Kontzeptua

Buhameak

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira, Maskarada Beltzeko kideak. Ijitoen taldea da.

Maskaradaren taldean Txorrotxen atzetik joaten ohi dira, beti azkenengo lekuetan, Kauterak baino lehenago.

Buhameen taldeak lau kidek osatzen dute. Horietatik bat Buhame Jauna da, haien Erregea, haren izena Baratxegarai izanik (beste batzuetan Basagaitz, edo Baratxugaitz); besteak, haren mendekoak dira.

Jantzi koloretsua daramate, kortinak egiteko erabiltzen diren oihal horietakoaz egina, eta ohial bereko txapela borla txikiekin apainduta; bakoitzak marra beltzedun egurrezko sablea darama.

Jantzi hori ez da aldatu, orokorrean aurretik egindako deskribapenetatik; egurrezko sableekin batera, Buhameak fusilekin armatuta zihoaztela da aipagarriena, eta horiek XX. mendearen hasieran desagertu zirela, istripuak ekiditeko asmoz.

Buhameekin batera bazen Maskaradetan parte hartzen zuen beste talde bat, Buhamesena; asko ziren, batzuetan hamabost ere. Buhamesen jantzia, gona marra gorri eta zuriekin, gerruntze zuria eta kolore berdineko zapia buruanzetzan.

Erratza zeramaten eta baita pistola bat ere, pilaketetan erabiltzen zutena. Eskale lotsabakoak ziren, eta ikusleak goitik behera erraztatu eta gero, haiek egindako zerbitzuaren ordaina eskatzen zuten.

Horietako bat Zamaltzainaren ondoan omen zihoan, berari janaria eta edatia emateaz arduratzen zena.

Buhamesak zeharo desagertu egin dira, egiten zuten lizunkeriengatik omen. Jauntxoei dirua eskatzeko zeukaten eginkizuna geroztik Marexalek egiten dute, eta Zamaltzainari janaria eta edaria emateko Kantiniersa pertsonaia sortu zen.

Buhameekin jarraituz, Barrikadetan parte hartzen dute, beste Maskarada Beltzeko kideekin batera plazan sartuz, haien berezko doinuarekin, baina pausua batera eramaten ezin lortuz (edo, agian, ezin saiatuz ere). Amaitzen dutenean, bata bestearen gainera botatzen dira, eta multzo batetan pilatzen dira plaza erdian.

Maskarada osoan zehar ikusleak zirikatzen dituzte edo petardoak bota, edo elkar borrokatzen, Kauterekin batera. Horiek ez dute jarraitzen, inolaz ere, Maskarada Gorriko kideek agertzen duten ordena.

Beraiek bakarrik egiten dute euren funtzioa, euskeraz hitz eginez, baina Behenafarroako euskalkian. Plazan sartzen dira oihuka, sableak astinduzeta haiekin dantzazten dute. Amaitzen dutenenean, Buhame Jaunak egiten du haren "Predikia" edo hitzaldia, egunerako moldatuta: Zer herrietan egon direla, zenbat gauza egin dutela, zer jan edo edan dutela, beti goraipatzen Baratxegarai Haundiaren eginkizunak.

Baratxegarai Predikia amaitzen duenean, beste Buhameek euren Erregea hartzen dute trono batean balego bezela, eta plazatik ateratzen dira Beltzen soinuarekin.

Herellek esaten digu Buhameen funtzioan beste pasarte bat zegoela: Buhameek "teilla" jokuan jolasten zuten (borobildutako egur zatia, lurrean egindako marra baterantz botatzen dena). Jokua eztabaida batetan amaitzen zen; eztabaidak borrokara eramaten zuen; borrokalarietako bat hiltzen zen sable kolpe batez, eta, betiko moduan, Medizinak berpizten zuen.