Pintoreak

Esteve Merino, Laura

Margolaria, marrazkilaria eta diseinatzailea. 1939. urtean Donostian jaio zen.

Cobreros Urangarekin Arte eta Lanbide-eskolan hasi zen eta gero Ascensio Martiarenarekin aritu zen, Marrutxipiko bere estudioan eta Gipuzkoako Erakunde Artistikoan. 1986. urtean Perugiako Arte Ederretako Eskolan marrazki eta grabaturen inguruko ikastaroa burutu zuen.

Urte askotan zehar profesionalki publizitate-diseinuan aritu zen, pintura munduan bete betean hastea erabaki zuen arte.

1997. urtean, Laura Esteve ARTE-LANAK estudioa ireki zuen. Pintatzen eta marrazten irakasteaz gain, Juan Cruz Unzurrunzagarekin batera galeria bat sortu zuen.

Bere bizitzan zehar gouachs, urkolore, olio-pintura edo ta akrilikoak bezalako teknika ezberdinak erabili izan ditu. Azken etapan, bere pintura lanek bilakaera nabaria izan dute, abstrakzioaren alde eginez eta edozein erreferentzia figuratiboa baztertuz.

Laura Esteve Artista Berrien Lehiaketen inguruan osatutako belaunaldi baten barruan sar daiteke, lehiaketa horietan hainbat sari jaso zuelarik. Orduz geroztik erakusketa ugari egin du. Bere azken lanak honako erakusketetan eskaini dizkigu: Donostian Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan pintura, marrazki, lan grafiko eta diseinu grafikoen erakusketa (2004); Donostiako Beti Boga eta El Lagar galeriatan eginiko pintura erakusketa (2006). 2007. urtean Palau Altea-n burutu zuen erakustaldia, 2010ean Donostiako Kutxa Boulevard Aretoan eta 2011. urtean berriz, hiri bereko Ekain Arte-Lanak galerian aurkeztu zuen bere lana.


Art Aretoa

Euskonews aldizkariko 536. alean, Art Aretoa sailean, bere obraren aukeraketa ikus daiteke.