Pintoreak

Erbina Eguiluz, Gerardo

1884an Gasteizen jaiotako pintore garaikidea. 1963ko irailaren 21ean hil zen Gasteizen hirurogeita hemeretzi urte zituela.

Dena den, bere jaiotze-data 1883an ere kokatu izan da. Pintzelekin trebea izateaz gain, xake-jokalari abila zen. Kirol horretako munduko espezialista onenekin lehiatu zen. Musika klasikoa zen bere beste zaletasun kuttun bat, bereziki germaniarra. Horrela, pianoa nahiko modu txukunean jotzen zuen. 1943an Gasteizko Musika Kulturaren Elkartea sortu zuten bazkideetako bat izan zen. Bere aita, Jose, Araiakoa zen. Arabako hiriburuan XIX. mendeko azken herenean finkatu zen. Kolonia-denda bat ireki zuen Dato kalean eta ondoren, Plaza Berrian eta Posta kalean. Familia-negozioa zen, Gerardok heredatu zuena.

Oso gutxi dira pintore honi buruz dauden datuak eta, gainera, han-hemenka sakabanatuak. Esan denez, XX. mendearen hasieran, 1905. urte inguruan, Alemaniara joan zen bizitzera. Düsseldorfen bizi izan zen eta ondoren Bavariako bihotzean, Munichen. Stuck irakaslearen eskutik pintura-eskolak jaso zituen eta, dirudienez, Vasily Kandinsky, Paul Klee eta Oskar Kokoska izan zituen ikaskide eta lagun. Alemaniako pintura espresionista bertatik bertara ezagutu zuen. Hala, joera hori landu zuen. Saenz de Ugarte kronikari gasteiztarraren arabera, Erbinaren zenbait obra Municheko Neu Pinakothek Museoan daude ikusgai, itzal handiko maisuen (Stuck, Lembach edo Feuerbach) obren alboan.

Gizarte-harreman ugari eta bikainak zituen Erbinak. Hala, Bavariako printzearen familiarekin ere lotura estua izan zuen. Eleaniztuna zen. Horrenbestez, hizkuntza askotan mintzatu zen eta alemanera oso ongi menderatzen zuen. Hizkuntza hori irakatsi zuen Gasteizko Bigarren Hezkuntzako institutuan eta Marianisten Ikastetxean.

Pinturarekin lotutako jarduerei dagokienez, badirudi mihise-sorta itzel bat egin zuela, bereziki, erretratuak eta irudien konposizioa. Hala ere, zoritxarrez oso gutxi hedatu da publikoki eta margolan horiek bildumagile partikularren eskuetan geratu dira. 1946an bakarkako erakusketa garrantzitsu bat egin zuen, laurogei pieza baino gehiago biltzen zituenak. Olagibel kaleko Kultura eta Hitzaldi Aretoetan izan zen hori. Halaber, gerraostean, Pinturako Udaberrien Madrileko Aretoetan parte hartu zuen.

Hil ostean, tokiko prentsak ohar urri batzuk baino ez zituen aipatu haren izaera polifazetikoa, arte eta letrekiko jaidura eta hizkuntza alemanaren jakitea azpimarratuz, xake-jokalari gisa zuen trebetasuna eta musikarekiko pasioa ere adieraziz.

  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Gerardo Erbina, pintor y hombre polifacético". El Periódico de Álava, 1998ko urtarrileko 4.