Militarrak

Espartero, Baldomero

Espainiar militarra. Granatulan 1793an jaio zen, Ciudad Realen (Mantxa). Familia umilekoa zen, eta seminariora bidali zuten. Logroñon hil zen, 1879ko urtarrilaren 8an.

Frantziarren aurkako gerra hasi zenean, Esparterok seminarioa utzi zuen, armadan sartzeko. Gerra amaitu zenerako, teniente jeneral kargua lortua zuen. Itsasoz haraindiko espedizioetan parte hartu zuen, eta, beranduago, Iruñeko kuartelera bidali zuten. 1831n, Balear uharteetara joan zen, eta 1834an, Bizkaiko komandante jeneral izendatu zuten. 1836ko irailaren 16an, Iparraldeko operazioetako armada-buru, Nafarroako erregeorde, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kapitain jeneral izendatu zuten. Lehenengo esku-hartze militarra Bizkaian egin zuen, baina Egiako tropek erasoa zapuztu zuten 1836ko abenduaren 16an. Gero, hilaren 24an, karlistak menderatu zituen Bilborako sarreran, urte hartako urriaren 23tik setiatuta zegoena. Asua ibaia zeharkatu zuen gauez, eta goizeko bederatzietan hiribilduan sartu zen, Eguberri-egunean. Horrela, 43 eguneko setioari amaiera eman zion.

Lutxanako zubia mendean hartu zuen, eta hori saritzeko, Gobernuak Lutxanako Konde izendatu zuen Espartero. 1837ko apirilaren amaieran, Bilbo gotortuta utzi, eta Donostiara eraman zituen bere tropak, hiria setio karlistatik askatzeko. Maiatzaren hasieran, Muñagorrirekin jarri zen harremanetan, eta Gipuzkoako hiriburutik, Hernaniko linearen erasoa zuzendu zuen, errebeldeek hartuta zeukatena. Maiatzaren 19an, dagoeneko Hernanin zegoela, zenbait gutun idatzi zituen, matxinatuei barkamena eman eta gradu militarrak eta foruak mantenduko zituela aginduz. Bizkaiko Foru Aldundiak inprimatu zituen gutun horiek, baina Madrilgo El Eco del Comercio (maiatzak 30) egunkariak sinesgarritasuna kendu zien. Horrek polemika izugarria eragin zuen, Pedro de Lemonauria, Juan Jose de Zarrabeitia, Julian de Egaña eta foruen aurkako eta aldeko beste askoren artean. Esparterok eman zuen León Iriarte eta Pablo Barricart komandanteak fusilatzeko agindua, 1837an Iruñean matxinatu eta Nafarroako independentzia aldarrikatu izana leporatuta.

Abuztuaren 26an, Abadiñoko konferentzian, lehenengo aldiz elkarrizketatu ziren Maroto eta Espartero. Topaketa hura Bergarako Hitzarmenaren atarikoa izan zen. Hurrengo egunetan, dokumentua idatzi zuten, eta horren bidez, jeneralak hitz eman zuen "Gobernuari iradokiko ziola Gorteei foruak eman edo aldatzeko eskaera egiteko konpromisoa bete zezan" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Hitzarmen hark monarkiaren gobernu politikoaren eta politika orokorraren ateak zabaldu zizkion Esparterori. Horrez gain, ohorezko izendapen ugari jaso zituen, hala nola Garaipenaren Dukea, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputatu nagusi eta Arabako Aita.

Horren ostean, alderdi progresistaren zuzendaritza hartu zuen, eta 1840ko urriaren 12an, Maria Cristina erregeordea haren zeregina uztera behartu eta boterean jarri zen. 1841eko urriaren 2an, Euskal Herrian Esparteroren aurkako altxamendu moderatua bultzatu zuten O'Donnell militarrak Iruñean eta Piquero militarrak Gasteizen, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek lagunduta. Erregeordeak berak eman zion amaiera matxinadari, eta 1841ko urriaren 29ko foruak ezeztatzeko dekretua sinatu zuen. Dokumentu horretan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba Espainiako estatuan kontzertatu gabeko erregimena zuten gainontzeko probintziekin parekatu zituen.

1843ko ekainaren 23an, ordea, Espartero garaitua izan zen, eta 1844an, foruak partzialki berreskuratu zituzten. Ezin izan zuten inoiz ez foruak osorik berreskuratu. Espartero erbesteratu zuten; baina hamaika urte beranduago, politika-mundura bueltatu zen, O'Donnellen biurteko progresistan zehar (1854). Amadeo I.a erregea saritu egin zuen, Espainiako lurra zapaldu bezain pronto, eta Bergarako Printzearen titulua eman zion. Gorentasunezko tratua ere esleitu zion, eta Bilboko Udalak zorionak eman zizkion izendapenagatik. Politika alde batera utzi, eta Logroñora bizitzera joan zen Espartero, Maria Jacinta Martinez Sicilia bertako aberats baten alabarekin ezkondu baitzen. 1871ko irailaren 11n, Errioxako Udalak haren omenezko monumentua egitea erabaki zuen, gaur egun Logroñoko Espolon pasealekuan dagoena. Bilboko Udalak 1.500 pezeta eman zituen, bilbotar zergadunen dirutik, Euskal Foruen lehen indargabetzea sinatu zuen militarraren omenezko monumentua altxatzeko.

1879an hil zen, Espainiako Gorteek foruak behin betiko deuseztatzeko 1876ko uztailaren 21eko legea onartu eta bi urtera.