Konposatzaileak

Huerta Romanos, Francisco Nicolas de la

1733ko abenduaren 2an Borjan (gaur egun Zaragozako probintzia) jaiotako kapera-maisua. 1814ko martxoaren 8an Iruñean hil zen.

Tarazonako katedraleko infante eta gero instrumentista izan zen, 1761an Avilako katedralean zenbait instrumentista postu lortu zituen. 1780an Iruñeko katedraleko kapera maisu postua eskuratu zuen eta hemen bizi izan zen hil zen arte.

Bere garaian kabildoarekin gatazkak sortu ziren, batez ere infanteen heziketa zela eta. Baina baita kabildoak musikariekin mantentzen zuen erlazioarengatik ere: ezartzen zizkien errepertorio eta bera interpretatzeko moduarengatik. Agian horregatik saiatu zen 1793an, arrakastarik gabe, Avila eta Valentziako katedraletako antzeko plaza bat eskuratzen. Hala eta guztiz ere, bere musika produkzioa handia da eta kasu askotan alaia eta arduragabea.

Gaur egun arte ehun eta hirurogeita hamabost lan baino gehiago aurkitu dira. Iruñean aurkituriko produkzioa aztertu da eta bere garaiko estilo atseginarekin bat dator, kontrapuntu eta konplexutasun barrokorik gabea. Honek argituko lituzke instrumentista tradizionalekin zeuzkan arazoak. Bide honetatik polikoralitatea erabiltzen den arren, bigarren korua erreforzatzeko soilik erabiltzen da eta ez lehenengoaren kontraste bezala. Hala ere bakarlariek, errekurtso teknikoen erakusltaldia behar dute. Agian bere instrumentista-fazetarengatik, instrumentisten paperak batzuetan laguntzaile izaera gainditzen du eta zati instrumentaletan beren lana nabarmentzen da, batez ere biolin, oboe eta flauten kasuan, eta ez hainbeste xehetasun gutxiz idatzitako tronpa eta laguntzaileenetan. Garaiko eliz-musiken formak trebetasunez erabili zituen. Azpimarratzekoa da espresio eta interpretazio alderdiaren aipamenen inguruan egiten zuen zaintza.

  • GEMBERO USTÁRROZ, María. La música en la catedral de Pamplona durante el siglo XVIII. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1995.