Irakasleak

Jauregi Uribarren, Gabriel

Gabirel Jauregi edo Jauregi'tar Gabirel hura, berak sinatzen zuen modura deituta, 1895eko maiatzaren 27an jaio zen Uribarren baserrian, Aramaioko Etxaguen auzoan, eta Luziano izena jarri zioten bataio hartan. 1945. urtean hil zen.

Nolanahi den, familia oso erlijioso batean hazi eta hezia izan ondoren, gaztaroan karmeldar izatea erabaki zuen, bai berak (Aita Gabirel izena harturik) eta baita bere anaia Josek ere (Aita Angelo izena hartu zuena).

Gabirel Jauregik ahalegin ikaragarria egin zuen Fisika (bere izendapenean Pisia) eta Kimika (Kimia, alegia) arloko euskarazko testuliburuak prestatzeko. Lehena 1935ean idatzi zuzen eta bigarrena 1936an, biak Gasteizen argitaratuak, nahiz eta Gaubeka inprimategian -irarkola, beraren hitza erabilita-, Bermeon, inprimitu zen.

Dakikegunez, gaur egun euskaraz Fisika deritzogun hori, grezierazko = physis (natura) hitzetik dator. Inguruko hizkuntzetan Física (gaztelania), Physique (frantsesa), Physics (ingelesa)... idazten den hori izendatzeko, F letra hartu ordez, Gabirelek P letra hobetsi zuen, garai hartako euskaran normalki egiten zen bezala, adibidez, "afari", "infernu", "festa" eta "fraka" hitzak aukeratu ordez "apari", "inpernu", "pesta" eta "praka" hobetsiz. Bestetik bukaerako s letra hori galtzea ere ohikoa zen -eta da- euskaraz, gaur egun ere "krisisa" edo "hipotesisa" esan ordez, "krisia" eta "hipotesia" esaten baitugu. Beraz, ez zebilen oso oker Pisia aukeratzean, nahiz eta azkenean geroago etorri garen idazleon artean Fisika hitza nagusitu den. Eta gauza bera egin zuen hurrengo urtean argitaraturiko Kimia izena aukeratzean, kasu honetan Kimika aukeratu ordez.

Abadetzari zegozkion teologia-ikasketak eta bestelakoak amaitu ondoren, apaiz egin zen 1922. urtean. Eliz ikasketak amaituta, bere ordenako nagusiek eginkizun desberdinak eman zizkioten; horien artean, irakasle izatearena. Horrela, Gasteizko filosofia-ikastetxeko irakaslea izan zen 1924-36 urteen bitartean, eta bertan -aita Gabirelek berak bere ohar autobiografikoan dioenaren arabera-, Naturaren Historia, Matematika, Filosofiaren Historia, Arkeologia, Fisika eta Kimika irakatsi zituen. Hain zuzen ere, batetik Fisika, Kimika eta Natur Zientziei zien zaletasunak eta bestetik 1935. urtearen inguruan irakasle izateko titulu ofiziala eduki beharra zegoela eta, Oviedoko unibertsitatera joan behar izan zuen, eta bertan Natur Zientzietako lehenengo bi mailetako azterketak gainditu zituen. Garai horretan idatzi zituen bere bi liburuak.

Esan behar da, bestalde, euskal idazle modura ere jardun zuela Karmengo Argia izeneko aldizkarian, eta hirugarren liburu bat ere bazuela inprimategirako prestatuta, hain zuzen ere berak Izadi-iztia izenburuaz argitaratzeko asmoa zuena (Natur Zientziei buruzkoa, alegia). Dena den, gero gerratea etorri zen, eta bertan behera geratu ziren asmo haiek. Gerratean bestelako lanetan aritu zen Larrean (Zornotza), eta, oso gazterik zela, endokarditis gaixoaren eraginez zendu zen. Datu horiek guztiak eta beste asko, 1995. urtean, Jauregiren jaiotzaren mendeurrenaren kariaz Julen Urkizak prestaturiko liburu eder batean aurki daitezke: Aita Gabirel Jauregi Uribarren (1895-1945), Karmel Sorta-7, Markina.