-nahia, zenbait eratara ("Urte barri" edo "Urte berri", "Urtatsak", "Pika hau"...), kantuz edo zintzarrotsez.

Urte barri kari
txarri belarri
dekonak eztekonari
nik eztekot eta niri.

Hemen gatoz lau
kanpai joten bi
emoizu limosnia
Jangoikoagaitik. (Foruko bertsioa)

Phika, haur! Haur! Haur!
Sagar eta intxaur!
Phika hera! Hera!
Sagar eta pera!
Estrena
Alhalik haboroena!
Besterik ezpada,
artho tresna! (Zuberoako bertsioa)

Errege Egunez eta haren bezperan, berriz, zintzarrotsak, antzezpenak eta errege-hautaketak (Faba erregea), gabonsari-eskeak auzoan edo familian ("Apalazio" edo "Erregiak", Aguinaldo...) edo gaur egungo kabalgatak egiten dira. Ekitaldi horietan guztietan, opariak eskatzen dituzte neska-mutikoek, eta jenerotan edo dirutan ematen zaizkie.

Aguinaldo rechinel
por la amor de San Miguel
San Miguel está en la puerta
con su carterita puesta.

Si nos dan o nos dan,
las puertas se le caerán.
Si las puertas son de hierro
se le arrimarán a un perro.

Aquí estamos cuatro,
cantaremos dos
dénos un aguinaldo
por amor de Dios. (versión de Alonsotegi)

Erregiak datoz
Jesus adoratzen
gu be hemen gatoz
limosnia batzen.
Apalazio zaldune
Hiru Erregen egune
zotzak eta paluek
txori biaren kontuek
Marimanuele hilero hantziez
hiru goi eta katue. (Ajangizeko bertsioa)