Kontzeptua

Desamortizazioa

Euskal Herrian desamortizazioa XVIII. mendearen bukaeran hasi eta XIX. mendean zehar burututako prozesu historiko luzea izan zen. Prozesu horren bidez administrazio publikoek, lege-xedapenak erabiliz, Antzineko Erregimenean besterendu ezin ziren udalen eta Elizaren ondasunak, batez ere lurrak, desjabetu eta salgai jarri zituzten, enkante publikoan gehienetan. Saldutako ondasunen jabegoaren arabera bi desamortizazio mota bereizten ditugu: zibila, hau da, udal-ondarearen salmenta, eta Elizarena. Desamortizazioaren helburu nagusiak publikoa gutxitzea eta jabetza askatzea izan ziren. Prozesuaren ondorioz, lehen merkatal-esparrutik kanpo zegoen udalen eta Elizaren ondare eskerga banakako jabego pribatu eta erabat aske bihurtu zen.

Desamortizazioa iraultza liberalarekin hertsiki lotuta dago. Izan ere, desamortizazioak liberalismoaren jabetza ulertzeko modua -jabego askea, indibiduala eta mugarik gabea- ezarri eta hedatu zuen. Horregatik desamortizazioa bultzatu zuten legerik esanguratsuenak Espainiako iraultza liberalaren garaian onetsi ziren. Cadizko Gorteek neurri desamortizatzaileak onartu zituzten eta Hirurteko Liberalean (1820-1823) indarrean jarri ziren. Estatu liberala eraiki zen garaian, XIX. mendeko 30, 40 eta 50eko hamarkadetan alegia, lege desamortizatzaile nagusiak onetsi ziren. Lehenak, 1836 urtean, Juan Alvarez Mendizabal Ogasun Ministroa zela, Elizaren desamortizazioa arautu zuen. Bigarrenak, 1855 Pascual Madoz-en Desamortizazioko Lege Nagusiak, Elizaren ondareaz gain, udal-lurrak ere salgai jartzeko agindu zuen. Hala ere, lehenengo arau desamortizatzaileak XVIII. mendearen azken urteetan hartu ziren, Monarkia Absolutuaren eta udalen finantza-arazo larriak arintze aldera.

Euskal Herrian desamortizazioak zenbait ezaugarri berezi izan zituen. Batetik, udal-lurren salmenta prozesua goiztiarra izan zen, XVIII. mendearen bukaeran abian jarri baitzen. Bestetik, Elizaren desamortizazioak beste lurralde batzuetan baino eragin ekonomiko txikiagoa izan zuen, Eliza-ondarea bera ere txikiagoa baitzen. Azkenik, foru-erakundeek baldintzatu zuten desamortizazioa XIX. mendearen bigarren erdialdean, Madozen legearen ezarpena oztopatuz hasieran eta mugatuz geroago. Edozelan ere, Euskal Herrian zein Espainian desamortizazioak ez zuen jabego egituraren aldaketa handirik eragin. Ez zuen nekazari jabe xumeen talde bat sortu, liberalismoaren alde jokatu zezakeena. Lur gehien erosi zutenak herrietako jauntxoak eta hirietako burgesak izan ziren. Beroriek izango ziren liberalismoaren oinarri sozial nagusietako bat. Beste aldean, iraultza liberalaren aurka alegia, elizjendea eta laborari xehe asko egon ziren, desamortizazioa eta liberalismoarekin ezer gutxi irabazi baitzuten.