Pintoreak

Arrue Valle, Jose

Pintorea. Bilbo, 1885eko irailak 1; Laudio, 1977ko apirilak 5.

Alberto, Ramiro eta Ricardoren anaia. Bilboko institutuan, Bartzelonan, Parisen eta Milanen burutu zituen ikasketak. 1908an sorterrira itzuli zen eta Arte eta Ofizioetako Eskolan irudien marrazkiei buruzko eskolak eman zituen, ordura arte, eskolako zuzendari zen Pedro Torrontegui jauna ordezkatuz. Urte berean, El Coiteao aldizkaria sortu zuen, artista eta idazle askoren lankidetza sutsua izan zuelarik. 1911, 1915, 1920 eta 1925 urteetan bere obrak jarri zituen erakusgai Bilbon. 1926an Frantziako hiriburura jo zuen. Han pintatzen jarraitu zuen Argentinako Errepublikan bere burua aurkeztu zuen arte, Ramiro anaia alboan zuela.

Zezenketak maite zituen eta horren harira 1909. urtean toreatzaile-trajea beztitu zuen. Hala, zortzi nobillada toreatu zituen. Urriaren 17an aurkeztu zen toreatzaile gisa Bilbon eta zezenketei buruzko aipamenen eta adituen arabera, nahiko lan txukuna egin zuen. Beste zazpi aldiz toreatu izana da horren adibide.

LDM

Ramiro anaiarekin batera 1928an Argentinan egindako erakusketa urte hartako uztailaren 10ean inauguratu zen. Erakusketa hartan lau anaiek egindako 100 obra baino gehiago (olio-pinturak, pastelak eta gouacheak) erakutsi ziren Buenos Aireseko "Los Amigos del Arte" elkartean. Erakusketa ibiltaria izan zen. Hala, Cordoba izan zen hurrengo jomuga. Han La Razón egunkariaren sukurtsaleko lokalean izan zen erakusgai. Josek lankidetza artistikoa izan zuen hainbat urtez aipatutako egunkariarekin. Ondoren, bere obra Montevideora mugitu zen Moretti, Catelli eta Mazzuchelli galeriara. Azkenik, Wicomb aretoan ikusi ahal izan zen Rosarion.

Bidaia horretan zehar, bere obra Donostiako Kasino Handiaren "Euskal Artisten Erakusketan" izan zen, "Euskal Aste Handiaren" barnean. Gainera, bere kartelak "Lanaren II. Nazioarteko lehiaketa" irabazi zuen.

1926-1931 bitartean Madrileko hainbat egunkaritan kolaboratu zuen, esaterako, El Sol, Crisol edo El liberal egunkarietan, istoriotxoen sekzioan paratzeko hainbat lan eginez. Horrez gain, publizitate arloko lanak egin zituen Aurrezki Kutxentzat, Bilboko Aste Nagusirako kartelak egin zituen, euskal gai eta paisaiekin txartelak editatu zituen eta zenbait libururen ilustrazioak egin zituen, esaterako, Bonifacio Arrabalen Guipúzcoa. Lecturas (1930) libururako, Jose E. de Arriagaren Ansonekoa argitalpenerako (1931), Viaje a Navarra durante la insurrección vasca (1835) (1933) lanerako edo Juan de Eresalderen (Jose E. de Arriagak erabiltzen zuen izengoitia) Los esclavos felices lanerako (1935).

1912an Artista Euskaldunen Elkarte sortu berriak lehen erakusketa kolektiboa antolatu zuen Elkarte Filarmonikoan. Urte hartan Jose Arruek elkarteak bultzatutako ekitaldi eta erakusketa ugaritan parte hartu zuen. Gainera, bere ekarpena egin zuen elkarteren sorreran eta hartako kontulari, liburuzain eta diruzain ere izan zen. 1931 bakarkako erakusketa antolatu zuen lokal horretan. Bi urte beranduago, Artista Euskaldunen Elkarteak, desegin aurretik, Bartzelonako Emporium Galerietan egindako azken erakusketan bere obrak izan ziren ikusgai.

1934an "Euskal Artisten III. Erakusketan" parte hartu zuen. 1937an preso hartu zuten Santanderren. Lehenengo Santoñara eraman zuten, gero Urduñako espetxera eta, beranduago, Bilboko Eskolapioen Ikastetxera. Bi urte gatibu egon ostean, 1940an Aretara (Laudio) erretiratu zen bere familiarekin eta ordutik "erabateko eklipse eta berariazkoan" bizi izan zen. Urtebete igarota bere anaia Albertorekin batera erakusketa antolatu zuen Delclaux aretoan.

Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu zuen, besteak beste, Donostiako Kasino Handian egindako "Euskal Artisten Erakusketan" (1945) Bizkaiko Turismoaren Ekimen Etxean Bizkaiko Artisten Elkartearekin egindako erakusketan (1967) edo Bilboko Arteta Galerian (1972).

1973an Laudion kokatutako Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialeko Kultura aretoak bere obrari buruzko atzera begirakoa antolatu zuen eta 1977an Bilboko Bankuko Erakusketa Aretoak omenaldia egin zien Arrue anaiei, lauen obrak erakusgai jarriz. Jose urte hartan hil zen Laudion, 91 urte zituela.

Bilboko Bankuan 1977an antolatutako Los Arrue (Alberto-Jose-Ricardo-Ramiro) erakusketa zela-eta, Alfonso C. Saiz Valdiviesok deskribapen hau eman zuen artistaren pinturari buruz:

"Ezkutukoa eta barreiatua batzen ditu nagusitasun eta soiltasuneko kutsu batekin. Gauza guztien gainetik kontzientzia lasai duen pintorea da, zintzoa, asmo oneko kritikaria eta isekari zertzelada bat duena, liriko sutsu bat izateaz gain.

Bere kolore gardenak, bere konposaketa naturalak nahiz gardenki hautemangarri diren bere hondoek, sarritan, trebetasunez elkartutako irudi anitzak barneratzen dituzte, umorearen eta maitasunaren kutsu izugarriarekin eta, batez ere, zehaztasun psikologiko bekaizgarri batekin. Zehatzaren errealista da herrialdea, paisaia, herritarrak eta atorrak deskribatzerakoan.

Pintura zuzena erabiltzen du, lasaigarria, bizipenez betea, erretorikarik eta diskurtso aldetiko nahasmenik gabe; bere ardatz existentzial barne-barnekoekin sustraitua. Ikuslegoarekin bat egiten asmatu zuen eta, agian, hortik eratortzen da bere bat-bateko freskotasuna eta zortzikoaren melankolia, aurreskuaren handitasuna eta ezpata-dantzaren bibrazioa iradokitzen duten taupadak"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

SRP

  • LARRINAGA, José Antonio: Los Cuatro Arrue. Artistas Vascos. Bilbo 1990.
  • PLAZAOLA ARTOLA, Juan: Euskal Margolariak Aurrezki Kutxen Bildumetan. 3. zenb. Bilbao Bizkaia Kutxa/ Gipuzkoa Donostia Kutxa/ Vital Kutxa, 1994, 109-112. or.
  • ZENBAITEN ARTEAN. Los Arrue (Alberto-José-Ricardo-Ramiro), Bilboko Bankuan 1977an.

SRP