Erakundeak

Eusko Jaurlaritza

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak -Konstituzioaren 152.1 artikuluak zehatutakoari jarraituz- dagokion autonomia organo betearazlea beste gainerako Autonomia Erkidegoetan gobernuek eratu izan diren antzera egituratu du. Lucas Murillo de la Cuevak adieraztera ematen duen bezala "al menos en el plano formal, la homogeneidad institucional autonómica es un hecho" (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 101).

Konstituzioko artikulu horrek betekizun betearazle eta administratiboak aitortzen dizkion Gobernu Kontseilua eta Batzarrak bere kideen artetik hautatutako aipatutako Kontseiluaren zuzendaritza leporatzen dion Lehendakaria aurreikusten dituela gogoratu beharra dago. Halaber, Lehendakariak eta Kontseiluko kideek dagokion Erkidegoko Legebiltzarraren aurrean politikoki erantzule direna ere ezartzen du.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak euskal organo betearazlearen inguruak zehaztasunez definitzen ez dituena egia den arren, sistemaren funtzionamenduan dagokion zeregina (Lucas Murillo de la Cueva, 1990:17), lehendabiziko hurbilpen bezala, Gobernua, Legebiltzarrarekin eta Lehendakariarekin batera, Euskal Herriko Botereak egikaritzen dituen subjektuetariko bat bezala aintzat hartua dela baiezta dezakegu.

Eta, era apur bat zehatzago batez, Gobernua, berariazko eskumenak hartzen dituen Lehendakariak mahaiburututako eta berak bezala status berezia aitortzen zaien zehaztugabeko kopurudun Sailburuz osatutako betekizun betearazle eta administratiboak dituen izaera kolegiatua duen organoarekin, -hitzak dituen esanahi ugariek gorabehera (García Herrera, 1985: 310) -, nabarmen identifikatu dezakegu. (Saiz Arnaiz, 1991: 1302).

1936ko Autonomia Estatutuak Gobernuaren izatea, Euskal Autonomiako organo Betearazle gisa, aurreikusten baldin bazuen ere, guda zibilak legebiltzarrerako hauteskundeak egitea eragotzi egin zuen eta horrekin Estatutuak aurreikusten zuen Gobernuaren eraketa zapuztu egiten da.

Salbuespen egoera horretan, eta 1936ko Estatutuko Lehen Xedapen Iragankorrak aurreikusitakoari jarraituz, J.A. Agirre Lehendakariak mahaiburutu eta hamar Sailburuz osatutako Behin Behineko Gobernua eratu zen.

Urte bat beranduago Behin Behineko Gobernua atzerrira abiatzen da itzulera ofiziala 1979an, J.M. Leizaola Lehendakari zela, gauzatu zenera arte. Data horretan Gernikan, garai hartan Euskal Kontseilu Nagusiko Lehendakaria zen R. Rubial Cavaren esku jarriz, botere aldaketa gauzatzen da. Urte bete beranduago, zehatzago esateko 1980ko apirilean eta urte horretako martxoaren 9an egin ziren lehendabiziko autonomia hauteskundeen ondoren, Legebiltzarrak lehen Eusko Jaurlaritzako Lehendakari gisa C. Garaikoetxea hautatzen du. Eta ordutik egungo legegintzaldira arte, VIII.a hain zuzen ere, hurrengo Gobernuak izan dira: I. Legegintzaldian (1980 apirila- 1984 otsaila) eta II.ean (1984 apirila-1987 martxoa) Eusko Jaurlaritza C. Garaikoetxeak mahaiburutzen du; hurrengo hiru legegintzaldietan, hau da, III. (1987martxoa-1991otsaila), IV. (1991 otsaila-1995 urtarrila) eta V. (1995 urtarrila-1998 abendua) Lehendakaria J. A. Ardanza da; eta VI., VII. eta VIII. Legegintzaldian, 1999ko urtarriletik 2009. urterarte Eusko Jaurlaritza J. J. Ibarretxe jaunak mahaiburutzen du. Eusko Jaurlaritzaren IX. legegintzaldia Patxi López Lehendakariak mahaiburutzen du.

Aipatu erakundearen araudia Euskal Herriko Autonomia Estutuan zein 1981eko ekainaren 30ean (aurrerantzean, 7/1981 Legea) Gasteiz-Vitorian, Lakuako barruti-aldean kokatuta dagoen Eusko Legebiltzarrak onetsitako Gobernu Legea izenekoan ere aipatzen da.

Antolaketa edo egitura ikuspegi batetik, Saiz de Arnaizi jarraituz, Eusko Jaurlaritzari dagokionez hurrengo bost ezaugarriak aipa ditzakegu (Saiz de Arnaiz, 1995:49-62).

Eusko Jaurlaritza Garcia Herreraren hitzetan organo "autonomikoa" edo estatutupekoa da (García Herrera, 1985: 313). Horrek hauxe esan nahi du:

  1. Estatutuak zuzenean sortu eta zereginak eta eraketa aurreikusten dizkion organo baten aurrean gaudela. Edota Lucas Murillo de la Cuevak adierazten duen bezala Estatutua da Autonomia Gobernua sortu edo bizia ematen dion araua. (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 103).
  2. Organo hori egon ezak estatutuan zehaztutako orden juridikoaren erabateko aldaketa ekarriko luke, Autonomia Estatutuan zein Konstituzioan ezartzen denaren erabat desberdina litzatekeen gobernu-sistema izatea erakarriko lukeelako.
  3. Autonomia Erkidegoaren zuzendaritza politikoan parte hartzen du.
  4. Beste gainerako estatutu organoek duten mailaren berdina du. Hau da, aipatu organo horien artean koordinazio lokarriak daude eta ez menpekotasunarekikoak.
  5. Eta, azkenik, estatutupeko organoa den heinean, Eusko Jaurlaritzak araugintzarako eta antolakuntzarako autonomia du.

Eusko Jaurlaritza organo anitzez, euretariko bakoitza banan banan aintzat hartuta bereak dituen eskumenduna izanik, osatuta dago, baina, organo horien guztien batzarrak erabaki-esparru berri eta berariazko eskumenak dituen Gobernu Kontseilua izeneko organoa osatzen du. Beraz, "organoen organo" baten aurrean aurkitzen gara. (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 104).

Lehendakariak duen lehentasun egoeraren kaltetan gabe, organo kolegiatutzat jo dezakegu. Eta hori, Jaurlaritza pertsona konposizio anitza duen organoa izanagatik eta berari aitortzen zaizkion betekizunak gehiengoz onartutako erabaki baterakoi baten bitartez parekotasun egoeran diren kide guztien artean hartutakoak izanagatik ere.

Eusko Jaurlaritzarekiko bere homogeneitatea aditzera eman dezakegu. Homegeneitate hori ez da organoa eratzen dutenen politika-ideologiaren esparruko erabateko identitate bezala -nabarmen diren arrazoiengatik koalizioko Gobernuan ematen ez dena- ulertu behar, Lehendakariak zehaztutako gobernu-programarekiko organoa eratzen duten guztien identifikazio bezala baizik. Halaber, homogeneitatea esanahi horretan ulertzen dute, besteak beste Cañok (Caño, 2007: 156) edo Garcia Herrerak (García Herrera, 1985: 313).

Hain zuzen ere, Legebiltzarraren aurrean politikoki erantzule den organo baten aurrean gaude. Aurrerago ikusi ahal izango dugun bezala, aipatu izandako erantzukizun politiko hori gobernuak bere jatorria Legebiltzarrarekin duen harreman fiduzioarioarekin bat egiten duena zehaztera datorren zilegitasun demokratikoaren zuzeneko ondorioa diren gaitzespen-adierazpenaren eta usteonaren bitartez ere gauzatzen da (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 107).

Autonomia Estatutuko 30. artikuluaren arabera Lehendakariak eta Sailburuek Eusko Jaurlaritzako ezinbesteko kide izan behar dute. Eta 7/1981 Legearen 17. artikuluak Lehendakariordeak eransten ditu, Jaurlaritza Lehendakariak eta Lehendakariak izendatutako Sailburuek osatzen dutela adieraziz, horietatik lehenengo Lehendakariorde bat eta Lehendakariorde bat edo batzuk izendatu ahal izango dituela ezarriz. Beraz, inoiz adierazi izan den bezala, ez dago Lehendakariorde "soilik" Lehendakariorde-Sailburua baizik, bai Sail baten jabe izanik bai Sailik gabeko izanik ere (García Herrera, 1983: 1022).

Aurrerago esandakotik Eusko Jaurlaritza hurrengoek eratzen dutela eratortzen da: Lehendakaria, Lehendakariordea/k hala badagokio, eta Sailburuek. Eta Lehendakariak izendapenarekiko dekretuak Lehendakariordeen jardun-esparru eta betekizunak ezarriko ditu.

Horrela bada, organo Betearazlea osatzen duten kideen artetik euren presentzia, estatutuaren aginduz, beharrezkoa dutenen artean bi sailkapen egin ditzakegu: Lehendakariarena eta Sailburuena.

Lehendakariaren izendatzea

Estatutuak, zehatzago 29tik 33ra arteko artikuluetan, jaurlaritza parlamentarioari buruzko sistemaren alde ekiten dio. Horrek hauxe dakar: Lehendakaria Eusko Legebiltzarrak bere bazkideen artetik inbestidura prozedura izenekoaren bitartez hautatua izatea. Beraz, Lehendakariak euskal legebiltzarkide izaera izatea eskatzen da, horretara, legebiltzar-izendatzea eta herri-hautaketa beregan izateari esker dagokion zilegitasun demokratikoa bermatzen baita (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 123).

Ikus dezagun, labur bada ere, zertan datzan Lehendakariaren inbestidura prozedura. Eusko Legebiltzarra berritzen denean eta legedian aurreikusitako beste gainerako kasuetan ere, erakunde horretako Lehendakariak Lehendakaria hautatzeko Legebiltzarrerako deia egiten du. Eskematikoki, inbestidura-prozeduraren jarduera desberdinak honako hauek dira:

  1. Legebiltzar-Talde desberdinek hautagai-saloak aurkeztuko dizkiote Legebiltzarreko Mahaiari.
  2. Hautagaiek, Legebiltzarrean, eratu nahi luketen Jaurlaritzaren egitasmoaren xede nagusiak agertuko dituzte.
  3. Gero, hau da, egitasmoen azalpenen ondoren, Legebiltzar-Talde bakoitzaren izeneko batek eskuhartuz eztabaidari hasiera emango zaio.
  4. Behin eztabaida bukatutakoan, boto emanketa egingo da. Lehendakaria izendatzeko lehen boto-emanketan Legebiltzarraren erabateko gehiengoa lortu dezana Lehendakari izendatua izango da eta hogeita lau ordu igaro ondoren izango den bigarren boto emanketan, emandako baliodun botoen artetik gehien atera dezana izendatuko da Lehendakari. Hori bai, Legebiltzarrari lehendakaria hautatzeko deia egin zaionetik 60 egunetako aldia igaro eta hautagairen batek ere aipatutako gehiengoa lortu ezean Legebiltzarra ezabatu egingo da.
  5. Eta behin Legebiltzarrak Lehendakaria hautatuz gero, Lehendakaria Erregeak izendatuko du. Egintza hori, Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 27ko 5/1987 erabakian adierazi zuen bezala, Nazioko Gobernuaren Presidenteak berretsia izango da. Geroago, Lehendakaria bera izango da Jaurlaritzako Sailburuak izendatuko dituena.

Lehendakariaren nagusitasun egoera

Aurreratu dugun bezala, Eusko Jaurlaritzako kide, ezinbestean, Lehendakaria eta berak izendatutako Sailburuak ditugu, lehendakariaren nagusitasun nabarmen bat dagoena argi eta garbi dagoena esan daitekeen arren. Baieztapen hori Konstituzioaren 152.1 artikuluaren arabera "Lehendakariari Gobernu Kontseiluaren artezkaritza, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren ordezkotza gorena eta Erkidego horren lurretango Erresumaren agizkoa ere dagozkio" adierazi izatetik eratortzen da. Eta, 7/1981 Legeak " lehendakaria mailarik goreneko egoera juridikoan ezartzen du, Kontseiluko gainerako kideengandik botere politiko sendo eta bereiziak aitortuz" (García Roca, 1985: 194). Horrela, Garcia Herreraren hitzetan, Sailburuengandik Lehendakaria urrutiratzen duen egitura bipolarra sustraitzen da (García Herrera, 1983: 1003).

Adierazitakoak Eusko Jaurlaritzan maila bi nabarmen bereizi daitezkeela baieztatzeko aukera ematen digu: bat Lehendakariak ordezkatutakoa, eta bestea Sailburuek ordezkatua. Eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren barruan lehenak duen nagusitasun hori dimentsio bikoitz batera hedatzen dela esan dezakegu, alegia:

Alde batetik, organoen arteko harreman esparruan. Hau da, Estatuarekin zein Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuekin mantentzen dituen harremanei buruzkoa.

Eta, bestalde, barne mailan edo gobernu arteko harremanen esparruan. Ikus ditzagun bai esparru baten bai bestean lehendakaritzaren lidergo horren erakusgarri zehatzak izate asmorik ez duten batzuk.

Horrela, organo arteko harremanen esparruari dagokionez, lehentasun egoera hori, adibidez, hurrengo arlo biotan gauzatzen da:

  1. Estatuko erakundeei dagokienez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren ordezkotza gorena du eta Erkidego horren lurretan Erresumaren agizko ordezkotza ere izanez.
  2. Eta Eusko Legebiltzarrari dagokionez, zuzeneko zilegitasun parlamentarioa duen Eusko Jaurlaritzako kide bakarra da. Eta hori, 7/1981 Legetik eratortzen denez, honetan gauzatzen da: Eusko Legebiltzarrak zuzenean hautatutako kide bakarra da; berak besterik ez du Legebiltzarra aurretiaz deuseztatzeko ahalmena; eta, Eusko Legebiltzarrari usteona azaldu diezaioke Gobernuan aldez aurretiko eztabaida izan ondoren.
    Eta, bere aldetik, gobernuen arteko harremanen esparruari dagokionez, Lehendakariaren nagusitasuna, 7/1981 Legearen irakurketatik eratortzen denez, besteak beste, hurrengoetan nabarmentzen da:
  3. Jaurlaritzaren norabide politikoari zein bere ekimen politiko zehatzari buruzkoan erakunde horren Lehendakaritza eta artezkaritza dagozkio.
  4. Sailburuak izendatzea eta kentzea dagokio, sailburuen artetik Jaurlaritzako Idazkaria izendatzea, eta hala badagokio, Lehen Lehendakariorde bat edo Lehendakariorde bat edo gehiago izendatu ditzake.
  5. Jaurlaritzaren batzarretarako deia egiten du, batzarrotako gai-zerrenda ezartzen du eta batzar-buru izan eta eztabaidak artezten ditu.
  6. Kanpoan edota eri gertatutako Jaurlaritzakideen ordezkatzea erabakitzen du.
  7. Eta bereak dituen eskumenetan Dekretu mailadun xedapenak eman ditzake. Horrela, adibidez, Lehendakariaren Dekretu bitartez Sailburuak izendatu edota kendu ditzake.

Lehendakariak nagusitasun egoera duena edozein zalantzatik at gelditzen dena argi dago eta Saiz Arnaizek adierazten duen bezala, lehentasunezko maila hori Jaurlaritzako Lehendakari bezala Sailburuekiko mailaz goragoko tokia izatean gauzatzen da (Saiz Arnaiz, 1995: 69).

Aurreratu dugun bezala, Sailburuak ere, beharrezko organoak dira, Lehendakariak behin izendatutakoan euren zerbitzu harremana Lehendakariak berak haren izendapena baliogabetzea erabakitakoan, tokia uztean, Legebiltzarraren usteona galtzean edo heriotzagatik amaituz.

Sailburuek izaera bikoitza dutena adierazi beharra dago: politikoa eta administratiboa. Izaera bikoitz hori Eusko Jaurlaritzak betekizun politikoa egiteaz gain, aldi berean, Jaurlaritzaren egitasmoa bete ahal izateko Administrazioa arteztuz administrazio betekizunak ere gauzatu behar izateari dagokion egitatetik eratortzen da.

Horrela bada, Sailburuek:

Alde batetik, organo kolegiatu diren heinean Jaurlaritzakide dira. Jite politiko horren arabera, Jaurlaritzari egotzitako betekizunak garatu, bere borondatea eratu eta erabakiak hartzerakoan irizkide izatea dagokie. Beste era batera esateko, Sailburuek gobernuaren norabide politikoarekiko zereginean parte hartzen dute, Jaurlaritzaren eztabaidetan eta berari hartzea dagozkion erabakietan partaide izanez.

Eta, beste alde batetik Sailburuei Sail jakin bateko buru izatetik datorkie administrazio-izaera edota ezaugarria. Esandako guzti horretan, gogoan izan bedi, 7/1981 Legearen 8 c) atalak Lehendakariari Sailen aginte-eremuen banaketarako edo Jaurlaritza-Sailak sortu, kendu, edota izena aldatzeko eskumena aitortzen diona. Horretara administrazioarekiko antolaketa Gobernuaren ildo politikoaren arabera egokitu dezake (García Herrera, 1985: 315).

Aipatutako eskumena, gaur egungo legegintzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 27ko Lehendakariaren Dekretuaren onarpenarekin gauzatzen da. Araudi horrek Jaurlaritza hamaika Sailetan eta Lehendakariordetza batean, Lehendakaritzaz gain, ataltzen du. Sailak honako hauek dira: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila; Herrizaingo Saila; Industria, Merkataritza eta Turismo Saila; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Osasun Saila;Kultura Saila; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila; Garraio eta Herri Lan Saila; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila. Beraz, nabarmen azaltzen da Lehendakaria dela, horrela, jaurlaritza-egituraketa guztia antzaldatu dezakeena.

Aipatutako 8/2005eko Dekretuko 5. Artikuluak Lehendakariordetzari, beste hainbaten artean, hurrengo jardun-arloak aitortzen dizkiola zehaztu beharra dago: Jaurlaritzaren Idazkaritza; Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste instituzioekiko harremanak eta komunikazioak; Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatzea eta garatzea; Politika publikoen definizio, koordinazio eta exekuzioan euskal gobernantza publikoa diseinatu eta aplikatzea; edo, Autonomiaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jarduerak koordinatzea. Beraz, kargu erabat politikoa da, praktikan alderdi bereko Sail desberdinetako buru direnen arteko koordinazio-lanak egiteaz gain organo Betearazlean diren gainerako beste alderdiarekin harremanak ezartzen dituena.

Bere aldetik, 8/2005 Dekretuko 4. Artikuluak, hurrengo azaltzen diren jardun-arloak Lehendakaritzarenak zirena aintzat hartzen zuen: Jaurlaritzaren bozeramailetza; Jaurlaritzaren informazio eta komunikazio politika Komunikabideekiko; gizarte eta erakunde harremanak; Jaurlaritzaren politika Europako Gaiekiko, Mugaren bi aldeen arteko Lankidetza eta Eskualdeen arteko Lankidetzarekiko, Euskal Gizataldeekiko eta Euskal Etxeekiko; Euskadi kanpoan ordezkatu eta ezagutaraztea; Aukera berdintasuna genero arloan.

Sailburuek Sail jakin baten buru diren bitartean hurrengoak bezalako betekizunak egikaritzen dituzte:

  1. Buru direneko Saileko ordezkotza, artezpena, iharduna eta ikerpena.
  2. Sailaren egitura eta erakundetzaren saloa egitea, onarpena eman diezaion.
  3. Edo bere Sailari dagozkion gaiei buruzko Dekretuen saloak egitea.

Beraz, sailburuengan gobernu-organoa bere osotasunean aintzat hartuta bereizten duten zeregin politikoa eta administraziozkoa ematen dira (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 118). Jaurlaritzako kide bezala Sailburuei dagozkien eskumenen eta Sailburu bezala ematen zaizkienen arteko bereizketa egiterakoan 7/1981 Legeak bereak ere aipatzen dituen osagai bikoitza dira esparru bi horiek.

Bai Lehendakariari bai Sailburuei ere dagokien goi-mailari egokitutako duintasuna emate helburuz erapide berezia aitortu, emandako erakunde-helburuen betekizuna erraztu eta erantzukizun jakin batzuk eskatu izaterakoan berme berezi batzuek aitortzen zaizkie. (García Herrera, 1985: 329).

Legebide berezi hori, ildorik nagusienetan, hurrengo lau arauon oinarrian definitua izan daiteke:

Ekonomia izaeradun eskubide jakin batzuk aitortzen zaizkie. Horrela, adibide gisa, hileroko diru-ordaina, aldibaterako diru-izendapenak kargua uztean edo bizisari a eskuratu izatea ere.

Eskuarki bateraezintasunen sistema zurrun baten menpe daude, beraiei dagozkien betekizunak hobeto gauzatzea ziurtatzearen helburuz. Zentzu horretan, Cañok baieztatzen duen bezala, beste jarduera publiko, pribatu edo merkataritza eta industria arloko batzuk gauzatu ezin dituztenagatiko bateraezintasun funtzionalak Aurrekontu Publikoen kontura ordainsari bat baino gehiago inork jaso ezin dezakeena dakarren ordainketagatiko bateraezintasuna izenekotik bereiztea posible da (Caño, 2007: 159).

Immunitatea aitortzen zaie, eta ondorioz Autonomia Erkidegoko lurralde eremuan euren agintaldian zehar egin ditzaketen delituzko ekintzengatik ezin izango dute atxilotuak edo atxikiak izan, delitu gori baten pean erortzean ezik.

Eta, foru berezi edo foruzko pribilegioa ezartzen da. Horrek esan nahi du, Gobernukideek auziperatzeko eskumena duten bakarrak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia -delitu egitea Erkidegoan bertan gauzatu izatekotan- edo Epaitegi Goreneko Zigor-arloko Sala -delitua Autonomia Erkidegotik at egina izatean- izango dira.

Eusko Jaurlaritzaren eginkizunez dihardugunean Botere Betearazlearen jabe eta organo kolegiatu bezala berari agindutako eginkizunez ari garela ohartarazi beharra dago. Eta beraz, ez gara ari jaurlaritza osatzen duten organo anitzei banan banan aintzat hartuz aitortzen zaizkien eskumen bereziz.

Aurretiazko ohar hori eginda, izaera sistematikoz eta Autonomia Estatutuko 29. Artikuluan ezarritako hitzei jarraituz, "Euskal Herriko funtzio exekutibo eta administratiboak bere eskutan dituen organo kolegiatua Euskal Gobernua da". Zehaztasunez 7/1981 Legeko 16. artikuluak Eusko Jaurlaritzak guztizko politika-helburuak ezarri eta Euskal Herriko Arduralaritza artezten duela, horretarako legegintza-arioa, egiterapen-iharduna eta arauak emateko ahalmena darabiltzala, ezartzen du.

Horrela bada, Garcia Herrerarekin (García Herrera, 1985: 332-344) bat etorriz Eusko Jaurlaritzak, Botere Betearazlearen jabe, funtsean, hurrengo eginkizunak egotzita dituela argi esan dezakegu.

  1. Estatutuaren berraztertzearen eginkizuna eta horren arabera Jaurlaritzak Autonomia Estatutuaren balizko eraberritzeari ekiteko proposamenerako gaitasuna du.
  2. Autonomiaren aldezpenerako eginkizuna. Gai honi dagokion arloan, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuari eragin diezaioketen lege mailako xedapen arautzaileen eta legeen aurkako konstituzio-kontrakotasunarekiko gora-jotzeak aurkezteko zein Konstituzio Auzitegiaren aurrean eskumen-gatazkak aurkeztu ahal izateko erabateko zilegitasuna dauka.
  3. Politika arteztearekiko eginkizuna, hainbat ekimenetan gauzatzen dena eta euron bidez Autonomia Erkidegoko helburu politikoak egikaritzeko ahaleginak eginez. Horrela, eginkizun horretan, adibidez, gobernuaren parte hartzea sar daiteke; ekonomia plangintzari buruzko legegintzan; Euskal Herriko aurrekontu nagusien prestakuntzan; edo Estatuari ordaintzen zaion Kupoaren ezarpenean.
  4. Administrazioaren artezte eta betearazle eginkizuna, zerbitzuen eskaintza eta kudeaketarako teknikoki gaitutako lanarigoaz osatutako erakunde instrumentala den heinean.
  5. Eta araubidezko ahalmena, legeen mailapeko arau diren hiru mailatako Dekretuen onarpenean azaltzen da: estatuko eta erkidegoko legeen garapen eta egikaritzarakoak; antolaketa eta sailkako egiturekikoak eta zerbitzuei buruzkoak; eta Goi Karguen izendapen eta kargu uztearekikoak. Esandakoari Jaurlaritzak duen lege mailako Dekretu legegileak izeneko arauak emateko duen aukera ere erantsi beharko litzaioke.

Legebiltzarraren eta euskal exekutiboaren arteko harremana -konstituzioan aurreikusitakoaren garapenean Euskal Herriko Autonomia Estatutuan zein 7/1981 Legean adierazitako arauditik abiatuta- nola gauzatzen den aztertu izanak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak gobernu parlamentariodun sistemaren alde egin duela baieztatzea ahalbidetzen digu.

Bide horri jarraituz, Saiz Arnaizek Euskal Herriko gobernu-sistemaren definizio parlamentarioa hurrengo hiru arlo hauetan zutabetzen dela adierazten du: Legebiltzarrari jaurlaritza-ekimenaren kontrol eta bultzadaren eginkizuna egoztea; legebiltzarraren konfiantza galdu izatekotan Jaurlaritzaren beharrezko dimisioa; eta, Legebiltzarraren aurrean Jaurlaritzakide guztiek duten erantzukizun politiko kolektiboa eta banakakoa (Saiz Arnaiz, 1995: 41).

Euskal Herriaren kasuan legebiltzartasunaren arlo garrantzitsuak hurrengo hiru hauekin identifikatu daitezke: usteonaren-galdea; gaitzespen-adierazpena eta Eusko Legebiltzarraren ezabapena. Beste era batera esanda, esandako horiek dira gobernuaren era parlamentarioa identifikatzeko balio diguten Eusko Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanaren hiru bide klasikoek.

Ondoren laburbilduta eurotariko bakoitza zertan datzan azalduko dugu. Eta tresna horiek era egokian ulertu ahal izateko komenigarria da Legebiltzarraren eta Betearazlearen artean, edozein sistema parlamentariotan izan behar duen usteoneko harremanaren hasiera dakarren Eusko Legebiltzarrak Lehendakaria hautatu izatearen egitatetik abiaraztea. Usteonezko harremana beraz, behin aurreko hiru bideetariko bat egikaritzean, legegintzaldiak irauten duen epealdian zehar mantendu edota arbuiatu daitekeena izanez.

Usteoneko galdearen bitartez Eusko Jaurlaritzak bere Gobernu programa egikaritzeko edo politika nagusiaren arloan, garrantzi berezia duen gobernu-erabaki bezala ulertuz, aldarrikapena egiteko Eusko Legebiltzarraren babesik izaten jarraitzen duen egiaztatzeko aurrea hartzen du. Hain zuzen ere, Lehendakaria da aldez aurretik Gobernu Kontseiluarekin eztabaidatu ondoren, usteoneko galdea aurkeztu dezakeena. Eta Legebiltzarraren usteona berriztatutzat joko da baldin eta Legebiltzarreko bozken gehiengo soila lortzen baldin bada. Hau da, aldeko bozken kopurua aurkako bozken kopurua baino gehiago izan dadinean, J.A.Ardanza Lehendakariak PNV-PSOE-EE hirukoaren programarekiko usteoneko galdea Legebiltzarraren aurrera 1991.eko urrian ekarri zuenean gertatu zen bezala. Aldiz, aipatutako gehiengoa lortu izango ez balitz, Lehendakariak bere dimisioa aurkeztu beharko luke eta beste berri baten izendapena burutu beharko litzateke, ekimen horrek, ezinbestean, jaurlaritzaren sailburukide guztien kargu uztea ekarriz.

Bestalde, gaitzespen-adierazpena Montero eta García Morilloren ustez "el máximo instrumento para sancionar el ejercicio del control parlamentario sobre el Gobierno y para hacer efectivo el principio de la responsabilidad política de los gobernantes" da. (Montero y García Morillo, 1984: 151). Beraz, legebiltzarkideen kopuru jakin baten eskariz -gutxienez seiren batek- erabateko gehiengoak gaitzespen-adierazpena onartu izanak Lehendakariaren hautaketa unean ezarritako Legebiltzarraren eta Betearazlearen arteko usteoneko lokarriaren etena ekarriko luke. Eta ondorioz, gobernuaren aldaketa. Euskal Herriaren kasuan gaitzespen-adierazpen eraikitzailearen ereduaren alde ekin dela aipatu beharra dago, Jaurlaritzaren Lehendakaritzarako hautagai bat adierazi beharra baitago. Horretara gaitzespen-adierazpenak Jaurlaritza uztea baino Jaurlaritza bat beste bategatik ordeztu izatearen esanahia du. Zehatzago esanez, gaitzespen-adierazpen baten ondorioak honako hauek dira: Lehendakariak bere dimisioa aurkezten du Legebiltzarreko Lehendakariaren aurrean eta Lehendakari bezala gaitzespenean aipatutako hautagaia izendatzen da.

Aipatutako guztiari Eusko Legebiltzarrak, halaber, erabateko gehiengoz gaitzespen-adierazpen ez eraikitzailearen bitartez Lehen Lehendakariordeari, Sailburuei banaka edota Behin behineko Lehendakariari banakako erantzukizun politikoa eskatu ahal izango liekeenarekiko aukera gehitu beharko genioke. Horrela banakako gaitzespen-adierazpen baten onarpenak, berez, ez luke Jaurlaritzaren kargu uzterik sorraraziko.

Beraz, aurreratutako datuek hurrengo balioztatzea egitea ahalbidetzen digute: Lehendakaria hautatzeko edo legebiltzarraren usteona berriztatua izan dena ulertzeko gehiengo soila nahikoa den bitartean, Jaurlaritza erortzeko erabateko gehiengoa da beharrezkoa. Baieztatutakoak, gure ustez, gutxiengoan dagoen jaurlaritzen babesle den sistema parlamentarioa ezarri dela islatzen digu.

Azkenik, Lehendakariak bideratutako Legebiltzarraren litekeen aurretiazko ezabatzeaz jardun behar dugu. Legebiltzarrari bereganako usteona kentzeko Legebiltzarraren agintearekiko Jaurlaritzaren esku dagoen kontrapartida gisa azaltzen den ahalmena dugu (Pizzorusso, 1994:118-119). Ahalmen horrek Jaurlaritzaren aldez aurreko eztabaida behar duen arren, ezabatzea Lehendakariaren erantzukizun bakarra dela jakinarazi beharra dagoela azpimarratu behar da, inola ere Lehendakariak ahalmen hori gaitzespen-adierazpen eraikitzaileren bat bidean litzatekeen bitartean erabili izaterik ez izanez. Edozein kasutan, aurretiazko ezabatzea Lehendakariaren Dekretu bidez egingo da, araubide horretan deialdiaren data eta hauteskunde berriak ospatuko daitezen eguna azalduz. Adibide gisa, egoki deritzagu Legegintzaldiaren urte bi ozta ozta besterik igaro ez zirela 1986ko irailaren 30ean J.A. Ardanza Lehendakariak Dekretatutako Eusko Legebiltzarraren aurretiazko ezabatzea gogora ekartzea.

  • CAÑO, J. (2007). Derecho Autonómico Vasco. Bilbao. Deustuko Unibertsitatea.
  • GARCÍA HERRERA, M. A. (1982). "Consideraciones en torno a la forma de gobierno de la Comunidad Autónoma Vasca", Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkarian, 2. zenbakia, orr. 63-96.
  • GARCÍA HERRERA, M. A. (1983). "La estructura del Gobierno Vasco", I Jornadas de Estudio sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco-n. II. Alea Oñati: HAEE, orr. 985-1097.
  • GARCÍA HERRERA, M. A. (1985). "El Gobierno Vasco", en Revista de Estudios Políticos, zenb. 46-47, uztail-urria, 1985, orr. 309-349.
  • GARCÍA HERRERA, M. A. (1985). "La continuidad del Gobierno Vasco", Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkarian, zenb. 11, orr. 83-110.
  • GARCÍA ROCA, J. (1985). "El sistema de gobierno parlamentario en el País Vasco. Moción de censura individual y derecho a la disolución", Revista de Estudios Políticos-en, zenb. 46-47, orr. 183-236.
  • JIMÉNEZ ASENSIO, R. y SAIZ ARNAIZ, A. (1992). "Instituciones y Partidos Políticos en la Comunidad Autónoma del País Vasco: 1986-1991", Working Papers del Institut de Ciències Politiques i Socials Aldizkarian, 53. zenbakia, orr. 3-58.
  • LÓPEZ GUERRA, L. (2007). "La organización de las Comunidades Autónomas", Derecho Constitucional. Vol. II. Los poderes del Estado. La organización territorial del Estado-n. Valencia: Tirant lo Blanch, orr. 347-374.
  • LUCAS MURILLO DE LA CUEVA, E. (1990). El Lehendakari. Oñati. HAEE.
  • LUCAS MURILLO DE LA CUEVA, E. (1991), El Lehendakari. Análisis orgánico y funcional. Madrid. Cívitas.
  • LUCAS MURILLO DE LA CUEVA, E. (1991). "La figura del Lehendakari desde la perspectiva de diez años de autogobierno" en II Jornadas de Estudio sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco. III. Alea. Oñati: HAEE, orr. 1197 - 1293.
  • LUCAS MURILLO DE LA CUEVA, E. (1992). "Los Gobiernos de las Comunidades Autónomas", Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkarian, zenb. 34 (II), orr. 97-143.
  • MONTERO, J. R. y GARCÍA MORILLO, J. (1984). El control parlamentario. Madrid. Tecnos.
  • PIZZORUSSO, A.(1994). "Recientes tendencias del parlamentarismo", Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkarian, zenb. 39, orr. 105-126.
  • PORRES AZKONA, J. (1982), "Parlamento y Gobierno en Euskadi", en Instituciones de la Comunidad Autónoma de Euskadi. Oñati. IVAP.
  • PORRES AZKONA, J. (1983), "La posición institucional del Lehendakari", en I Jornadas de Estudio sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco. Tomo II. Oñati: HAEE, orr. 935-981.
  • SAIZ ARNAIZ, A. (1983), "El ejecutivo: relaciones con el Parlamento", en I Jornadas de Estudio sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco. Tomo II. Oñati: HAEE, orr. 1223-1287.
  • SAIZ ARNAIZ, A. (1991). "El Gobierno Vasco: praxis de diez años de actuación", en II Jornadas de Estudio sobre el Estatuto de Autonomía del País Vasco. III. Alea. Oñati: HAEE, orr. 1297-1343.
  • SAIZ ARNAIZ, A (1995). La forma de gobierno de la Comunidad Autónoma Vasca. 2ª edición, ampliada y revisada. Oñati:IVAP.