Kontzeptua

Harresiak

Toki zehatz bat babesteko eraikitako horma itxiari harresi esaten zaio. Harresiaren helburu nagusia, orokorrean, etsaien erasoei aurre egitea izan da, baina, horretaz gain, bazeuden helburu sozial eta ekonomikoak, bereizketa nabarmentze aldera. Mendeetan zehar harresien kokaguneak, bolumenak, formak... aldatuz joan izan dira garaiko egoera geopolitiko ezberdinak zirela eta, edota erasorako baliabide teknologiko ezberdinei aurre egiteko asmoz.

Horrela, batik bat, hiru garai eta eskola nagusi bereizten dira Euskal Herriko gotorleku mota ezberdinei dagokioenean:

  1. Antzinako harresiak: Aurrehistoriako kulturek eta erromatarrek eraikitako herriska hesituak dira.
  2. Erdi Aroko harresiak: Erregeek zein herritarrek bultzaturiko hiribilduak ziren. Harresi mota hauek bolboraren garai arte iraun zuen, XV. mende erdialdera arte, hain zuzen ere, arma berri hauei aurre egiteko harresiak eraldatzea ezinbestekoa baitzen.
  3. Harresi modernoak: Defentsa militarra asko garatu zen garaia. Hau da, XV. mende erdialdetik XVIII. mende bitartekoa.
  • Kastroak

Euskal Herrian bizigune edo herriak Azken Brontze eta Burdin Arokoan(k.a. IV. mendea) sortu ziren eta Europa erdialdetik etorritako gizataldeek eraiki zituzten. Era berean, beranduago Iberiatik etorritako zeltiberiarren eragina ere nabarmena izan zen, baina, hegoaldean soilik, itsasaldera iritsi gabe.

Mendien parte gorenetan eraikitzen zituzten beren kastroak. Hauek eraikitzeko ingurune natural egoki bat hautatzen zuten, orokorrean ibar eta ibaien bihurguneak, lautadak libre utziz.

Herriska horietako batzuk esaterako, Lastra, Atxa, Intxur, Maruelaza, Oro, Henayo, Barrio, La Hoya...dira.

Zenbait etxe multzo harresiz inguratzen zituzten, lerro kontzentrikoetan eraikiak eta lubakiz bereiztuak. Horietako adibide garrantzitsu bat Biasteriko La Torre muinoan kokatzen den La Hoya da. Orain arteko azterketen arabera, lau hektarea inguru hartzen zituen herriak. Inguruko zelaiak baino maila altuagoan kokatzen da. Harresiaren puska handiak oraindik zutik dirau. Harresia gutxienez hiru alditan eraiki zen teknika eta material ezberdinak erabiliz. Hesolaz eraikitako zenbait zati daude, beste batzuek, ordea, harriz. beste harresi mota bat harriz eta karez eginiko bi horma-errenkada eta hauen artean harri soilak dituena da, eta azkenek zeltek eraikitako harrizko hesi altuago (3 metro gutxienez)eta sendoagoak.

  • Erromatarren hiriak

Erromatarrek Euskal Herrira iritsitakoan, bi gune geografiko eta kultural oso desberdinak bereizten ziren, saltus-a (mendialdea) eta ager-a (lautada). Batean zein bestean, mendi gailurr eta magaletan kokatzen ziren hiriak. Mendialdeko biztanleak abeltzainak ziren, eta lautadetakoak, berriz, nekazariak. Erromatarrak, ordea, (K.a. I. mendean) hiriak lautadetan eraikitzen hasi ziren arrazoi militarrengatik eta nekazaritza errazago lantzearren. Kolonizazio hau, batik bat, Ager Vasconum eta Novenpopulanian (Akitanian) eman zen.

Hainbat hiri sortu zituzten erromatarrek, gehien bat aurretik zeuden herrisken gainean, besteak beste Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Veleia (Iruña-Veleia) eta Oiasso (Irun).

K.o.-go III. mendean erromatar inperioaren gainbehera hasi zen. Garai horretatik aurrera, krisia zabaldu zen hirietan, txikiagotu egin ziren tamainaz, eta harresiz inguratu zituzten.

Dirudienez, Euskal Herriko hiriak 12 eta 18 hektarea bitarteko azalera zuten eta hiri-sare ortogonal bat jarraitzen zuten, betiere bakoitza bere topografiara egokitua. Orokorrean 3 metro inguruko lodiera eta 8 bat metroko altuera izan ohi zuten, dorrez inguratua eta sarrerak ate bidez egiten zirelarik.

Erromatar aroaren ondoren Euskal Herriko lurraldetan talde (bisigodoak, frankoak, musulmanak, baskoiak...) ezberdinen arteko gudek lurraldea administratiboki zatikatu eta elkartu zituzten, baina, arkitektura militarraren aldetik, ez zen aldaketa handirik eman Erdi Aroa iritsi arte.

Erdi Aroko giro soziopolitikoa nahasia zenez, gotorleku kopurua asko eta era ezberdinetan hazi zen dorretxe, gaztelu eta hiribildu berriak eraikiz, batez ere muga inguruan. Lehenbizi eraikitako hiribildua Donostiako izan zen 1180. urtean Nafarroako Errege zen Antso Jakintsuaren agintepean, itsasorako irteera bermatu nahiak bultzaturik. XIII. mendean, berriz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba Gaztelaren esku zeuden. Gaztelako erreinuak eta herritarren borondatez hiribildu asko sortu ziren lurralde hauetan (Araban 23, Bizkaian 21 eta Gipuzkoan 25). Batetik, Nafarroako erreinuarekiko muga zaintzeko asmoz eta, bestetik, hiribilduei emandako eskumenen bidez bertako Jauntxoei boterea kentzeko. Nafarroan ere hainbat hiribildu sortu ziren (50 inguru) Iruñeako hiriaz gain (1423an hiru hiri izatetik bakarra izatera pasa zen, eta honekin ere, harresi bakarra izatera) eta Iparraldean bastidak sortu ziren eta Baionako hiria indartu. Hiribilduak harresiz inguraturik zeuden, eta honek defentsa militarraz gain eskumen ezberdinketa nabarmentzen zuen.

Erdi Aroko harresi hauek bi teknika ezberdin bidez eraiki ohi ziren. Batetik, harresia bera eraikin ezberdinen itxiturek osatzen zuten. Kasu honetan kanporantz leiho oso estuak eta altuera batera irekitzen zituzten eta sarrera esparru barnetik egiten zen soilik. Horrela, hiri bilbeak kanpoalderantz kale gutxi batzuk soilik uzten zituen libre, eta hauek, atez isten ziren, esparru guztiz itxia lortuz, Orio eta Usurbilen kasu.

Beste kasutan, aldiz, harresia bera izango genuke. Oro har, 1.5 eta 2 metro arteko lodiera zuten altuera handiko harrizko murruak ziren. Nahiko sendoak ziren gezi eta katapulta jaurtigailuei bidea eragozteko, eskalatzeko zailak eta, nola ez, erregaitzak. Harresiak baino altuagoak ziren eta hauekiko aurreratuak zeuden dorreak izaten zituzten. Almenaz hornituriko parapetoak goiko aldeko defentsa lanetarako laguntzen duen adarbea mugatzen du. Hainbat ate izaten zituzten, dorrez edo barbakanaz (sarrera kanpoaldetik inguratzen duen eremu gotortua) mugatuak. Zenbait kasutan urez bete zitekeen lubanarro bat izaten zuten (Tolosa, Azpeitia edo Elgoibarren kasuan bezala). Ura inguruko ibaietatik hartzen zuten eta askotan errekak berak defentsa lanetarako baliatzen zituzten.

Hiribilduen populazioa gora joan ahala, eraikinak ere gorantz hazi ziren, harresiak lurra mugatzen baitzuen. Era berean, eraikinen eta harresiaren arteko defentsa tartea ere okupatzen hasi ziren eraikinak harresian bertan bermatuz. Horretaz gain, harresiaren kanpoaldetik ere eraikin berriak atxikitzen ziren. Harresiak zulatzen hasi ziren eraikin berrien leiho eta aurrekoen handipenak egiteko. Guzti horen eraginez, harresiak hondatuak gelditu ziren eta artilleriaren agerpenak bere erabilera defentsiboa galduaraztea egin zuen.

XVI. mende hasieran Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren, Frantziarekiko muga indartu zuen, batik bat, Hondarribia, Donostia eta Iruñako harresiak hobetuz. Artilleria berria zela eta Erdi Aroko harresiek beraien funtzio defentsiboa galdu zuten hein handi batean. Lehen irtenbidea murruak loditzea izan zen. Baina, honek ez zuen balio jaurtigaien ondorioei aurre egiteko.

Horrela, harresi mota berriak diseinatzen hasi ziren. 15 metro lodi baino gehiago zuten. Harriaren kostua zela eta murru hutsa nahikoa ez zelakoan, hesi-sistema oso bat eraiki zen.

Era berean, bere artilleria-bateriak paratzeko kuboak (dorre zirkularrak) ere egin ziren. Sistema konplexu bat izan zen emaitza, murru, harresi, itxitura, baluarte, kubo, lubaki, lubanarro eta hainbatez osatua, Erdi Aroko barrutia inguratu eta espazio zabala hartzen zuena.

Ondoren, kuboen ordez bastioiak (oin pentagonaleko dorreak) eraiki zituzten, defentsarako egokiagoak baitziren, eta harrezkero, gotorleku modernoari bastioidun ere esaten zaio.

Gotorleku bastioidun hauek lubanarro batez eta kanpoaldeko elementuez inguratzen zen, barruti nagusirako erasoa atzeratzeko asmoz. Horretaz gain, erabilera militarra soilik zuen eta ikaragarri gotortua zegoen eremu bat izatea ohikoa zen, ziudadela edo gaztelugaitz deiturikoa. Honen eginkizuna soldadu babesleen azken defentsa-gune izatea zen edo egoera nahasia zenean, herritarrak beraiek kontrolatzen zuten. Pentagono itxura izan ohi zuten (Iruñeko ziudadela kasu). Hala ere, forma irregularrekoak ere bazeuden (Donostiakoa adibidez, non Urgull mendiko gotorlekuak bete ohi zuen eginkizun hori).

XIX. mendean muga arteko guden ondoren harresiak defentsarako elementu beharrean, hiria handitzen uzten ez zuten elementu bihurtu ziren. Piskanaka harresien zatiak irauli ziren hiriak zabaltze aldera, askotan guztiz galdu arte. Gaur egun hiriaren memoria historiko diren elementu gisa ikusten dira, eta berreskuratu eta hiri-bilbean integratzea da helburua. Geratzen diren aztarnen artean Hondarribiko harresia eta Iruñako ziudadela dira nabarmenenak.

  • AYERBE, M. Rosa. La fundación de villas en Gipuzkoa. De la Edad Media a la Modernidad. Euskonews, 35, 1999. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • BAIONA TURISMOA [web].Baionako harresiak. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 16].
  • EUSKADI.NET. Atlas Historikoa. Historiaurrea [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • EUSKADI.NET. Artea. Historiaurrea [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • EUSKADI.NET. Artea. Historiaurrea [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • EUSKADI.NET. Historia. Antzin Aroa [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • FERNÁNDEZ ANTUÑA, César M. Hondarribiako Harresiak. Erdi Aroko itxituratik esparru gotortura. Hondarribiko Udala. Hondarribia, 2002.
  • GIPUZKOA MUSEO BIRTUALA [web].Hondarribiko harresi militarra. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 15].
  • GORROCHATEGUI, Javier; YARRITU, M. Jose. "La prospección arqueológica durante 1981-82 en Vizcaya". Cuadernos de Sección. Prehistoria-Arqueología, 2, 1984. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 21].
  • GOYHENETCHE, Manex. Elhuyar. Erromatarrak Euskal Herrian. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • JIMÉNEZ ESTEBAN, Jorge. Murallas de España. Ediciones Rueda J.M, S.A. Madrid, 1993.
  • MARTINENA RUIZ, Juan Jose [et al.]. Fortificaciones de Pamplona. Pasado, presente y futuro. Ayuntamiento de Pamplona. Área de Proyectos Estratégicos. Pamplona, 2010
  • PLAZAOLA, Juan. Euskal Artearen Historia I. Historiaurretik Erromanikora. Ostoa, S.A.
  • PLAZAOLA, Juan. "Vinieron los romanos". Revista Internacional de Estudios Vascos, 45, 2000. [Kontsulta data: 2012ko uztailak 22].
  • PORRAS GIL, Concepción. La organización defensiva española en los siglos XVI-XVII. Desde el río Eo hasta el valle de Arán. Secretariado de Publicaciones, Universidad, D.L. Valladolid, 1995
  • R. DE LA FLOR, Fernando. Blocao, Arquitecturas de la Era de la Violencia. Editorial Biblioteca Nueva, S.L. Madrid, 2000
  • SÁEZ, Juan Antonio. Bertan 18. Gotorlekuak Gipuzkoan. XVI-XIX. mendeak. Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Saila. Donostia, 2002.
  • SÁEZ, Juan Antonio. Viejas piedras... Fortificaciones guipuzcoanas. Michelena. Donostia, 2000.
  • WIKIPEDIA. Bastida [Kontsulta data: 2012ko uztailak 28].
  • WIKIPEDIA. Hiribildu [Kontsulta data: 2012ko uztailak 28].